Joanes Illarregi leitzarrak irabazi du Uharteko saioa, eta finalaurrekoetara sailkatu da

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 16a, 11:00
Saioko lehen bi sailkatuak, Joanes Ilarregi eta Eki Mateorena leitzarrak atzoko saioan kantuan.

Joanes Illarregi nagusitu zen atzo Uharten jokatutako Nafarroako Bertsolari Txapelketako hirugarren kanporaketan. Atzoko saioa irabazita, azaroaren 19an Lesakan jokatuko den finalaurrekorako txartela lortu du Leitzako bertsolariak. Eki Mateorena leitzarra eta Julen Zelaieta beratarra bigarren eta hirugarren sailkatu ziren hurrenez hurren

Jardunaldi bikoitza izan dute asteburuan Nafarroako Bertsolari Txapelketan. Larunbatean Vianan eta atzo Uharten jokatu zituzten saioak. Uharteko Arte Garaikideko Zentroan jokatu zuten txapelketako hirugarren saioa, eta 220 bertsozale bildu ziren bertsolarien jarduna aditzera.

Sei bertsolari aritu ziren han kantuan, zozketak erabakitako ordenean: Mikel Lasarte Cia, Beñat Astiz Isasi, Joanes Illarregi Marzol, Ainara Ieregi Aranburu, Julen Zelaieta Iriarte eta Eki Mateorena Zozaia. Horietatik hiru ziren eskualdekoak: Illarregi eta Mateorena leitzarrak eta Zelaieta beratarra. Ainhoa Larretxea Agirre aritu zen gaiak jartzen. Nafarroako Bertsozale Elkarteak antolatu du saioa, Uharteko Udalaren eta Uharteko Arte Garaikideko Zentroaren laguntzarekin.

Behin ariketa puntuagarriak osatuta, Joanes Illarregik lortu zituen puntu gehien, 834 denera eta zuzenean sailkatu da Lesakan azaroaren 19an jokatuko duten finalaurrekotara. Haren gibeletik sailkatu ziren Eki Mateorena (324), Julen Zelaieta (315), Mikel Lasarte Cia (312), Beñat Astiz (305) eta Ainara Ieregi (261).

Lehen hiru kanporaketak jokatuta, horrela dago sailkapena:

    Irurita- Urriak 7 Viana- Urriak 14 Uharte-Urriak 15
Guztira
1 Joanes Illarregi Marzol     384,5 384,5
2 Julio Soto Ezkurdia   380   380
3 Xabat Illarregi Marzol   377,5   377,5
4 Sarai Robles vitas 354     354
5 Ekhiñe Zapiain Arlegi   338   338
6 Saioa Alkaiza Guallar 333     333
7 Idoia Granizo Uribarrena 328,5     328,5
8 Ekain Alegre Gil 324     324
9 Eki Mateorena Zozaia     324 324
10 Eneko Fernandez Maritxalar 320,5     320,5
11 Julen Zelaieta Iriarte     315 315
12 Mikel Lasarte Cia     312 312
13 Beñat Astiz Isasi     305 305
14

Urko Gartzia Aleman

  300  

300

15 Patxi Castillo Graciarena   294   294
16 Egoitz Gorosterrazu Elizagoien 291,5     291,5
17 Aitor Irastortza Arrizurieta   287   287
18 Ainara Ieregi Aranburu     261 261

Heldu den larunbatean segituko du txapelketak, Leitzan jokatuko den laugarren eta azken final-laurdenarekin. Herri Aretoan izanen da saioa, 17:30ean. Han ariko dira kantuan Eneko Lazkoz Martinez, Josu Sanjurjo Alzuri, Bittori Elizalde Soto, Endika Legarra Nuin, Saats Karasatorre Martinez eta Fernando Ziganda Urdanpilleta, Ander Aranburu gai-jartzaileak gidatuta. Bertan argituko da zein 18 bertsolari ariko diren kantari hurrengo fasean.

Mikel Lasarte eta Ainara Ieregi bertsolariak kantari atzoko saioan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun