Euskal Herriko Bollo topaketak eginen dituzte Leitzan apirilaren 26tik 28ra

Ttipi-Ttapa 2024ko api. 9a, 08:00
Topaketak antolatzeko lanetan dabilen taldea.

Apirileko azken asteburuan, Euskal Herri osotik etorritako bollera eta genero disidenteen topalekua izanen da herria. Egunerokoan bizi dituzten galdera, kezka eta ilusioetatik abiatuta, gogoetarako bidea ireki eta elkarrekin hausnarrean arituko dira. Horretarako, egitarau anitza osatu dute eta festarako ere hartuko dute tartea. 300-500 lagun biltzea espero dute eta antolakuntza lanak errazteko apirilaren 12a baino lehen izena emateko eskatu dute.

Topaketa hauen sorburura jotzeko, berrogei urte egin behar dira atzera: 1983an egin zituzten Euskadiko Lesbianen lehenbiziko topaketak. Gerora, borrokak bere bide propioa egin duela nabarmendu dute antolatzaileek: «lorpenekin, testuinguruko aldaketekin, bolleraren subjektuaren berrikusketekin», baina oraindik bada zer landu eta hobetu: «jasaten ditugun zapalkuntzen aurkako borrokek beharrezkoak izaten segitzen dute». Testuinguru horretan, iaz Orion lehenbiziko bilera egin zuten, azaroan Gasteizen aurretopaketak eta hari horri eutsi eta tiraka, heldu dira apirilean Leitzan eginen dituzten topaketetara. 

Bidean ikusi dute bollera eta nortasun disidenteek ezinbesteko beharrak dituztela: «barne-kanpo berrikusketarako, saretzeko, behar eta kezkak erdigunean jartzeko, aliantzak sortzeko, erronka eta generazio berriei ateak irekitzeko...». Topaketetan horretarako aukera izanen dute: «baita borrokan eta mugimenduan segitzen dugula berresteko ere».

Euskal Herri osoko 300-500 lagun inguru biltzea aurreikusi dute: «toki eta belaunaldi desberdinetako jendearengana heltzeko ahalegina egiten ari gara». Egitarau anitza osatu dute: «bertso saioa, tailerrak, hitzaldiak, karaokea, proiekzioak, performantzeak, arte sorkuntzak… izanen ditugu».

Hitzaldi nagusia subjektuari buruzkoa izanen da: «hainbat hizlari egonen dira, bollera subjektuaz hausnarrean, orain arte egindako bidea aitortu eta bollera identitateak gaur egun barnebiltzen duenaz aritzeko». Jai giroari ere tartea eskainiko diote: «testuinguru cisheterozentratu batean festarako ez ditugulako nahi beste espazio seguru». Antolakuntza lanak errazteko apirilaren 12a baino lehen izena emateko eskatu dute. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun