MIREN ALDUNTZIN

«Bertako hazia mantentzea askok uste baino zailagoa da»

Ttipi-Ttapa 2024ko urt. 14a, 11:30

Leitzako Goiko Soroa baserrian Miren aritzen haziak aukeratzen. Argazkia: Amaia Iparragirre.

Gazte gaztetatik ezagutu du Miren Alduntzinek hazien mundua: «gure jaiotetxean banabarra, artoa eta arbia izaten zen. Ama aritzen zen haziekin eta berak erakutsi zidan». Goiko Sorora bizitzera joan zenean ezagutza horietan sakontzeko aukera izan zuen: «senarraren ama bizi zen baserrian eta berak erakutsi zizkidan gauza pila bat». Erakutsi, gustatu eta horrekin segi du. Hala, etxeko hazitik sortuta, «kalabaza, sagar landareak, arbia, leka, tomatea, letxua, banabarra, intxaurra, perrexila, patata... ere egiten ditugu». 

Bertako hazia mantentzea askok uste baino zailagoa dela aipatu nahi izan du: «erleek egiten duten lanaren menpe gaude eta guk bertakoa erein arren, ondokoak kanpokoa ereiten badu nahasi egiten da zurearekin». Ez da alferrik aritzen bera banan bana alerik ederrenak aukeratzen: «banabarra egiterakoan adibidez, ale gehiagoko lekak ateratzen direnean bereizi egiten ditut. Aleak ere ez dira berdinak ateratzen eta ahalik eta politenak bereixten ditugu. Bistara jotzen du». Hazien mundua oso polita da, baina lan asko duela azpimarratu du: «askotan jendeak banabarraren prezioaz kexu izaten da, baina horren atzean dagoen lan guztia ikusi behar da». Leitzan egin duten lanketa, «aspaldiko ohitura hau ezagutarazteko modu polita» izan daitekeela uste du. Bera saiatzen da ahal duen neurrian etxekoei ezagutzak transmititzen: «gero segiko duten edo ez, ez dago jakiterik, baina nik eginahala egiten dut behintzat. Hiru urteko biloba bat daukat eta baso batean haziak jartzen dizkiot eta ikusten duenean ateratzen ari dela harrituta begiratzen du. Erdi jolasean baina ttikitatik ikasten ari da».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun