Mendialdea elikadura

Mendialdeko Azoka Ibiltarien laugarren denboraldia apirilaren 16an Arriben hasiko da

Ttipi-Ttapa 2023ko api. 2a, 11:00

Bederatzi azoka ibiltari eginen dituzte aurten Mendialdean eta horietan aurrenekoa Araizko bailaran, Arriben, eginen dute, apirilaren 16an. Egun berean, Plazaola Partzuergo Turistikoak bailarako emakume artzainak omenduko ditu. Gainerakoan, ekainaren 4an azoka Goizuetan eginen dute, irailaren 10ean Leitzan eta irailaren 24an Areson.

«Bertako baserritarrek eta artisauek egindako garaiko produktuak sustatzeko, ikusarazteko eta saltzeko helburuarekin» lanean segitzen du Mendialdea eskualdeak. Eta bide horretan antolatu dute laugarren aldiz azoka ibiltaria.  

Bederatzi azoka
  • Apirilaren 16an, Arriben (Araitz). Egun horretan Emakume Artzainen Eguna eginen dute.
  • Maiatzaren 14an, Arruitzen (Larraun). Aldi berean, latxa arrazako ahari genomikoen enkantea eginen dute.
  • Ekainaren 3an, Goizuetan. Egun horretan txundar eguna eginen dute.
  • Ekainaren 25ean, Lekunberrin.
  • Uztailaren 2an, Latasan (Imotz).
  • Uztailaren 30ean, Jaunsaratsen (Basaburua).
  • Irailaren 10ean, Leitzan. Egun horretan talo eguna eginen dute.
  • Irailaren 24an, Areson.
  • Urriaren 8an, Beuntzan (Atetz).

Azoka guztiak igandetan 10:30etik 14:00etara izanen dira, eta tokiko produktuak eskainiko dituzte. Alde batetik, elikagai freskoak eta eraldatuak: arrautzak, gazta, jogurta, hestebeteak, eztia, marmelada, ogia, garaiko barazkiak, olioa, sagar zukua, garagardoa, taloa, txokolatea, patea… Eta bestetik, elikagaiak ez diren produktuak: artisau xaboiak, zilarrarekin eta larruarekin egindako artisau lanak, kosmetika naturala, zapatak, bitxiak, zurezko tailla lanak…

Bestalde, garaiko eta bertakoen produktuen dibertsifikazioa sustatzeko, eskualdetik kanpoko ekoizleak eta artisauak gonbidatuko dituzte azoketara, eta horretarako «inguruko herrietakoak eta Nafarroakoak» lehenetsiko dituztela adierazi dute.

Azoka ibiltariak Mendialdeko hamar udalek antolatzen dituzte, Cederna Garalur eta Plazaolako Turismo Partzuergoaren koordinazio teknikoarekin, eta Habelarte baserritarren elkartearen, eta Araizko Zaporeak, LeitzEKO eta Bertatik Bertara dinamiken eta eskualdeko hezkuntza zentroen laguntzarekin.

Emakume Artzainen Eguna

2022an Lekunberrin egin zuten Emakume Artzainen Egunaren aurreneko edizioa. Aldi hartan, Larraun-Lekunberriko emakume artzainak omendu zituzten, artzaintzan, gaztagintzan eta baserrian emandako guztiagatik, eta familian, gizartean eta kulturan egindako beste hainbat lanengatik. Topaketa hartan, gaur egun baserrian erreleboa hartu duten eta lehen sektorean lan egiten duten emakume gazteek ere parte hartu zuten. Horri segida emanez, aurtengo edizioa, Arriben eginen dute eta Araitz-Betelu bailarako emakume artzainak omenduko dituzte.

Egitarau hau prestatu dute:

  • 10:30ean bailarako emakume artzainen topaketa, iaz omendutako Lekunberri-Larraungo emakumeen artzainekin batera. Hamaiketakoa Arribeko elkartean.
  • 12:30ean omenaldia.
  • 10: 30etik 14:00etara Arribeko plazan: gazta egiteko erakustaldi publikoa, artzainen kaleko animazioa Orritz-Iskidi artaldearekin eta azoka ibiltaria.
Gehiago ere bai

Arriben eginen duten hitzorduaren aurretik, apirilaren 5etik 16ra artzaintzari buruzko erakusketa eginen dute Lekunberriko geltoki zaharrean. Eta apirilaren 15ean turismo bulegoko geltokian Idiazabal Jatorri Deituraren eskutik gazta dastaketa, mahai ingurua, pintxoak eta gazta salmenta eginen dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun