Zaindu Leitzaldea elkartea aurkeztuko dute asteazkenean Leitzako Herri Aretoan

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 10a, 10:00

Zaindu Leitzaldea elkarteko kideak.

Ekainaren 12an, asteazkenean, Zaindu Leitzaldea elkartearen aurkezpena eginen dute Leitzako Herri Aretoan, 18:30ean. Ekainaren 14an, berriz, Landa industriagunean dituzten instalazioetan ate-irekiak antolatu dituzte, 10:00etatik 13:00etara. 

Herritarren zaintza behar batzuk asetzea da Zaindu Leitzaldea proiektuaren helburua. Fundación Caja Navarra eta Fundación La Caixaren Programa Innovak bultzatuta, irabazi asmorik gabeko elkartea sortu dute. Gizartean ugaritzen ari diren premiak eta hutsuneak bete nahi dituzte eta horretarako hainbat zerbitzu eskainiko dituzte:  eguneroko otordua prestatu eta etxera eramatea; erosketak egitea; etxeko konponketa txikiak egitea; teknologia berriekin kudeatu beharreko tramiteetan laguntzea edo medikura joan-etorrietan laguntzea. Elkartea modu komunitarioan eta egitura publiko-pribatuan oinarrituta saiatuko da behar hauek asebetetzen. Proiektuaren inguruko xehetasun guztien berri emanen dute ekainaren 12ko aurkezpenean eta taldekideek ekitaldia herritar guztientzat irekia dela nabarmendu dute.

Ekainaren 14an, ostiralean, ate-irekiak eginen dituzte. Landa Industriagunean sortu duten espazioa erakutsi eta prestatzen dituzten menuak dastatzeko aukera izanen da, 10:00etatik 13:00etara.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun