Bestak 2023

«Pesta gozagarriak bizitzea denon ardura da eta ez dugu inolako erasorik onartuko»

Ttipi-Ttapa 2023ko abu. 9a, 11:00

Ainara SARALEGI SAGASTIBELTZA, Leitzako Pesta Batzordeko kidea

«Irekia eta alaia» dela esaten omen diote Ainara Saralegi Sagastibeltzari, eta esanei kasu eginez, halaxe aurkeztu du bere burua 24 urteko leitzarrak. Lagunekin egotea maite duela kontatu du, eta herrigintzan ere hortxe ibiltzen da, berak dioen bezala, «feminismoan, gazte asanbladan eta herrian sortzen diren beste ekimenetan bueltaka». Pesta batzordeko eta Lañaidek neska* gazteen taldeko kidea da Saralegi.

Bihar hasiko dituzte herriko pestak eta aurten Leitzako Pesta Batzordean buru-belarri aritu da lanean: «Azken bost urteotan beste eragile batzuen bidez ere pesta batzordeko kide izan naiz, baina aurten kide aktibo gisa hasi naiz». Gisa honetara batzordearen lana bertatik bertara ezagutzeko aukera izan du eta lantaldearen «azkartasuna» nabarmendu nahi izan du: «Biltzen hasten garenerako jendea ideiak eginak dituela hurbiltzen da» eta horrek «prozesua azkartzen» du. Aitortu du, «toki guztietan bezala, gai zehatzekin tirabirak» izan dituztela, «baina gure jarduna zailtzen edo oztopatzen duen ezer gertatu gabe». Horren gainetik, lantaldeko kideen artean dituzten «harreman onak» aipatu ditu, eta «orokorrean pesta batzordearen bilerak oso ongi» joan direla gaineratu du. 

Lañaidek taldean lanean

Lañaidek neska* gazteen taldeko kidea ere bada Saralegi, eta pestei begira taldeak «hainbat erronka» dituela esplikatu du: «Batez ere prebentzio lana eta aurre lanketa da gure aurtengo helburua; sareak sortzea, ehuntzea eta elkartasun horretan pesta seguruak bizitzeko espazioak eraikitzea».

Izan ere, Leitzako pestak ez daude erasoetatik libre; «nahiz eta ez dugun nahi gertatzea, guk ekidin ezin dugun zerbait da eta gertatzen dira». Hala ere, erantzuteko prest daudela aitortu du, eta garbi utzi nahi izan du «aurrean egonen garela, datorrena datorrela, erantzun kolektibo eta feminista emateko». Halakoetan horretarako espresuki landutako protokoloa jartzen dute martxan; «erasoen kantitatearen eta intentsitatearen arabera, erantzun bat edo beste emanez». Hori bai, «erasoa jasan duenak du beti azken hitza. Beraz, bere nahia errespetatzen da», adierazi du.

Eta erasoen gaia mahaia gainean jarrita, erasotzaile eta konplize izan daitezkeenei begira ere jarri da leitzarra. Eta mezu argia du: «Ez badakizu egoten, ez etorri. Pesta parekide eta feministak eraikitzeko egiten dugu lan urtero, egunero. Zuk, erasotzaile, edota zuk, konplize, ez daukazue eskubiderik besteoi pestak zapuzteko. Ez daukazue eskubiderik inor gutxiesteko, espazio pertsonalak ez errespetatzeko, erasotzeko». Eta gehiago ere esan du: «Nazkatuta gaude zuen jarrerez, eta aurrean izanen gaituzue». 

Herri mugimenduen lana 

Bestalde, pestak ate joka dituzten honetan, «ongi ateratzeko herri mugimenduek egiten duten lan handia» ere aitortu nahi izan du: «Ez baita soilik bazkari bat nork eginen duen, barra nork muntatuko duen edo azken txanda nork eginen duen. Hilabetetako lanketa denez, tentsio ugari bizi ohi ditut eta ditugu antolatzaileok». Eta bere hitzetan, «egiten dugun lanketa ikaragarri» horrek egiten ditu pestak berezi: «alde batetik, herriak asko parte hartzen du, eta bestetik, herri mugimenduko kideok egitarau alternatiboak eskaintzen ditugu, mundu guztiak badu zer ikusia horrela».

Gazte Eguna kuttunena

Aldarrikapenak aldarrikapen eta ardurak ardura, pestak ailegatzeko gogotsu sumatu dugu, «oso gustuko» dituen pestetan gozatzeko prest. Jakina da, gainera, Gazte Egunean ez duela hutsik eginen, hori baita beretzat egunik «bereziena»; «duela urte batzuetatik erreferente izatea lortu dugulako, lehen 50 lagun eskas elkartzea kostatzen zelako eta gaur egun 150 inguru elkartzen garelako. Egun berezia hazten ikusi dudalako», eta hala, «niretzako galdu ezin den eguna da». 

Erasorik ez

Egun batean, bestean edo guztietan, baina herritarrei eta bisitariei pestetan «asko gozatzea» opa nahi izan die Saralegik; «ongi pasatzeko, dantzatzeko, kantatzeko, laguntasuna ospatzeko...». Baina ez hori bakarrik: «Bereziki ez ahaztu ez direla inolako eraso arrazistak, ez LGBTIQ+foboak, ez sexistak onartuko. Pesta gozagarriak bizitzea denon ardura da. Nazkatuta gaude, antolatuta gaude, eta ez gara isilduko!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun