Julio Sotok irabazi du Vianako saioa, eta finalaurrekoetara sailkatu da

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 15a, 08:30

Julio Soto, Vianako saioko irabazlea, kantuan.

Azaroaren 11n Agoitzen jokatuko den finalaurrekora zuzenean sailkatu da Iruñeko bertsolaria. Xabat Illarregi Marzol leitzarrak eta Ekhiñe Zapiain Arlegi beratarrak bigarren eta hirugarren sailkatu ziren, hurrenez hurren.

Atzo larunbata, Vianako kultur etxean jokatu zen 2023ko Nafarroako Bertsolari Txapelketako bigarren saioa,. 170 bertsozale inguru elkartu ziren bertan, saioa zuzenean segitzeko. Sei bertsolari aritu ziren kantuan, zozketak ebatzitako ordenean: Julio Soto Ezkurdia, Xabat Illarregi Marzol, Urko Gartzia Aleman, Patxi Castillo Graciarena, Ekhiñe Zapiain Arlegi eta Aitor Irastortza Arrizubieta. Gai-jartzaile lanak, aldiz, Zigor Gartzia Zianek egin zituen. Nafarroako Bertsozale Elkarteak Vianako Udalarekin elkarlanean antolatu zuen saioa, txapelketaren historian lehen aldiz herri horretan.

Behin ariketa puntuagarriak eginda, Julio Sotok eskuratu zuen puntu gehien (380), eta ondorioz, saioa irabazi eta azaroaren 11n Agoitzen jokatuko den bigarren finalaurrekorako sailkapen zuzena lortu du. Haren atzetik sailkatu dira Xabat Illarregi (377,5), Ekhiñe Zapiain (338), Urko Gartzia (300), Patxi Castillo (294) eta Aitor Irastortza (287).

Honela gelditu zen saioko sailkapena:

  1. Julio Soto Ezkurdia: 380
  2. Xabat Illarregi Marzol: 377,5
  3. Ekhiñe Zapiain Arlegi: 338
  4. Urko Gartzia Aleman: 300
  5. Patxi Castillo Graciarena: 294
  6. Aitor Irastortza Arrizubieta: 287

Gaur segituko du txapelketak, Uharten jokatuko den saioarekin. Arte Garaikideko Zentroan izanen da saioa, 17:30ean. Hor ariko dira kantuan Joanes Illarregi Marzol, Ainara Ieregi Aranburu, Julen Zelaieta Iriarte, Mikel Lasarte Cia, Beñat Astiz Isasi eta Eki Mateorena Zozaia, Ainhoa Larretxea gai-jartzailearen aginduetara.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun