2018an egin zuen profesionaletarako jauzia Euskaltel taldearekin eta elastiko laranja izan du soinean ibilbide osoan. Larunbatean ere kolore laranja izan zen nagusi plaza inguruan; hurbilekoak kamiseta laranjak jantzita eta bengala laranjak eskuetan zituztela egin zioten ongietorria. Peritzako estratan gora, alfonbra laranja luzean barna, egin zuen plazarako bidea Azurmendik. Bertan, agurra dantzatu zioten Maider Azurmendi arrebak eta Olatz Mitxelena lehengusinak, besarkada estua eman zion Maite Iturrarte zaleak, txapela jantzi zioten gurasoek eta lore-sorta eta garaikurra jaso zituen kuadrillakoen partetik. Hunkituta eskerrak eman zizkien denei.