MIKAELA ZABALETA

«Berdea eta garia etxero izaten zen lehen eta orain ez ditut inon ikusten»

Ttipi-Ttapa 2024ko urt. 14a, 11:00

Tutenea baserrian Mikaela arduratzen da haziak bereizi eta ereiteaz.

«Ilarra, artoa, arbia, banabarra, intxaurrak, hurrak, kalabazak, sagarra…» Tutenean etxeko hazia erabilita lortzen dituzten produktuak dira. Horien guztien atzean Mikaela Zabaletaren esku zailduak daude. 94 urte ditu eta bera arduratzen da etxeko baratzeaz: «beti hala ikusi dugu eta beti hortan aritu gara». Bizimodua asko aldatu dela nabarmendu du: «garai batean baserritik bakarra bizitzen zen, dena etxean egiten zen»

Ongi gogoan ditu Leitzan garia egiten ziren garaiak: «alor oso bat izaten genuen gariarekin nire jaiotetxean, Aurtxikenean. Leitzan bazen gari errota eta etxean egiten zuen ama zenak ogia. Sotopea deitzen genion ogi horri. Gogoratzen naiz oraindik zeinen goxoa izaten zen». Zer pentsa ere ematen dio horrek: «nik ez dakit nola galdu zen gari hori, harrituta egoten naiz askotan. Errotak ere itxi ziren eta». Garia ez da ereitez utzi den bakarra:  «berdea egiten zen garai batean, baina hori ere utzi zen. Aziendarentzat izaten zen eta artoa jorratzekoan egiten zen». Artoari eutsi diote Tutenen eta inguruan «famosoa» dela aitortu digu: «gutxi egiten da gaur egun. Erasoten bakarrenetakoak izanen gara». Ongi jorratutako lanak ematen ditu fruituak eta badirudi Tutenean Mikaelaren lanak baduela segida. Argi du horretarako «ttikitatik erakutsi behar zaiela». Hori bai, segida izanagatik erreleboa emateko asmorik ez du oraindik Mikaelak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun