Juan Mari Zabaleta

«Garai batean dena etxean egiten zen, baina bizimodua aldatu da»

Ttipi-Ttapa 2024ko urt. 14a, 10:30

Koxme baserrian bizi da Juan Mari Zabaleta.

Belarriak erne eta begirada zorrotz ibili izan du Koxmeko Juan Mari Zabaletak: «gurasoei eta ingurukoei entzun eta ikusita ikasi dut hazien inguruan dakidana». Ikusi, ikasi eta praktikan ere jarri du; urteak baitaramatza berak ere haziekin lanean. Hazi batzuk zaharragoak eta besteak berriak: «hogeita hamar bat urte izanen ditu erabiltzen dudan hazi batek, beste batzuk hamar bat urte». Denborak erakutsi dio zer, non eta nola erein: «hazi bera erabiltzen dugu eta batean eta bestean emaitza ez da berdina izaten. Etxe ondoan arbia, banabarra eta artoa egiten ditugu. Gazpilo zuloan baba eta Maimurren artoa, banabarra eta patata».

Herrian gaiari buruz interesa pizten ari zela jakin zuenean, LeitzEko kontsumo taldeak antolatutako bilerara joatea erabaki zuen,«liburutegian osatzen ari ziren hazi biltegi baterako gure haziak emanen ote genituen galdetu ziguten. Banabar panpanoa, baba beltxa eta arto gorria eman nituen nik. Ontzi batzuetan sartu eta han egonen dira, nahi duenak hartzeko». Horietaz gain, arbia ere urtero egiten du: «oilo, untxi eta ahuntzak ditugu eta haiek jaten dutelako». Hazien kultura oso aberatsa dela badaki, baina bizimodua asko aldatu da eta horrek ondare hau guztia arriskuan jarri duela uste du: «garai batean dena etxekoa izaten zen, baina bizimodua aldatu egin da eta orain jendeak erosi egiten ditu barazkiak erein beharrean».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun