1.500 kilo inguru ikatz atera dituzte Goizuetako txondorretik

Ttipi-Ttapa 2023ko uzt. 3a, 14:00

Ekainaren 3an Goizuetan piztutako txondorretik ikatza atera zuten larunbat goizean. Hamar-hamabi lagun bildu ziren eta emaitzarekin «arrunt gustura» daudela kontatu du txondorgileen taldeko Fernando Goiak. Dena den, hortik harago, «txondorraren bueltan sortu den giroa» nabarmendu nahi izan du. Ikatza saltzeko asmoa dutela ere jakinarazi du.

Argazkiak: Felix Loiarte eta Goizuetako txondorgileen taldea.

«Gutxi gorabehera 1.500 kilo inguru ikatz atera ditugu». Halaxe kontatu dio Goiak TTIPI-TTAPAri. Larunbat goizean horretan aritu ziren lanean, eta emaitzarekin kontent gelditu dira: «Zer sartzen den jakinekoa izaten da, baina ez da sekula segurua izaten zer aterako den. Zer lortu dugun ikusita arrunt gustura gaude. Gure helburua txondorra egin eta sua behean azaltzea zen, eta esaten genuen zaku bat aterata ere positiboa izanen litzatekeela». Hala ere, garbi utzi nahi izan du «helburua ez dela negozioa egitea izan; garai batean Goizuetan garrantzi haundia izan zuen ogibide bat ondorengoei erakustea baizik».

Balorazio «arrunt positiboa» egin du, baina egindako prozesua izan da Goiak nabarmendu nahi izan duena: «zer bizitasun eman dion herriari eta zer giro sortu den txondorraren bueltan. Adin guzietako jendea elkartu gara, jende pila etorri da bisitan, tartean ikazkin bat edo beste ere azaldu dira». Eta guztiaren gainetik, «hainbat adinetako jendea bilduta sortu dugun familia giroa» txalotu du: «Hori da, dudarik gabe, aberasgarriena niretzat».

Ikatza saltzeko

Bildutako ikatza saltzeko asmoa dute orain txondorgileek. Kontatu duenez, «herrian jende askok galdetu du eta sagardotegiren batetik ere eskatu digute». Oraindik «noiz eta nola» salduko duten ez omen dute erabaki, baina ia ziurtzat jo du «aurrena txondorgileen taldekoek izanen dutela lehentasuna, ondoren herritarrek, eta sobratzen bada, gainerakoek». Gaineratu duenez, «epe laburrean plazaratuko dugu ikatza».

Hurrengo txondor egunaz galdetuta, ordea, «ez dugu deus erabaki», erantzun du. «Batzuk bost urte gehiegi dela aipatu dute... Segur aski lau bat urtera izanen da». Hori baino lehen, ordea, taldekideek balorazioa egin beharko dutela esplikatu du Goiak; «badira idatzi beharreko gauza batzuk, hurrengo txondorra egiterakoan kontuan hartzeko». Horrez gain, balorazioa egin bidenabar, «txondorgileek bazkari bat egitea ederra» izanen litzatekeela aipatu du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun