Mendialdea elikadura

[GUTUNA]: 140 eragilek Elikadura burujabetzan oinarritutako politikak eskatu dizkiote Nafarroako Gobernuari

Ttipi-Ttapa 2024ko ots. 13a, 10:30

Nafarroako elikadura burujabetzaren aldeko mugimenduaren izenean, Gotzone Sestorainek idatzi hau bidali du TTIPI-TTAPAra. «Nekazaritza sektorea, bereziki ttikiena eta iraunkorrena, desagertzeko bide kezkagarrien dagoela eta», Nafarroako hainbat eragilek sinatu duten manifestua hartu du hizpide. Elikadura burujabetzaren aldeko manifestua da.

Kontuan hartuta Nafarroan nekazaritza sektorea –bereziki ttikiena eta iraunkorrena– desagertzeko bide kezkagarrian dagoela, gero eta esku gutxiagotan kontzentratzen ari dela, errentagarritasuna falta dutela eta nekazaritza eta abeltzaintza intentsiboa areagotzen ari direla, Nafarroako ekoizleen hainbat elkartek, hala nola, Belardi, Habelarte, Plazara!, Etxalde, Bizilur Nafarroa, Hazialdeko edo Ekoalde, ELA edo LAB sindikatuek, Landare bezalako kontsumitzaile elkarteek, ingurumen erakundeek, ekologistek, lurraldearen aldekoek, hainbat udal eta kontzejuk Nafarroan elikadura burujabetzaren aldeko manifestua sinatu dute.

Horrela, mobilizazio testuinguru honetan, Elikadura burujabetzaren aldeko mugimenduaren ordezkari den batzorde bat Landa Garapen eta Ingurumeneko kontseilari Jose Mari Aierdirekin bildu da, manifestua emateko eta aldarrikapen nagusiak azaltzeko.

Manifestuaren helburua Nafarroan nekazaritzaren eta abeltzaintzaren desintentsifikazioa sustatzeko proposamenak egitea da. Horretarako, eskala ttiki-ertaineko eredu jasangarri, dibertsifikatu eta agroekologiko baterako trantsizioa sustatzea planteatu da, lehentasunez tokiko merkaturatze eta kontsumora bideratua, ekoizleentzako eta kontsumitzaileentzako bidezko prezioak izanen dituena; kutsadura eta plagizidak murriztu eta larrialdi klimatikoari aurre egiten lagunduko duena; ekoizle ttikiei lagunduko diena; burokrazia arinduko duena eta familiako nekazaritza sektorearen eta landa munduaren desagerpena geldiaraziko duena.

Manifestuan jasotako egungo elikadura sistema eraldatzeko 60 proposamen/aldarrikapen baino gehiagoren artean, honako hauek dira nabarmenenak:

  • Abeltzaintza industrialari berehala moratoria bat ezartzea: ez ustiategi berririk, ez egun daudenak handitzerik, eta abeltzaintza ekoizpen intentsiboa pixkanaka murriztea, 2030ean egungoa baino % 50 ttikiagoa izatera ailegatu arte.
  • Hemendik 2030era bitartean, pestiziden, ongarri kimikoen eta antibiotikoen erabilera % 50 murriztea, Europako Etxaldetik Mahaira Estrategiak ezartzen duena betez, eta pixkanaka ekoizpen ekologikora aldatzea lurraren % 25era ailegatu arte, betiere eskala ttikiko ekoizpenak eta Nafarroako biztanleen kontsumorako direnak lehenetsiz.
  • Aholkularitza, prestakuntza, akonpainamendua eta laguntza, ustiategi industrialak desintentsifkatzeko, betiere nekazaritza eta abeltzaintza agroekologiko baterantz trantsizioa eginez, eta hau lagunduko duen aurrekontu eraginkor bat finkatzea, NPBko dirulaguntzak helburu horrekin
    berrantolatuz.
  • Ur aztarna ttikia duten nekazaritza  eta abeltzaintza ereduak babestea eta sustatzea, hala nola, lehorreko eredu tradizionalak edo abeltzaintza estentsiboa, ureztatze irrazionala geldiaraziz.
  • Higiene eta osasun araudia eskala ttikiko ekoizpenetara egokitzea.
  • Tokiko ekoizpenen erosketa publikoa (eskolak, ospitaleak…), batez ere ttikiak, familiarrak, irizpide ekologiko eta sozialen arabera egina.

Manifestua hiru urteko parte hartze prozesu bateratu eta eraikitzaile baten emaitza da, eta nekazaritza eta elikadura politiken funtsezko proposamenak biltzen ditu, bereziki administrazio publikoei zuzenduak, bai Nafarroa mailan, bai maila lokalean. Abiapuntua Elikadura burujabetzaren Erradiografia bat egitea izan zen. Erradiografia horretan, beste adierazle batzuen artean, Nafarroako baliabide naturalen (adibidez, lurzorua), laboreen, abeltzaintzaren edo ekoizleen desagerpenaren bilakaera edo galera aztertu zen.

Errentagarritasun faltak nekazaritzaren sektorean mobilizazio handiak eragin ditu, eta, horien aurrean, aspalditik ari gara salatzen herrialde guztietan gertatzen ari dena: egoera hori azken hamarkadetan mundu osoan aplikatutako politika neoliberalen, merkataritza askearen eta globalizazio ekonomikoaren ondorio dela. Horietan dago gakoa eta erantzukizuna, horiek dira tokiko biztanleentzako elikagaiak ekoizteari utzi eta agronegozioak kontrolatutako merkatu global espekulatibora bideratutako salgaiak ekoiztearen erantzuleak; horien ondorioz, nekazariak mundu osoan etengabe desagertzen ari dira, eta bizitza (eta lurrari lotutako nekazaritza) ahalbidetzen duten baliabide naturalak suntsitzen ari dira, hemen zein planeta osoan.

Orain, inoiz baino gehiago, beharrezkoa da nekazaritza eta elikadura politiken norabidea aldatzea eta elikadura burujabetzan oinarritutako eredu baten aldeko apustua egitea eta tokiko nekazaritza eta elikadura sistema justuak eta iraunkorrak sortzen indarra jartzea, egun bizi dugun nekazaritza, landa eremu, gizarte, ingurumen eta larrialdi krisiari aurre eginen diona eta bizitza erdigunean jarriko duena. Politika hauek norabide bereko merkataritza politikez lagunduak izan behar dute, merkataritza askeko negoziazio denak geldituz (Mercosur, Zeelanda Berriarekin ituna, eta abar) eta merkatuak erregulatuz, nekazariek ekoizpen prezio justuak izan ditzaten eta ekoizpen kostuen azpitik saltzea debeka dezaten.

Orain, inoiz baino gehiago, beharrezkoa da landa eremua eta hiriaren arteko aliantzak eraikitzea, lehen sektorea eta kontsumitzaileen artean eta oro har gizarte osoaren artean, hain beharrezkoa dugun trantsizio agroekologikoa egiteko. Izan ere, elikaduraz hitz egiten ari gara eta honek herritar guztiak interpelatzen gaitu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun