Lasterketa herriko plazan hasi eta bukatuko da, Araitz-Betelu, Larraun eta Lekunberritik pasatu ondoren. 08:00etan hasiko da, baina hori baino lehen dortsalak banatuko dituzte: ostiralean, maiatzaren 31n, 17:30etik 20:00etara eta lasterketa egunean, 06:00etatik 07:30era. 07:30etik 07:55era korralitoa izanen da eta 07:45ean omenaldia.
Irene Sarrionandia Unzueta zornotzarra izanen da aurtengo omendua, Euskal Herriko mendi lasterkari maiteenetakoa eta beteranoenetakoa. Bere balioek Euskal Herria Mendi Erronkaren izaerarekin eta balioekin bat egiten dutela azpimarratu dute antolatzaileek: «eredugarria da emakume honek inor aurretik ibili gabeko eremuetan aurrera egiteko erakutsi duen irmotasuna eta gogoa». Bide-urratzaile izan zen mendi lasterketen hastapenetan eta, 75 urterekin, edizio honetan ere parte hartzekoa da, erreleboka.
Edizioak bi modalitate izanen ditu: batetik, 67 kilometroko lasterketa eta bestetik, errelebo lasterketa. Kasu horretan, lehenbiziko lasterkariak Leitzatik Putzuzarreraino egin beharko du (32,8 km eta 4.700 metroko desnibela), eta bigarrenak Putzuzarretik Leitzarainoko zatia (34,2 km eta 2.194 metroko desnibela). Ibilbideko punturik altuena Irumugarrieta izanen da (1.431 m). Aipatzeko beste datu bat: lasterketa osoan 400 boluntariotik gora ariko dira lanean.
Lasterketa ikusteko lekuak
Lasterketa ikusi nahi duenak hainbat aukera izanen ditu. Leitzan irteeran eta helmugan; Gorritin (aurrenekoa 08:45 aldera espero dute); Arriben (09:15), Gaintzan (09:30), Albin (11:00), Putzuzarren (11:30), Lekunberrin (12:30) edota Berueten, Iontzan (13:45). Dena den, Gaintzara baimendutako kotxeak bakarrik joan daitezke eta argitu dute, taxiak jarriko dituztela Arriben Gaintzara joateko.
Lasterketa online ikusi
Aurten, aurrenekoz, lasterketako hiru momentu garrantzitsu zuzenean internet bidez ikusteko aukera eskainiko dute. Irteera eta omenaldia, lasterkarien iritsiera eta sari banaketa. (Atal bakoitzaren gainean klik eginda dituzue loturak).