Goizeko 9etan hasi zen proba baina aurretik omenaldia eskaini zioten Jon Kanflanka Mikoneri. Nafarroako hiru txapela lortu eta Euskadi txapeldunorde izana da segan eta utzi berria du segalari ibilbidea. Bertsoak abestu zizkioten, Joseba Sagastibeltzak aurreskua dantzatu eta hainbat probetan bere laguntzaile izan den Andoni Zuriarrainek Mendibil BTT taldeak eskainitako txapela jantzi zion, Mendibileko taldekidea ere bai baita Kanflanka. Bere ibilbidea omendu eta Leitzulian bideak garbitzen urtero egindako lana eskertu nahi izan zioten.
Leitzako plazatik abiatuta, herriko kaleetan barna joan ziren txirrindulariak Plazaolako bide berdera iristeko. Handik Leitzalarre eta Petriketako gainera igo ziren. Pedalei gogor eraginez, gora eta behera ibili ziren Usategieta, Idiazabal, Kornieta eta Uitziko eta Guratzeko gainetik pasaz eta ibilbidea Leitzako plazan bukatu zuten. Bezperan egindako euriaren ondorioz ibilbidea bustita zegoen baina eroriko bat edo beste izan arren, ez zen gorabehera esanguratsurik izan.
Proba lehiakorra ez zen arren, parte hartzaile batzuk dena eman zuten. Haimar Zubeldia izan zen helmugara iritsi zen aurreneko txirrindularia, itzulia bi ordu eta bost minutuan osatuz. Azkenak berriz, bost orduren bueltan helmugaratu ziren. Plazan ongi irabazitako hamaiketakoa zuten denek aukeran.