Herriarteko pilota txapelketa nagusiko afera dela eta, adierazpena egin du Leitzako Aurrera Pilota Eskolak

Ttipi-Ttapa 2023ko eka. 27a, 12:30
Nafarroako herriarteko pilota txapelketa nagusiko finalerako txartela kirol legez lortu du Leitzak, baina seguruenik ez dute finala jokatzerik izanen.

Iruñeak jokatu ezin zuten bi pilotarirekin jokatu duela eta, seguruenik bertan behera geldituko da maila nagusiko finala

Nafarroako Herriarteko Pilota Txapelketan sortu den aferaren inguruan adierazpena egin du Leitzako Aurrera Pilota Eskolak, '2023ko Herriartekoak, merezi duen amaiera izanen al du?’ goiburuarekin.

Aurrera pilota eskolak dioenez, «pasa den larunbatean ilusio ikaragarriz joan ginen Labritera herriko pilotariekin. Goizez Nafarroako Herriartekoan, Ttikien adarrean, finalerdiak jokatu behar zituen Leitzak eta arratsaldeaz, absolutuan, berdin eginen zuen. Barruan ezin kabituzko pozarekin ginen, jadanik lortutakoaz harro, baina zergatik ez, gehixeago nahi eta borrokatzeko indar guztiz».

Goiza ezin hobeki joan zen, Barañaini 2-1 irabazita final txikira sailkatzea lortu baitzuen Leitzak eta arratsaldean ere beste horrenbeste egin zuen, Baztani 2-1 irabazita lortu baitzuen final handirako ere sailkatzea: «Irabazi eta Leitza bi adarretan finalerako sailkatu! Ez sinistekoa! Txapelketa hasi aurretik ametsik ederrenean ere, bi adarretan finalera iristea…».

Uztailaren 1eko bi finalak eta eguna bera antolatzeko gogoz ekin zion asteari Leitzako Aurrera pilota eskolak, «Leitzarentzat egun handia izanen zena, pesta handi bat izatea nahi genuen». Baina astea hastearekin batera, berri ezin txarragoa hartu zuten, «Iruñearekin (Oberena) jokatzerik ez daukaten (araudia betetzen ez dutelako) bi pilotarik jokatu dute txapelketan zehar, baita finalerdian ere».

Bi pilotari horiek Iruñearekin «ezin zutela eta ezin dutela jokatu garbi asko geratu da, geratu zaigu guztioi. Pentsatzen dugu asmo txarrik ez dela egon inoren aldetik, baina bi pilotari horiek ezin zuten eta ezin dute Iruñea ordezkatu. Gure iritziz, Iruñeak ez du araudia betez lortu finalerako txartela, beraz, ez dagokio finala jokatzea».

Aurrera pilota eskolaren arabera, epaileak ebatzi beharko du zu zer bilakaera beharko duen Herriartekoak maila nagusian. Leitzarrek festa handia egitekoa zuten uztailaren 1ean, irabazi edo galdu, ttikiko eta nagusiko pilotari guztiekin batera. «Tamalez, ttikikoekin bakarrik ospatuko dugula dirudi. Edonola, irtenbide onik ez, hasiera hasieratik izan baita okerra eta tamalez, ia bukaeran argitaratu».

Nafarroako herriartekoak araudi zuzen bat izateko borrokan urteetan aritu direla gogorarazi dute, «iaz lortu genuen eta bigarren urterako dena hankaz gora botatzerik ez daukagu!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun