Noiz eta nola hasi zinen artzaintzan?
Baserrian jaioa naiz, baina gure etxean ez zegoen ardirik. Leitzara etorri nintzenean, hemen bazeuden behiak eta ardiak. Begiratuz, nire kasa ikasi nuen. Beharrarekin ikasten da; bizitza honetan ez dago lezio hoberik. Gogoratzen naiz ardiak erditzen hasi eta arazoren bat baldin bazen, batzuetan gizonezkoek ezin izaten zutela askorik egin. Esku handiegiak zituzten. Nik ez nuen ideiarik, baina ez nintzen atzean gelditzen. Eskua sartu eta arituz, ikasten joan nintzen. Azkenean, nik lortzen ez banuen, albaitariak ere ezin izaten zuen eta zesarean bukatzen zuten kasuak izaten ziren. Gogoan dut etxeko amonak nola esaten zidan: «ez zaitez jaitsi ukuilura, jaisten bazara akabo...», baina gustatu egiten zitzaidan.
«Beharrarekin ikasten da, bizitzan ez dago lezio hoberik»
Baserriaren aldeko apustua egin zenuten orduan.
Hona etorri nintzenean, ardiak, txerriak eta behiak zituzten. Zirt edo zart egin behar izan genuen momentu bat iritsi zen. Ustiategiak jarri ziren moduan, hemen zegoen ganaduarekin bakarrik ezin zitekeen aurrera segi. Erritmo horretan lan egin ahal izateko, geroz eta azienda gehiago jarri beharra zenuen. Bi aukera genituen edo lanera kanpora joaten ginen edo aldaketa egiten genuen. Baserriaren aldeko apustua egitea erabaki genuen. Hutsetik hasi ginen.
«Baserriaren aldeko apustua egitea erabaki genuen»
Ez zen nolanahiko apustua izan.
Dena bete genuen behiez, hogeita zortzi kabitzen ziren ukuiluan eta haiekin hasi ginen kalitatezko behiak jarri eta genetikoki hobetzen. Hasierako zorrei buelta ematea lortu genuenean, ardientzako aurrerapena jarri eta haztegia egin genuen. Urte gogorrak izan ziren. Sei ordu lo eginez, eta lana eta lana eta lana… bururik goratu gabe aritzen ginen. Jai eta aste, urteko 365 egunetan. Zulotik ateratzea asko kosta zitzaigun baina gu oso burugogorrak ginen. Urteak eman genituen horrela, baina momentu batean lasaiago ibiltzea erabaki, ukuilua hustu eta behiak kenduta, artzaintzara mugatzea erabaki genuen. Geroztik, bizi kalitatea asko aldatu zaigu. Hala ere, artzaina baino gehiago, baserritarra sentitzen naiz ni. Denetarik egin izan dudalako, ez artzaintza bakarrik. Ardi eta behiak zaindu, haurrak hazi eta hezi, etxeko martxa eraman, adinekoak zaindu... Artzaintzan bakarrik aritzen diren emakumeak gutxi dira.
Lan egiteko modua egokitzen joan zarete?
Denborarekin ikasten joan gara. Garai batean Eguberrietan umatzen ziren intseminazio bidez. Orain abenduan beharrean, urtarril bukaeran umatzen direla jarri ditugu. Horrela hasten gara jezten otsail bukaeran edo martxoan eta larreen aprobetxamendua egiten dugu. Kanpoan jaten dute, ez da neguan bezala. Neguan erabat intentsiboa da. Estentsibora jo dugu, garai batekora. Abuztutik aurrera ez dugu jezten lanik eta beste lan batzuetan aritzen gara. Lasaiago ibiltzen gara horrela.
Ardi-esnea eta axuriak saltzen dituzue?
Esnea kanpoko enpresa bati saltzen diogu eta Erronkari eta Idiazabal izendapena duten gaztak egiteko erabiltzen dute. Axuriak, berriz, tratanteari ematen dizkiogu. Horrek badu bere alde txarra: beraien eskuetan gaude. Produktua gurea da, baina prezioa enpresak erabakitzen du. Argi dago enpresak etekinak dituela burutan. Baserritarrengan ez du inork pentsatzen. Gainera, badakigu kanpotik ekartzen dutela hemengoa baino askoz merkeago. Orain dela 35 urte garestiago saltzen genuen guk axuria, orain saltzen duguna baino. Gainera, axuria jateko ohitura ere asko aldatu da. Garai batean ospakizuna axuria jatearekin lotzen zen. Orain Gabonetan mantendu da gehiena, baina orduan bazkak eta pentsuak daukan prezioarekin zure axuriaren prezioa ere murriztua gelditzen da.
«Orain dela 35 urte gehiago ordaintzen ziguten axuria»
Baserritarrak protestan ikusi ditugu azken aldian...
Badago horretarako nahikoa motibo. Gure ogibidea, gure bizitzen oinarria, baserria da eta erabakiak hartzen dituztenak ez dira horretaz ohartzen. Makro etxaldeak egin dituzte eta arrain handiak txikia jan du. Nekazaritza politikak ere ez dira bertakora egokitu: kanpoko ereduak jarri nahi izan dira askotan, bertako ezaugarriak kontuan hartu gabe. Pentsu eta bazkaren prezioa burtsako indizeen arabera erabakitzen dute. Ez da bidezkoa prezioa gora eta behera ibiltzea, beraien interesen arabera. Merkatua ere gaizki araututa dago. Tren azkar batean sartu eta denok han goaz pentsatu ere egin gabe. Jendea supermerkatura doa, karroa bete eta ez du produktua nondik datorren begiratzen. Horrek kalte handia egin digu hemengo ekoizleei. Tristea da hegazkina hartzea merkeago ateratzen dela jatea baino. Orduan jendeak zer egiten du hegazkina hartu bidaiatzeko, baina gaizki jan. Hori gogorra da.
Paper artean ere ordu dezente eman behar izaten dituzue?
Paper kontuetan denbora pila bat pasatzen dugu. Onartu ezin diren baldintzak exijitzen dizkigute. Martxa honetan segitzen badugu, aurki abokatuak izan beharko dugu. Teknologia aldetik ere ezagutza ikaragarriak izatea eskatzen digute eta ni teknologiarekin ez, naturarekin konektatuta nago.
Dirulaguntzena gai korapilatsua da?
Tarta txikia da eta jale asko dago. Nekazaritza Politika Bateratuko dirulaguntzekin gertatzen dena ez zait bidezkoa iruditzen. Dirulaguntza horiek jasotzeko orduan, nork izan beharko luke lehentasuna? Nik argi ikusten dut, hortik bizi denak. Nire ustez hoberena, dirulaguntza guztiak kendu eta prezio duinak ematea da. Ezin dira zuloak dirulaguntzekin tapatu.
Nola ikusten duzu etorkizuna?
Baikorra izan nahiko nuke, baina errealista naiz. Gure etxetik hasita. Senarrak 68 urte ditu, nik 65 eta atzetik ez dator inor, biloba bat ez bada behintzat. Baserri batetik bizitzeko, hutsetik hasi behar badu gazte batek, ezinezkoa da. Bizi kalitatea izateko, pertsona bakarrak ez, gutxienez bi edo hiruk hartu beharko lukete: oporrak eta asteburuak libratu nahi badituzte. Ez dakit gaur egun gazte jendea prest dagoen hainbeste sufritzeko.
«Sentitu izan dut korrontearen kontra ibili naizela»
Genero ikuspegitik ere badago zer egina?
Baserria oso patriarkala izan da beti. Pauso asko eman dira, baina asko egin behar da oraindik. Denok parean egon behar dugula uste dut: ez gorago, ez gutxiago, ez aurrerago edo atzerago. Gure amek oso barneratua zuten bigarren mailan egote hori. Errebelde xamarra izan naiz ni kontu horrekin umetatik eta sentitu izan dut korrontearen kontra ibili naizela. Behi eta ardiekin lanean hasi ginenean, hor egon naiz hasieratik. Bileretan, tratanteekin hartu-emanean... gauza guztietan ikusten zuten hor nintzela eta ez dakit hala ohitu zirelako den, baina egunerokoan ez naiz lekuz kanpo sentitu inoiz. Pare bat kasu izan ditut gogor xamar, biak diputazioan.
Omenaldia jasoko duzu maiatzaren 19an...
Oso ideia polita iruditu zait. Hala ere, uste dut, omenaldi hau gure amek behar zutela guk baino gehiago. Urtetan egon ziren itzalean lanean eta bada garaia egindakoa aitortzeko. Ea agerian gelditzen den emakumeak zeinen garrantzitsuak izan garen mundu honetan.