Iragana eta etorkizuna hazietan gordeta

Ttipi-Ttapa 2024ko urt. 14a, 08:30

Leitzako Erramun Astibiak ekoizten duen banabar beltza.

Bertako hazien egoera zein den ezagutu eta bilketa lana egiten ari dira Leitzan. Hazien inguruko ezagutza eta hari lotutako kultura berezi bat badela ikusi dute. Ohitura batzuk errotuak eta besteak galzorian; elkarlanaren beharra nabarmendu dute «haziak gal ez daitezen».

Txingurri lana eginez, alez ale, osatzen ari dira Leitzako hazien bilduma. Garazi Zabaletak eta Irati Iparragirrek egindako proposamen batetik abiatu zen guztia eta elkarlanean ari dira orain, ekoizleekin, LeitzEko kontsumo taldeko kideekin eta Leitzako liburutegiarekin. Momentuz, egoeraren diagnosia egin, lagin bat bildu eta ikusgai jarri dute. Argi dute mami asko duen gaia dela eta egindakoa proiektu askoren abiapuntua izan daitekeela.

Hari muturrei tiraka, ailegatu dira gaur egungo egitasmora. Hala azaldu dute Garazi Zabaletak eta Irati Iparragirrek: «Alekak Euskal Herriko hazi ekologikoekin egiten duen lanaren berri izan genuen eta interesgarria iruditu zitzaigun Leitzako komertzioetan beraien haziak saltzen jartzea». Komertzio batek baiezkoa eman zien, baina horrek herritarrengan interesik piztuko ote zuen pentsatzen hasi ziren orduan: «gure susmoa zen norberak bere barazkiak sortzeari garrantzia handia ematen diogula, baina askotan ez diogula gure buruari galdetzen ereiten duguna nondik heldu den. Ez dugula jakiten hazi horren atzean zer dagoen». 

Lantaldearen sorrera

Gogoeta horrekin jo zuten LeitzEko kontsumo taldekoengana eta han ere gaia askotan izan zutela esku artean azaldu zieten. Mamen Uharte LeitzEkoko kideak argi du: «burujabetza kontuetan hazitik ez bagara hasten, zerbait gaizki egiten ari gara». Gaia landu nahi zutela bai, baina ez omen zekiten nondik hasi: «herrian hazi propioak egiten zituen etxe bat baino gehiago bazela bagenekien, baina ez genekien horrekin zer egin». Batzuen kezkak eta besteenak elkartu eta hala sortu zuten lantaldea: Hazien komandoa.

Uharte, Iparragirre eta Zabaleta Hazien komandoko kideak.

Uharte, Iparragirre eta Zabaleta Hazien komandoko kideak. E. IRAOLA

 

Bilera bat antolatzea izan zen hurrengo pausoa: «Nafarroako Hazien Sareko kide bat etorri zen bilera hartara eta Arakilgo udalean gai hau lantzen duen teknikari bat dutenez, hura ere gonbidatu genuen beraiek egiten duten lanketa azaltzera». Garai bertsuan, Nafarroako Hazien Liburutegi Sarean sartu zen Leitzako liburutegia eta Elena Arteta liburuzaina ere bidelagun bihurtu zen. Bilera horren ondotik, «helburu finkorik gabe, haziak identifikatu eta herrian egoera zein den aztertzea» erabaki zuten.

Haziak sailkatzeko irizpideak

Bilketa egin aurretik, guztia nola sailkatu erabaki behar izan zuten eta Nafarroako Hazien Sareak erabiltzen dituen irizpideak baliatu zituzten: «Nafarroako Hazien Sareak hiru hazi mota bereizten ditu: bertako hazia, egokitutako hazia edo interes berezikoa. Bertako barietate bezala onartzeko 40 urte edo gehiago bertan eman beharra ditu. Egokitutako haziak, hamar urte edo gehiago daramatenak dira eta interes berezikoen artean sartzen dituzte beste arrazoi batengatik interesgarriak diren barietate bereziak». 

Elkarrizketak ekoizleekin

Ahoz aho jasotako informazioarekin, haziak ekoizten zituzten herritarrengana jo zuten: «sei elkarrizketa egin genituen eta horrek aukera eman zigun pixka bat identifikatzeko herrian zer hazi egiten diren».  Elkarrizketa bakoitzarekin fitxa berezi bat bete zuten: «tokiko izenak, espeziea, urteak, barietate mota, jatorria, erabilerak, kontserbazio egoera... ahalik eta informazio osatuena jaso dugu».

Hartu-emana

Bildu soilik ez, jasotakoa ikusgai jartzea izan zen hurrengo pausoa eta azaroan egindako Leitza eta Aresoko produktuen azoka baliatu zuten horretarako: «hazien txokoa sortu genuen eta sekulako arrakasta izan zuen». Hartu-emana, trukea, sortu zela azaldu dute: «ikusi genuen jende asko gerturatzen zela haziak jasotzera eta apuntatu genuen bakoitzak zer eramaten zuen, gerora beharko balitz non dagoen jakiteko. Azokako egunean bertan, etxean zituzten haziak ere ekarri zituzten batzuk». 

Azaroan egindako azokan jarri zuten Hazien Txokoa.

Elkarrizketatutako sei horien haziez gain, azokan postua jarria zuten beste lauk ere ekarri omen zituzten haziak: «eta hala ikusi genuen ia etxe guztietan bere banabar hazia dutela eta artoa ere dezentetan mantentzen dutela». Denera, hogei hazi klase bildu zituzten azoka egunean: «zortzi banabar desberdin eta sei arto barietate».

Alternatiba bat

Hazien txokoa bezalako guneak sortzea, aukera ona dela ikusi zuten: «lehen naturala zen trukea galdu da eta berreskuratu nahi bada bide polita izan daiteke; alternatiba bat». Belaunaldi berrientzat ere aukera bat izan daiteke: «gai honekin interesa eduki, baina herriko adinekoekin loturarik ez duenak haziak eskuratzeko bide bat da». Argi dute haziei bizia eman behar zaiela: «hazi bat ez da museo batean bezala ikusgai jarri edo gordetzeko zerbait. Haziei bizia eman behar zaie, erabili egin behar dira».

Galtzeko zorian daudenak

Batzuk ugariak eta besteak galzorian. Hazien erreprodukzioa bizi den garaiarekin eta bizi ereduarekin zuzenean lotuta dagoela ere erakutsi die egindako azterketak: «gaur egun azienda gutxiago dago eta pentsu kantitate handiagoa erabiltzen da. Gutxitu egin da norberak bere aziendentzako diren labore horiek egiteko ohitura eta horren ondorioz zenbait hazi galtzeko zorian daude». Horren adibidea da garai batean oso ugaria zen Pagotxa edo Hazi berdea: «Erramun Astibiak mantentzen du inguruan eta berak egitez uzten badu, galtzeko arriskua du».

Bertakoari balioa

Bertako haziak daukan abantaila handiena da: «bertan erreproduzitu dela, prest dagoela klima honetarako. Azkenean multinazional batek saltzen dizun hazia berdina izanen da Mexikorako edo Euskal Herrirako». Gainera, nabarmendu dute bertako haziak «kalitate bat lortu dutelako» mantendu direla bizirik: «modu naturalean aukeraketa bat egin da. Ekoizleek haziak bereizi egiten dituzte eta horretarako bakoitzak bere irizpideak ditu».

Burujabetza

Norberak bere haziak ekoiztea «autosufizienteagoak izateko» bidea ere badela azpimarratu nahi izan dute Hazien komandoko kideek: «urtero haziak erosi behar badizkiozu kanpoko enpresa handi bati, zure autonomia galtzen zoaz. Zure baratzeko produktuak ateratzen  ari zara, baina kanpoko faktoreen menpe zaude. Egun batetik bestera hazi horiek falta badira edo prezioak igotzen badira, zer egin dezakezu?».

Ondarea

Hazien munduarekin lotutako jakintza eta kultura oso bat dagoela ere erakutsi die egindako lanak: «jalki hitza, adibidez, zenbat aldiz erabili dute elkarrizketetan... Guk egunerokoan ez dugu inoiz erabiltzen. Bada ondare bat, hazitik haratago doana: bioaniztasuna dena, ondare kultural bat dena. Bizirik irauten duena, baina zoritxarrez ez dakigu noiz arte». 

Hurrengo pausoak

Beraien alea jarri du talde honek, «bilketa ttiki bat da egin duguna eta oraindik nahi adina segi genezake». Ez dute zehaztu hurrengo pausoak zeintzuk izanen diren, «baina trukerako espazio bat sortzea polita izanen zen». Txingurri lanean segitzeko asmoa dute, baina taldean arituta errazagoa denez: «norbaitek gai honekiko interesa baldin balu edo haziak dituen norbait ezagutzen badu, gurekin harremanetan jartzeko gonbidapena luzatu nahiko genioke».

Elena Arteta, urtarrilera arte Leitzako liburuzaina izan dena.

Liburutegia hazien gordailu

Hazien liburutegia izeneko proiektuan parte hartzen ari da Leitzako liburutegia. Nafarroako Liburutegi Sarearen egitasmoa da eta bertako haziak partekatzea eta kontserbatzea dute helburu. «Egitasmo honetan parte hartuta Leitzak kontsumo eta bizi eredu jasangarriago eta ekologikoago baten aldeko apustua» egin duela azaldu du Elena Arteta liburuzainak. Horretarako, armairu berezi bat jarri dute liburutegian eta bertan hazi autoktonoak jasotzen ari dira, nahi duenak hartu eta gero baratzeetan erein ditzan. Gaiarekin lotutako hainbat tailer ere antolatu dituzte eta aurten ere horretan lanean segitzeko asmoa dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun