ZAINDU LEITZALDEA ELKARTEA

«Zaintza arloan dauden zenbait beharrei erantzun nahi genieke»

Ttipi-Ttapa 2024ko mar. 31a, 08:30
Bernarda, Fermin, Xabi, Jasone, Maite eta Estitxu, Zaindu Leitzaldea elkarteko kideak.

Herritarren zaintza behar batzuk asetzeko, Zaindu Leitzaldea proiektua jarri dute martxan. Hainbat zerbitzu eskainiko dituzte, irabazi asmorik gabe, ugaritzen ari diren hutsuneak betetzeko.

Zaintzaren inguruko behar batzuk ikusi eta erantzun bat ematea. Ez da edonolako erronka. Atzera egin ordez, akuilutzat hartu eta aurrera egin zuten Estitxu Lertxundik eta Maite eta Xabi Barinagarrementeriak. Hala sortu dute Zaindu Leitzaldea proiektua. Martxoaren 1ean ikusi zuen argia su goxoan landu dutenak eta argi dago hau hasiera baino ez dela.

Proiektuaren abiapuntua bilatzeko ez da urrutira jo behar: «ohartu ginen inguruan jende askok bere kabuz oinarrizko behar batzuk asetzeko zailtasunak dituela.  Zaintzaren inguruko behar batzuk gero eta nabariagoak zirela ikusi genuen». Horrekin batera, zaintzaren inguruan gizartean sortzen ari zen eztabaidak ere zer pentsa eman zien.

Ideia zaparrada batetik hasi zenari forma ematen joan ziren: «lokala eskura genuen eta Cederna Garalurretik proiektua idatzi eta Innova programara aurkeztera animatu gintuzten». Deus aurkeztu baino lehen erakundeengana jotzea pentsatu zuten: «proiektuak zentzua izatekotan gizarte zerbitzuen eta Leitzako Udalaren lan ildoekin lerrokatuta egon behar zutela uste genuen. Horrela izanda, Cederna Garalur, LAGA eta Leitzako Udalaren babesarekin aurkeztu ginen Innova programara». Bertatik lortutako finantziazioa izan zen proiektuak aurrera egiteko behar izan zuen bultzada. Gerora, Jubilatuen elkarteak ere babesa eskaini dio proiektuari.

Irabazi asmorik gabe

Hasieratik argi utzi dute ez dela negozio bat: «irabazi asmorik gabeko proiektu bat da eta gure asmoa lan profesionala eta auzolana uztartzea da». Zerbitzu batzuk eta besteak bereiziko dituzte: «asmoa da, lan profesionalak zerbitzu profesional baten bidez ematea eta langileek lan baldintza duinak izatea. Hasieran hiru pertsona egonen dira profesionalki proiektuari lotuta, Esti, Maite eta Jasone, baina zerbitzuak zabaldu ahala lan poltsak osatzen joanen ginateke». 

Auzolana da proiektuaren beste ardatza eta dagoeneko jaso dute laguntza: «Bernarda eta Fermin, jubilatuak biak, bata sukaldari profesionala izandakoa da eta bestea, teknikoa eta konponketetan trebea. Hasieratik ari dira ezinbesteko laguntza ematen, bakoitza bere arloan». 

Zerbitzuak

Lehen urratsa eman dute eta «bidean ikusiz eta ikasiz» egin nahi dute aurrera.  Leitzan eta Areson hasiko dira zerbitzua ematen. Lehenengo urrats honetan, «eguneroko otordua, erosketa egin eta etxera eramatea, etxeko garbiketa eta konponketa txikiak eta zaintza zerbitzuak» eskainiko ditu Zaindu Leitzaldeak. Aurrerantzean zein bide landu erabakitzerakoan, Leitzan zaintzaren inguruan egiten ari diren parte-hartze prozesua funtsezkoa izanen da, «saiatuko gara proiektua hor ateratzen diren beharrekin lerrokatzen».

«Elkarlana sustatuko duen sarea osatzea da helburua»

Zerbitzuak erabili nahi dituenak elkarteko bazkide izan beharko du, «euro bat ordaindu beharko da aurten, sinbolikoa, eta horrek ez du derrigortuko inor zerbitzuak erabiltzera. Bakoitzak libreki erabakiko du zer eta noiz nahi duen eta erabilitako zerbitzuaren arabera ordainduko du». 

Elkartea mundu guztiari irekita dagoela ere azaldu dute: «ez da adinekoei bakarrik zuzendutako zerbait. Edozein etor daiteke». Proiektuari buruz gehiago jakin nahi duena Ariztela denda zegoen eraikinera joan daiteke, «sukalderaino sartzeko gonbidapena egiten diegu herritar guztiei».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun