Hamargarren edizioa izanen da aurtengoa, eta berrikuntza garrantzitsua dakar berekin: «bi federazioek bat egin dute eta Euskal Herriko ultra txapelketa izanen da». EH Mendi Erronkaren aldarrikapenetako bat zen hori, baina ez bakarra: «Etiketa Berdea egitasmoarekin bat egin dugu eta elkarbizitzan, berdintasunean eta jasangarritasunean oinarritzen den lasterketa da».
Erronka izena eman zioten lasterketari eta antolatzaileek ere izan dute urte hauetan guztietan beraien erronka: emakumeen parte hartzea sustatzea. «Hasierako urteetan ikusten genuen emakumeen parte hartzea oso baxua zela, ehuneko zazpi ingurukoa. Errelebotako aukera ematea erabaki genuen duela lau edizio eta orain bi lasterketen artean parte hartzaileen ehuneko hogei da emakumezkoa. Oso pozgarria da hori guretzat». Gainera, ibilbidea erreleboka osatzeko aukera: «poliki hasi eta luzerako saltoa egiteko bidea ere izan da askorentzat». Datuak dira horren adierazle, «Proba luzean, gehiengoa (202 lasterkari) 35 eta 44 urte artekoak dira. Erreleboka, 25 eta 34 urte arteko taldea da zabalena (56 pertsona)».
«Erreleboetako aukera ematen dugunetik, nabarmen igo da emakume kopurua»
Junkal OTXOTORENA SAGASTIBELTZA
Lasterkariek soilik ez, ikusleek ere badute gozatzeko aukera: «inguruko jende asko mugitzen du. Gaintza, Putzuzar, Lekunberrira... joan zaitezke lasterkariak ikustera, berarekin batera bidea osa dezakezu eta hori polita da». Gainera, Mendialdeko ordezkariak ere asko izanen dira: «lasterkari ezagunek, garrantzia dute, hor dagoelako lehia, baina niretzako lasterketa hau herrikoia da. Mendialdeko 65 herritarrek parte hartuko dute eta oso polita da inguruko jendea lasterka ikustea». Antolatzaile bezela aitortu du, «gustatuko litzaidake lehenengotik azkenekora arte hortxe egotea eskertza hori ematen. Lehenengoa bezain garrantzitsua da azkenekoa. Hamahiru orduz, mendian korrika egon den pertsonak meritu izugarria dauka». Ez da kasualitatea eszenatokiaren kokalekua: «sari banaketa zortzietan hasten da, baina bederatzietarako tarte horretan lasterkari asko sartzen dira helmugan. Argi dugu, denek jaso behar dutela bere esfortzuaren saria eta aitortza».
Antolakuntzako kideei, lasterkariei bezalaxe, helmugako marra zapaltzean ahazten zaizkie bideko oztopo, lokatz eta miseriak eta lasterkariak bezalaxe heldu den urtekoari begira jartzen dira: lana da, baina gustura egiten dugu». Horixe da EH Mendi Erronkaren magia: urtetik urtera hobetzeko nahia izatea.