JOSEBA SAGASTIBELTZA

«Herriarteko nagusiko finala uztailaren 9an jokatu beharko dugu azkenean, epaileak erabakiko du zeinen kontra»

Ttipi-Ttapa 2023ko eka. 28a, 12:30
Leitzako Txoperena pilotaria, finalerdietako tanto bat ospatzen. Leitzarrek uztailaren 9an jokatuko dute herriarteko nagusiko finala, baina ez dakite noren kontra.

Joseba SAGASTIBELTZA, Leitzako pilota elkarteko ordezkaria

Epaileen erabakien zain dago gaur gaurkoz Nafarroako Herriarteko pilota txapelketa nagusiaren finala. Leitzak kirol legez lortu du finalerako txartela, baina, itxura batean, Iruñeak ez du araudia bete txapelketa hasieratik, herri (hiri) horrekin jokatu ezin zezaketen bi pilotari kantxaratuz. Herriarteko txapelketaren araudiaren arabera, hori egiten duen herria kanporatu behar baldin bada ere, federazioak izendatutako epaile bakarrak, Iruñea eta Larraun arteko finalerdietako partidetako bat errepikatu behar dela ebatzi du eta Larraunek errekurtsoa jarri du. Joseba Sagastibeltza, Leitzako ordezkariaren esanetan, «nahiz eta gu, herriarteko txikiko eta handiko finalera sailkatzeko pozarekin egon, orain egoera penagarria» da. Uztailaren 1a festa handia izan behar zuen Leitzan, «finalak irabazi ala galdu», baina orain larunbat goizean herriarte txikiko finala bakarrik jokatuko dute Berako taldearen kontra eta herriarteko nagusikoa, berriz, «seguruena uztailaren 9an, baina ez dakigu oraindik zeinen kontra».

Herriarteko Nagusiko afera moldatzeko edo bilera izan zen atzo. Zertan dago gaur gaurkoz kontua?

Kontua ez dago itxia. Herriarteko finalerdiak jokatu ondotik ailegatu zitzaion Larrauni berria: Iruñeko pilotari bati, legez, ez zegokiola jokatzea. Araudiaren arabera, pilotariak bost urte behar ditu herri horretan erroldatua edo, bestela, herri horretan ateratzea bere pilotako aurreneko fitxa. Pilotari honen kasuan ez zen horrela eta erreklamazioa sartu zuen Larraunek eta atzo ebazpena eman zuen epaileak: Arrazoi ematen dio Larrauni eta pilotari horri ez zegokiola partidu hori jokatzea dio. Aldi berean, partida hori errepikatu behar dela dio epaileak, baina herriarteko txapelketaren araudiak garbi asko jartzen du talderen batek alineazio okerra egiten badu automatikoki herria kanporatua gelditzen dela. Beraz, ez datoz bat epailearen ebazpena eta herriartekoaren araudia. Larraunek erreklamazioarekin segituko du eta orain zain gaude errekurtso horrek zer bide egiten duen.

Segurua dena, larunbat honetan ez duzuela herriarteko nagusiko finala jokatzerik izanen…

Pena handia da. Finalerdietan sartu ginenean, bai txikitan eta bai handitan, guretzat sorpresa eta poz handia izan zen. Bietako bat finalean sartzea handia izanen zela aipatzen genuen eta biak sartzea… Uztailaren 1ean Leitzan festa handi bat egitea pentsatzen genuen, baina ttikiena bakarrik ospatu beharko dugu, tamalez. Bestea esperatu beharko dugu, seguruenik uztailaren 9an jokatuko da.

Herri txikietan, bertako pilotariekin, herriartekorako taldeak egiteko izaten dituzuen lanak ezagututa, bitxia da Iruñea, hiriburua, izatea araudia betetzen ez duena…

Gure kasuan, herriarteko handian, jubenil mailan kadete mailako bi pilotari ari dira txapelketa osoan eta horrek emaitzetan eragina du, baina beraiengatik ez balitz ez genuke talderik aterako, jubenil mailako pilotaririk ez daukagulako. Beste herri batzuetan, aspaldian pilotan aritu ez ziren pilotariak sartu dituzte… Eta Iruñea batek, hiriburukoak ez diren pilotariekin osatu beharra taldea penagarria da, bai.

Azkenean duela urte batzuetako arazora bueltatzen da, ez? Araudia aldatu zen, herriartekoa txikian eta handian banatu zen, baina lehengo lepotik burua.

Joan den urtean jokatu zen herriartekoa lehen aldiz araudi berriarekin, lehen aldiz egin ziren herriarteko txikia eta handia… Araudia herri txikietako pilotariri laguntzeko egina da, taldea osatzeko aukera izan dezaten. Ez dauka zentzurik hiririk handiena horretaz baliatzea taldea osatzeko. 200.000 bizilagun baino gehiago duen herria ez bada bertako sei pilotari elkartzeko gai… Ez du asko betetzen herriartekoaren filosofia. Cortesko pilotari batek Iruñea ordezkatzeak ez dauka zentzurik.

Kirolez kanpoko afera hauek ahaztuta, ibilbide bikaina egin du Leitzak aurtengo Herriartekoan…

Herriarteko txikian gure taldeko onenak izan ginen, jardunaldi guztiak 2-1 irabazita. Final laurdenetan ere 2-1 irabazi genion Lizarrari eta finalerdietan ere 2-1 Barañaini. Infantilek beraien partida guztiak irabazi dituzte, seinek final laurdenetakoa izan ezik beste guztiak eta kimuek final laurdenetakoa bakarrik irabazi dute. Herriarteko nagusian ere, jardunaldi guztiak 2-1 irabazi ditugu. Kadetetan eta jubeniletan, bietan kadete mailako lau pilotarirekin ari gara eta hortaz, jubenil mailan galdu ditugu partida guztiak. Gazte mailan oso pilotari onak dituzten pilotarien kontra jokatu behar izan dute kadete mailako gure pilotariek eta eskertzekoa da egin duten ahalegina, beraien papera guztiz funtsezkoa izan da, bestela ez baikenuen parte hartzerik izango. Garaipena bezala ospatzen dugu beraiek jokatzea. Hasierako fasean talde onena izan ginen, final laurdenak Donezteberen kontra irabazi genituen etxean, seniorretan justu-justu, 22-21 irabazita eta finalerdietan Baztani, ligaxkan bezala, 2-1 irabazi genion.

Eta larunbatean ttikien finala Beraren kontra. Nola ikusten duzu?

Orain arte sorpresa batzuk eman ditugu eta finalean ere sorpresa emateko gogoz gaude, baina egia esateko, oso zail ikusten dut. Infantil mailan bai, irabazi dezakegula aurreikusten dugu, baina beste bietan Berak oso-oso bikote indartsuak ditu. Eta pilotari bat baino gehiago oso maila onean joka dezaketenak. Oso zaila izango da, baina gure pilotariak ere gogoz entrenatzen ari dira eta nork daki, urduritasunak ere izaten dira eta ikusiko dugu. Irabazi ala galdu, bueltan 60 bat lagunek bazkaria egingo dugu Leitzako igerilekuan.

Nagusian, berriz, zain egon behar…

Epailearen atzoko ebazpenak bidea ematen du finala jokatzera eta jokatu egin beharko da, modu batera edo bestera. Heldu den astearterako ebatziak egon beharko lukete aurkeztu daitezkeen errekurtso guztiak. Errekurritutako partida hori jokatu beharko balute Iruñeak eta Larraunek, gero egin beharko lukete eta finala uztailaren 9an. Araudiaren arabera, nik garbi ikusten dut Iruñea kanporatu beharko luketela eta Larraunen kontra jokatu beharko genukeela finala. Logikoena hori iruditzen zait, Iruñeak txapelketa hasieratik gaizki egin duelako. Zuzen bidean Larraunen kontra jokatu beharko genuke, baina epaiketak epaiketa dira eta ikusiko dugu zer ebazten duten. Kirol aldetik, kadete mailan, iruditzen zait gureek bai Iruñeari baita Larrauni ere irabaz diezaioketela, jubeniletan bien kontra gaizki ibiliko gara eta seniorretan, bi aurrelarirekin ari gara, Txoperena eta Goikoetxearekin eta atzean ari den aurrelaria, Goikoetxea, oso ongi ari da jokatzen. Aukerak badituzte, bai Iruñea baita Larraunen kontra ere. Aukerak badaude, ezinezkoa ez dugu ikusten.  

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun