ibai azurmendi sagastibeltza

«Bukaera hau izanen nuela jakinda ere, ez nukeen ezer aldatuko»

Ttipi-Ttapa 2024ko mai. 26a, 08:00

2018az geroztik aritu da profesionaletan Azurmendi. Argazkia: E.Iraola

Osasun arrazoiak tarteko txirrindularitza profesionala utzi behar izan du 27 urteko leitzarrak. Bere ibilbidearen errepasoa egin eta etorkizuneko erronkei buruz aritu da solasean TTIPI-TTAPArekin.

Zaleak ezustean harrapatu ditu berriak, baina hilabete izan du Azurmendik albistea nola eman erabakitzeko: «medikuen gomendioak jarraituz, nire ibilbide profesionalari bukaera emateko momentua ailegatu da». Ez dira momentu errazak izan, baina bere kirol ibilbidean egin duen bezalaxe baikortasunik ez zaio falta: «nire ametsa bizitzeko pribilegioa izan dut eta eduki ditudan aukera guztietan pentsatzen dut eta ez galtzen ditudanetan».

Hilabete pasa da erretiroaren berria eman zenuenetik. Zer moduz zaude?

Pixkanaka egoera berrira ohitzen ari naiz. Egunerokoan ere aldaketa ikaragarria da, kostatzen ari zait txirrindulari batek bezala ez pentsatu edo bizitzea. Oso errutina zehatzak mantendu ditut urtetan eta oso zorrotza izan naiz. Maila emozionalean lasaiago nago. Galiziako itzulian ondoezik sentitu eta mediku batetik bestera ibili naiz, azterketa pila bat egin dizkidate. Ez dira momentu errazak izan. Azterketak egiten ari nintzenean nire kezka zen ezer argirik ez topatzea eta erabakia nire esku gelditzea. Medikuek argi ikusi dute eta haien gomendioak segiz hartu dut erabakia. Horrek zertxobait erraztu du bidea. 

Gogoan duzu bizikleta gainera igo zinen aurreneko eguna?

Anaiaren lasterketa bat ikustera joan nintzen eta berari kendu nion bizikleta. Ez nintzen ongi ailegatzen. Aitak laguntzen zidan bizikleta gainera igotzen. Denbora gehiago pasatzen nuen lurrean, bizikleta gainean baino! Ez zegoen nire neurriko bizikletarik eta aitak mirariak egin zituen tailerrean bizikletaren bat nire neurrira egokitzeko. Akordatzen naiz irteerako puntuan denak normal egoten zirela bizikleta gainean, hankak lurrean zituztela. Niri aitak heldu behar izaten zidan ni ez nintzelako ailegatzen lurrera. Baina hala ere, hortxe segi nahi nuen. Bizikleta gainera igo banintzen igo... gaur arte ez naiz jaitsi. 

2014an Jorge Azanza ezagutu zenuen.

Gure bideak 2014an gurutzatu ziren. Geroztik, aita baten parekoa izan da niretzat. Gidari izan dut, kategoria guztietatik pasa eta goraino ailegatu arte. Munduko itzulirik hoberenetara eraman nau eta itzuli horietan ere elkarrekin egon gara lanean. Azken egunera arte, Galizian ospitalean nirekin gelditu zen. Hasi eta bukatu berarekin egin dut nire ibilbidea.

Euskaltel taldean egin duzu ibilbide guztia. 

Bai, hala da eta berezia da hori. Egia esan, orain gehiago baloratzen dut. Momentuan helburuei begira zaude eta ez duzu gehiegi pentsatzen. Nola hobetu duzu burutan eta etorkizunari begira zaude. Baina ederra da ikustea talde honetan pasa ditudala kategoria guztiak eta mota guztietako probetan parte hartu dudala. Herri txiki batean antolatzen duten proba batetik hasi eta Mundial batean edo Espainiako Itzulian parte hartu arte, elastiko laranja izan dut beti soinean.

Kirol gogorra da txirrindularitza. Jasotako presioa handia izan da?

Taldearen partetik baino gehiago, neure buruari jarritako presioak eman dizkit lanak. Kontziente nintzen urrezko aukera bat nuela eta aprobetxatu egin nahi nuen. Hasiera nahiko gogorra izan zen. Profesionaletan hasi eta kolpean Mundialean lehiatzen ari nintzen. Egin nituen ideia batzuk ez zirenak eta karrera bakoitzean geroz eta kolpe handiagoa hartzen nuen. Halakoetan esaten diozu zeure buruari, geroz eta lan gehiago egiten dut, geroz eta gehiago estutzen dut neure burua eta ez dut errenditzen. Lur jota iristen nintzen, psikologikoki nekatuta. Horregatik uste dut alderdi psikologikoan asko dagoela lantzeko. Denborarekin ikasi dut helmugan baino gehiago gozatzen dela prozesuan. Garrantzitsua dela egunerokoa gozatzea, ez dakizulako noiz izanen den bukaera. Inportantea da ez itsutzea. Landu behar den zerbait da eta uste dut gazteak oso galduta dabiltzala. Helburuak lortu nahi dituzte, pausoka joan beharrean golpetik lau pauso emanaz.  

Zuk egin duzu lanketa hori.

Zortzi urte daramatzat psikologo batekin lanean eta nire aldetik ere asko landu dut. Ikusi dut askotan forma fisiko txarragoan joan eta buruz ongi egonda, gehiago errenditu dudala aldrebes baino. Eta hori latza da.

«Kirol psikologiaren mundua asko gustatzen zait»

Zure ibilbidean momentu gozoak eta gaziak izan dituzu.

Gorabehera asko izan ditut. Bizikleta gainean askoz momentu txar gehiago izan ditut onak baino, baina momentu txar horietatik ikasten saiatu naiz beti. Zekienari galdetzen, aukerak aprobetxatzen… eta urtez urte, momentu on gehiagoren bila joaten. Ez naiz gelditu eta aurrera egin dut beti. Txirrindularitzan, bizitzan bezalaxe, funtsezkoa da kolpeak jaso eta horiek onartzen jakitea. Gainera, kolpe bakoitzarekin lehen baloratzen ez nituen gauzei balio bikoitza ematen ikasi dut eta gauza txikiekin gozatzen. Seguru nago pasatako momentu txar horiek guztiak pasa izan ez banitu, oraintxe gertatu zaidanarekin, lur jota egonen nintzatekeela. Eta ez da hala, baditut aurrera egiteko bitartekoak eta ikusten dut bizitzak beste aukera bat eman didala. Nire ametsa bizitzeko pribilegioa izan dut eta eduki ditudan aukera guztietan pentsatzen dut eta ez galtzen ditudanetan. Bukaera hau izanen nuela jakinda ere, ez nukeen ezer aldatuko.

«Asko beteko ninduke besteei laguntzen saiatzeak» 

Esan izan duzu ilusioa ezinbestekoa dela txirrindularitzan.

Lasterketa bat erronka psikologiko gogor bat da eta ilusioa galdu eta lasterketara lanera joaten zarenean, ahaztu txirrindularitzaz. Ilusioa oinarrizkoa da aurrera egiteko. Nik eduki dudan urterik hoberena nire ibilbideko lehenbizikoa izan zen. Errebotez sartu nintzen taldean, batek ezetz esan zuelako eta Azanzak nire aldeko apustua egin zuelako. Gogoan dut Mallorkara lehenbiziko lasterketan parte hartzera joan nintzela. Lasterketak 190 kilometro zituen eta zazpi mendate igo behar genituen. 170 txirrindulari atera ginen, munduko hoberenak han ziren. Esaten zidaten taldekideek, ea lehenbiziko mendatea igotzen duzun eta gero talde bat topatzen duzun aurrera egiteko eta helmugara iristen bazara sekulako lorpena izanen da. Atera nintzen bere ametsaz gozatzen ari zen ume bat bezalaxe eta hamaseigarren egin nuen helmugan. Hori izugarria izan zen eta sekretua ilusioa izan zen. 

Zer eman dizu txirrindularitzak?

Balio asko. Egin ditudan lagunak, ezagutu dudan jendea, tokiak, esperientziak… ate pila bat irekitzen dizkizu eta ikusten dut aukera asko ditudala. Orain ikusi beharko dut zein bide aukeratu. Jende askorekin konektatu dut, azken asteetan jaso dudan babesa da horren erakusle eta, agian, zerbait ongi egin dudala ere esan nahiko du.

Eskerrak jende askori eman dizkiozu agurreko gutunean…

Bide guzti honetan izan dudan laguntzarik gabe ez nintzatekeen iritsi naizen tokira iritsiko. Familiakoen eta gertukoen babesa funtsezkoa izan da. Azanzak nire aldeko apustua egin zuen eta orain medikuak eta psikologoak eman didaten laguntza ezinbestekoak izan dira.

Baduzu zure ibilbidean nabarmendu nahiko zenukeen momenturen bat? 

Hiru esanen nizkizuke: Itzulia Leitzatik atera zen momentua, Espainiako Itzulian Bilboko etapako ihesaldia eta Mundialean parte hartu nuenekoa.

Eta orain zer?

Proiektu batzuk baditut burutan, baina denbora pixka bat hartu nahi dut hotzean pentsatzeko. Txirrindularitzari lotuta segi nahiko nuke, bizitza osoa eman dudalako horretan. Gainera, uste dut oraindik ere arlo horretan zerbait eman dezakedala. Kirol psikologiaren mundu hori asko gustatzen zait eta ez dut baztertzen gehiago ikasi eta jendeari laguntzen saiatzea. Uste dut asko beteko nindukeela besteei laguntzeak. Ni galdu nintzen bidean ez galtzen uzteko laguntza emateak. Leitzako txirrindulari taldean ere lagundu nahiko nuke, nolabait saiatuko naiz nik dakidana besteei erakusten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun