Landa Nafarroa Lotu lankidetza proiektuaren barne, eskuragarri dauden baliabideen efizientzia optimizatu nahi dute konektibitatearen bidez eta erronka demografikoari aurre eginez herritarrak erakarri nahi dituzte. Konektibitatearen harira, alde batetik, konektibitate digitala landu nahi dute, toki erakundeek ematen dituzten zerbitzuak digitalizatuz eta herritarren eta enpresen prestakuntza hobetuz, zerbitzu digital horiek eskura ditzaten eta izapide telematikoak egin ditzaten. Horrekin batera, mugikortasun jasangarriaren aldeko apustua egin nahi dute, pertsonen eta lurraldearen konektibitatea hobetzeko eta hirugarrenik, tokiko produktuaren eskaintzaren eta eskariaren arteko konektibitatea landu nahi dute landa eremuen ekonomia bultzatzeko.
Eskaintzaren eta eskariaren arteko konektibitatea
Hain zuzen, eskaintzaren eta eskariaren arteko konektibitatea lortzeko, tokiko eskaintza, eskaria eta kontsumoa harremanetan paratu nahi dituzte, 0 kilometroko kontsumoa indartuz eta landa eremuetako ekonomia modu jasangarrian bultzatuz. Horretarako, besteak beste, tokiko produktuak tokiko merkataritzan eta ostalaritzan egon daitezen bultzatzeko, sare logistikoa diseinatu nahi dute. Cederna Garalurrek adierazi duenez, «espero dugu banaketa ibilbide logistiko bat diseinatzea eta proba pilotuak egin ahal izatea, proposatutako diseinuaren bideragarritasun ekonomikoa aztertu, baliozkotu eta ezagutu ahal izateko».
Bide honetan, proiektua aurkezteko eta egin beharreko pausoak esplikatzeko, astelehenean lehenbiziko bilera egin zuten, eta orain, berriz, nekazariek eta eraldatzaileek betetzeko galdetegia prestatu dute. Online bete daiteke hemen.