Emakume Artzainen Eguna ospatuko dute igandean Leitzan

Ttipi-Ttapa 2024ko mai. 17a, 10:30

Iazko Emakume Artzainen Eguneko irudia

Emakume artzain eta gaztagileen lana ikusarazi, aitortu eta proiektatzea da helburua. Horregatik, ekitaldi nagusia, 13:00etan plazan, Leitzako 40 emakume artzainei eginen dieten omenaldia izanen da. Habelarte Mendialdeko baserritarren elkarteak, Leitzako Udalak eta Plazaola Partzuergo turistikoak antolatu dute ekimena eta goizean hasi eta eguerdira arte artzaintza eta gaztagintzarekin lotutako hainbat ekitaldi prestatu dituzte. Goizean, 11:00etan hasiko dira eta Mendialdeko gazten azoka, dastaketa eta gaztak eta tripotxak nola egiten diren ikusteko aukera izanen da, baita burruntzian erretako axuria jatekoa ere. 

Emakume artzain eta gaztagileek baserrian, etxeko eta lurraldeko ekonomian, artzaintza-kulturan eta bertako paisaia natural eta kulturalean duten garrantzia goraipatu nahi dute. Horregatik, plazara ekarriko dituzte artzaintzarekin lotutako hainbat jarduera.

Eguna hasteko, Idiazabal gazta dastatzen ikasteko aukera izanen da, Malen Sarasua Leartiker elikagaien ikerketa zentroko teknikariaren eskutik. Dastatzea euskaraz izanen da, Leitzako Udaletxeko karrapean, eta aldez aurretik izena eman beharko da 639 418 463 telefonora deituta (5  euro ordaindu behar dira pertsonako). Ordainketa egun berean egin ahal izanen da eta pertsona kopuru mugatua dago.

Gazta izanen da, zalantzarik gabe, eguneko beste protagonista nagusia. Plazaolako gaztagileek euren postuak jarriko dituzte denboraldi berriko gaztak saltzeko. Bertan salduko dira Gorritz (Leitza), Bikain (Etxarri-Larraun) eta Antsonea (Uztegi-Araitz) baserrietan egindako gaztak (hainbat eratako gaztak: ketua, naturala, gaztarra...). Horiei Goldaratz-Imotzen (Ekollaondo) egindako ahuntz gaztak gehitu behar zaizkie..

Bestalde, Leitzako plazan bertan, 11:00etatik 13:00etara, Idiazabal gazta nola egiten den erakutsiko dute baita tripotxak ere. Plazako beste txoko batean axuriak burruntziak erreko dituzte eta 12:00etik aurrera pintxotan zerbitzatuko dituzte.

Leitzako Emakume artzainei omenaldia

Eguneko momenturik hunkigarriena 13:00etatik aurrera izanen da. Leitzako emakume artzain eta gaztagileei omenaldia eginen diete eta aitortza. Aurreko edizioetan omendutako emakumeek, Larraun-Lekunberri eta Araitz-Beteluko artzainek emanen diete lekukoa leitzarrei lekukoa eta artzain bakoitzari opari txiki bat bana emanen diete. Musika eta bertsoak ez dira faltako eta  garaiko gazta berriaren mozketa tradizionala ere eginen dute. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun