Bestak 2023

«Umore Ona taldeko dantzari kopurua gora doa baina ederra litzateke mutil gehiago ikustea»

Ttipi-Ttapa 2023ko abu. 10a, 15:00

Garbiñe MAKATZAGA OTXANDORENA, Goizuetako Umore Ona Dantza Taldeko arduraduna

«Edozein osagairekin saltsan ibiltzea gustatzen» zaio Garbiñe Makatzagari. «Afizio berezirik ez» duela eta «jende tartean egin daitekeen edozer ekintza» maite duela dioen arren, agerian gelditu da dantza gustuko duela. Dantzak eta ate joka diren Goizuetako festak izan ditu hizpide TTIPI-TTAPArekin.

«Edozein dantza mota» gustatzen zaio goizuetarrari: «Dantza adierazpena da, gorputzaren bidez adierazteko, komunikatzeko, askatzeko... modua». Bere ustez, «momentu bakoitzak bere abestia duen bezala, dantzak ere bai». Eta euskal dantzak «tradizioarekin, sustraiekin, arbasoekin, gure kulturarekin, herriarekin... lotzen eta sentitzen» ditu. 

Haurra zela bera ere ibili zen Umore Ona Dantza Taldean euskal dantzetan eta ez ditu ahaztuak orduko «oroitzapen politak»: «Txikitan herritar gehienak dantzari izanak gara. Rosa eta Patxi datozkit gogora, txikitako dantza irakasleak eta Asier txistularia. Oso ongi pasatzen genuen. Neska-mutil asko ibiltzen ginen». Institutu garaian, ordea, «lagunekin batera, laster utzi nuen». Baina dantzarako arrak bere baitan segitu izan du, eta «festetako saioak ikusten nituenean barrua dantzan» jartzen zitzaiola onartu du. Hala, haurtzaroko oroitzapenak gogoan, «30 bat urterekin berriro animatu nintzen. Hasieran festetako dantza pare bat prestatuz 30 eta 60 urte bitarteko emakume talde bat elkartu ginen eta ondotik, ikasturtean zehar gazte taldearekin nahastu ginen batzuk». Baina ibilbide horrek ere  amaiera izan zuen: «Poliki-poliki gazteak uzten hasi ziren eta antolaketan geratu nintzen». Geroztik, horixe da dantza taldean duen ardura: «Aiora eta Paula dantzak erakusten eta dantzan aritzen diren 18 urteko bi neska dira. Eta ni diru kontuez, arropez, baimenak eskatzeaz... Suertatzen diren lanez arduratzen naiz». 

Umore Ona Dantza Taldearen martxaz galdetuta, «azken urteotan dantzari kopuruak goraka» egin duela dio eta «haurrak dantzetara gonbidatzen dituzten familiei» eskerrak emateko aprobetxatu nahi izan du: «Beraien alaba eta semerik gabe ez luke jarraipenik izanen». Kontatu duenez, «dantzari gehienak mantentzen dira eta txikiak sartzen ari dira. Bost eta hemezortzi urte bitarteko 30 neska-mutil daude, adinaren arabera hiru taldetan banatuta. 30 horietatik hiru mutil bakarrik dira, ttikien taldekoak, eta ederra litzateke mutil gehiago ikustea». Entseguei dagokienez, «ttikienek eta ertainek astean saio bat izaten dute eta handiek bi. Aurten Mikel eta Elena herritarrek ere dantza pare batean egin dute beraien ekarpena». 

«Jendeak eta elkarlanak berezi egiten ditu Goizuetako festak»

Festen atarian, abuztuaren 16ko saioari begira daude orain Umore Onako dantzariak. Hori baita, Aranoko jaietako eta Umore Onaren atalen eguneko saioekin batera, urteko hitzordu garrantzitsua, nahiz eta «beste eskakizunik baldin bada, parte hartzen dugun horietan ere». 

Gainerakoan, «familia eta lagunartean ahal dugun ekitaldi gehienetan gozatuz» pasatu nahi ditu «jendeak eta elkarlanak berezi egiten duten festak». Eta herritarrei eta bisitariei ere gonbita egin die: «ingurukoak eta ingurua errespetatuz momentua bizitzeko eta asko gozatzeko». Bere kasuan, «txaranga entzutean barruak benetan mugitzen» zaizkionez, seguru ez duela hankak dantzan jartzeko aukera galduko. Akaso marra belzdun gona gorria, blusa zuria eta espartin zuri-gorriak soinean berriz plazan ikusiko dugu; onartu duenez; «berriz dantzatzea gustatuko litzaidake».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun