2019an egin zuten azken aldiz Leitzulia BTT proba, eta 2020an, 2021ean eta 2022an bertan behera uztea erabaki zuten antolatzaileek. Aurten berriz berreskuratzea erabaki dute eta martxan hasiak dira. Izena emateko epea zabalik dago eta irailaren 15eko 12:00 arte egiten ahal izanen da kirolprobak.com atarian. 25 euro ordaindu beharko dira eta gehienez 350 parte hartzaile onartuko dituzte. Parte hartzaile guztiek 18 urteak beteak izan beharko dituzte.
Lasterketa 09:00etan plazatik abiatuko da eta 15:00etan toki berean izanen du helmuga. Dortsalak, berriz, proba egunean, 07:30etik 08:45era hartu ahal izanen dira, izena emateko orriaren egiaztagiria aurkeztuta.
Bestalde, antolatzaileek probaren hasierako tartea arautuko dute, martxa neutralizatu gisara; hasieran herriko hainbat kale zeharkatuko dituztelako eginen dute horrela. Antolatzaileen hitzetan, «modu honetara pilaketak eta erorketak ekidin nahi dira».
Gainerakoan, ibilbidean bi kontrolgune jarriko dituzte, lehenbiziko bi anoa guneekin bat eginez. Aurrenekoa Basakabin, ibilbidearen 17,5. kilometroan eta hortik pasatzeko ordu muga 12:00etan ezarri dute. Bigarren kontrol puntua Uitziko gainean jarriko dute, 34,5. kilometroan. Kasu horretan, pasatzeko ordu muga 13:30ean izanen da. Anoa guneak, berriz, hiru izanen dira, aipatutako tokietan bi eta hirugarrena helmugan.