Nola aurkeztuko zenuke zeure burua?
23 urteko gazte bat naiz. Denetarik egitea gustatzen zait, baina batez ere mendira joatea, zinema eta parranda ditut gustuko.
Mendia aipatu duzu. Zein duzu gustukoena?
Ulizar da nire mendirik gustukoena. Etxetik bertan dagoelako eta bista politak dauzkalako.
Inauterizalea zara?
Ez bereziki, baina Areso eta Leitzakoak gustuko ditut giro berezia izaten delako.
Baduzu inauteriei lotutako oroitzapen berezirik?
Burura etortzen zaidana hamahiru urte nituela Leitzako klasekoekin militarrez jantzi, poligonora joan eta kontrola jarri genuenekoa da. Kotxeak gelditu eta paperak eskatuz ibili ginen.
Nola bizi dituzu Aresoko inauteriak?
Umea nintzenean guraso elkarteko karrozaren gainean ibiltzen nintzen eta oso ongi pasatzen nuen. Orain, berriz, Lagunartekoekin eskean ibiliz ere espezial.
Zerk egiten ditu berezi Aresoko inauteriak?
Herriko gazteak elkarrekin erlazionatzeko garai ona izaten da. Gaur egun bakoitzak leku baten ikasi edo lan egiten du eta asteburu normal batean denak elkartzea zaila izaten da. Inauteriak aitzakia ederra dira elkartzeko.
Eskean, zenbat laguneko kuadrilla ibiltzen zarete?
Azken urteetan 15-20 pertsona inguru izaten gara eta giro oso atsegina sortzen da.
Zenbat baserritara joaten zarete?
Urtero buelta bera eginagatik aldatu egiten da kopurua. Lehengo urtean zazpi baserritan ireki ziguten atea.
Adin guztietako herritarrekin egoteko aitzakia polita izan daiteke.
Bai, bestela harremanik ez dugun herritarrekin elkartzen gara egun horretan.
Lan pixka bat egitea ere tokatzen zaizue...
Bai, guraso elkarteak eta Lagunartekoek antolatzen ditugu inauteriak. Larunbateko herri afariaren ardura guk dugu, baina beste herritarren laguntza ere izaten dugu. Horrela, lan egin behar bada ere, lanean giro ona izaten da.
Gogorra izaten da inauterien ondorena?
Oso gogorra. Igandean astelehen latzarekin esnatzen gara eta soziedadea garbitu behar dela gogoratzea mortala izaten da.