Bestak 2023

Pesten atarian, eraso sexisten aurkako protokoloa prest dute Leitzan

Ttipi-Ttapa 2023ko abu. 8a, 16:00

Leitzako pestetan gerta daitezkeen eraso sexistei aurre egiteko, aurreko urtean Leitzako Mugimendu Feministak sortutako protokoloa egokitu eta osatu du Leitzako Erasoen Aurkako Mahaiak. Pesta eredu feminista bultzatzeko oinarriak jasotzeaz gain, eraso sexistei erantzuteko modua bildu dute protokoloan.

Urte hauetan beste herri batzuetan egin dituzten protokoloak aintzat hartuz osatu dute Leitzako eraso sexisten aurkako protokoloa, eta lau ataletan banatu dute: pesta eredu feminista bultzatzeko neurriak eta baldintzak, erasoei begira pesten aurretik egiteko lanketa edo prebentzioa, pestetan eraso bat gertatzen den momentuan nola jokatu eta erasoaren ondorengo erantzun soziala.

Pestetan eraso bat gertatzen denean nola jokatu

Pestetan eraso bat gertatzen denean, erantzun protokoloa aktibatzea, hasiera batean, eraso bat identifikatzen duen edozeinen ardura dela nabarmendu dute protokoloan. Eta gaineratu dutenez, «taberna eta txosnetan txandak egiten ari diren boluntario edo langileek erasoa ikusten duten edo barran salatzen den momentuan aktibatu beharko dute protokoloa». Horrekin batera, Emagin elkarteak erasoaren berri izateko arreta telefonora deitzeko (617 38 55 98) deia egin dute, «erasoa zein motatakoa izan den, non gertatu den eta noiz izan den informatzeko; informazio hori biktimaren anonimotasuna babestuz eman beharko da».

Bi ataletan banatu dituzte jarraitu beharreko pausoak, erasoaren intentsitate mailaren arabera.

  • Intentsitate baxuko erasoa denean:
    • Eraso sexista bat gertatzen ari dela ikusten baduzu edo barran erasoa salatzen badute, erasoa jasan duenari laguntza eskaini, zure kabuz erabakirik hartu gabe. Laguntza jaso nahi ez badu, ez tematu horrekin eta baliabideak eskaini. Laguntza onartzen badu, berriz, barran dagoen langileak pertsona horri kasu eginen dio. Arreta handiz entzun erasoa jasan duenak esateko duena eta inolaz ez jarri zalantzan kontatzen duena. Horrekin batera, laguntza eta baliabideak eskaini behar zaizkio, eta erasotzailea kanporatzea izanen da hurrengo pausoa: «Erasotzailearekin hitz egin, argi utziz ez dela jarrera sexistarik onartzen eta gunetik kanporatu».
      Erasoen telefonora ere deitu edo idatzi beharko da, erasoa erregistratzeko.
  • Intentsitate altuko erasoa denean:
    • 112ra edo arreta telefonora deitu (617 38 55 98) eta erasoa jasan duenari behar duen laguntza guztia ematen saiatu, beharko balitz berarekin gelditu artatzen duten bitartean.
Erasoen ondorengo erantzun soziala
  • Intentsitate baxuko erasoen kasuan:
    • Erantzun soziala mugimendu feministaren esku dago, baina Erasoen Aurkako Mahaiko kideei bat egiteko proposatuko zaie.
    • Herrian intentsitate baxuko hiru eraso gertatzen diren egunaren biharamunean, 19:00etatik 19:30era, elkarretaratze isila eginen da, bitartean egitaraua geldituko da, ekitaldiak atzeratuz. Era berean, barrak, komertzioak, etab. ixteko gonbidapena luzatu dute.
  • Intentsitate altuko erasoen kasuan:
    • Larrialdi mahai bat deituko da erasoa gertatu eta biharamunean, erantzuna zehazteko. Larrialdi mahaia udalak, berdintasun teknikariak eta mugimendu feministako kideek osatuko dute.
    • Elkarretaratze isilerako deialdia eginen dute plazan, baina honen deialdia Erasoen Kontrako Mahaiaren esku izanen da.
    • Egitaraua bertan behera geldituko da 24 orduz, beti ere, erasoa jasan duenak salaketa soziala jartzea erabakitzen badu. Geldialdi hau noiz izanen den larrialdi mahaian zehaztuko da, eta herritarrei jakinaraziko zaie.
    • Aurreko kasuan bezala, gainontzeko eragileei ere proposamena zabalduko zaie bakoitzak bere esparrutik 24 orduko geldialdi horrekin bat egin dezan.
Emagin zerbitzua

Pestetan Emagin elkartearen arreta zerbitzua jarriko dute Leitzan.

  • Abuztuaren 10ean, 19:00etan hasi eta hilaren 16ko 10:00 arte 24 orduko zerbitzua izanen dute martxan. Telefonoa (617 38 55 98) aktibo izanen da eta telefono bidezko arreta hartuko dute horra deitzen dutenek.
  • Abuztuaren 10ean, 11n eta 12an, 20:00etatik 00:00etara informazio gunea jarriko dute plazan.
  • Abuztuaren 10ean, 11n eta 12an, 00:00etatik 08:00etara aurrez aurreko arreta emanen dute.

Kontsultatu protokolo osoa hemen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun