Leitzako Udalak eta Plazaola Turismo Partzuergoak elkarlanean antolatu dute Talo Eguna eta azoka ibiltaria udalak, Cederna Garalur elkarteak, Plazaola Partzuergoak, Habelarte baserritarren elkarteak, Bertatik Bertara dinamikak eta Leitzeko Kontsumo taldeak antolatu dute.
Egitaraua
- 10:30ean talogileen postuen eta Mendialdeko Azoka Ibiltariaren irekiera. Postuak 14:00 arte izanen dira zabalik.
- 10:00etatik 12:30era talo lehiaketan parte hartzeko izena eman beharko da.
- 11:00etatik 13:00etara talo tailer familiarra eginen dute.
- 12:30etik 14:00etara XIV. Talo Lehiaketa.
- 10:30etik 14:00etara nekazaritzako tresna zaharren erakusketa.
- 14:00etan sari banaketa.
Ekoizleak eta artisauak
Aldi honetan Saralegi Taloak eta Saldiasko Talogileak izanen dira gonbidatuak, eta haien eskutik talo aukera ederraz gozatzeko aukera izanen dute bisitariek. Baina horiez gain, elikagaien eta artisauen produktuekin hainbat postu jarriko dituzte. Elikagaiei dagokionez, hauek izanen dira eskualdekoak: Gorritz (Leitza), Txokosfera (Leitza), Soro Goikoa (Leitza), Barrenea (Leitza), Domiña (Goizueta) eta Leitzako Udalak gonbidatutako baserritarrak. Bateko eta besteko, produktu eskaintza zabala izanen da taloekin batera: gaztak, txokolatea, garaiko frutak eta barazkiak, betizu haragia, ogiak eta opilak, arrautzak, zukuak, pateak, eztia, garagardoa, olioa, ardoa, marmeladak....
Eta artisauei dagokionez, eskualdetik Txirikordak (Goizueta) jarriko du postua. Osagarriak, bitxiak, eskulanak, zapatak, bitxikeriak, motxilak eta poltsak, egurrezko tailak, zeramika eta belarritakoak, kosmetika naturala, kakorratz artisautza eta lore eta hazien ekoizpenari lotutako postuak izanen dira ikusgai eta salgai.
Jasangarriagoa, irisgarriagoa eta inklusiboagoa
Antolatzaileek jasangarriagoa, irisgarriagoa eta inklusiboagoa den ekitaldi baten aldeko apustua egin dute eta bide horretan, hainbat neurri hartuko dituzte igandean: Mugikortasun Urriko Pertsonentzako Aparkalekua Herri Aretoaren ondoan izanen da, azokatik hurbil. Horri lotuta, desgaitasuna izan eta mugikortasun urria dutenentzako autoak aparkatzeko txartela eskatuko dute. Karrapean, berriz, komun egokituak jarriko dituzte; eta entzumen desgaitasuna dutenentzako indukzio-buclea izanen da informazio puntuan. Gaian aditua denak arreta eginen die.
Azkenik, 0 zabor ekimena ere martxan jarriko dute. Edukiontziak koloreen arabera bereiziak jarriko dituzte eta «espazio garbi eta osasungarria izateko helburuarekin», horiek erabiltzeko deia egin dute.