Telefono zenbakia herritarren esku jartzearekin batera, erasoaren intentsitate mailaren arabera jarraitu beharreko pausoen berri eman dute. Hala, norbaitek intentsitate baxuko eraso bat identifikatuko balu, erasoa jasan duenari laguntza eskaintzea izanen da lehenbiziko pausoa norbere kabuz erabakirik hartu gabe. Laguntza jaso nahi ez badu, ez tematzeko gomendatzen dute. Laguntza onartzen badu, berriz, arreta handiz entzun erasoa jasan duenak esateko duena eta inolaz ere ez jarri zalantzan kontatzen duena. Horrekin batera, laguntza eta baliabideak eskaini behar zaizkio. Erasoen telefonora ere deitu edo idatzi beharko da, erasoa erregistratzeko.
Intentsitate altuko erasoa denean, berriz, 112ra deitu eta erasoa jasan duenari behar duen laguntza guztia ematen saiatuko beharko dute eta beharko balitz berarekin gelditu artatzen duten bitartean.