Inauteriak 2023

«Egunerokotasunetik atera eta taldean gozatzeko egunak dira inauteriak»

Ttipi-Ttapa 2023ko urt. 19a, 09:00

«Bizitzako garraztasunak umore eta alaitasunez janztea» gustuko duen emakumea da Maite Perurena Loiarte leitzarra. Kantatzea, lagunartea, mendia, irakurketa, zinea, eskulanak, sendabelarrak… ditu zaletasun, eta noski, herriko inauteriak ere bai: «egunerokotasunetik atera eta taldean gozatzeko uneak dira, umore, kolore, txistu, kanta eta dantzaren erritmora».

Txikitatik bizi izan ditu; «oroitzapen asko ditut, denak oso onak, bereziki baserriko eskeko momentukoak. Duela 43 urte atera nintzen lehenengoz Erreka auzoko baserrietara eta geroztik urte bakarrean huts egin dut, nahiz eta kanpoan bizi, umeak izan eta bizitzako gorabehera asko nozitu».

Inauterien aurretik prestaketak egin behar dira: «etxean ditudan trapu eta jantzi zahar guztiak atera eta neure buruarekin eta ingurukoekin konbinazioak egiten hasten naiz, oso momentu barregarria izaten da. Orain modan dago mozorroak erosi eta denak berdin janztea, baina niretzako trapu zaharren arteko joko horrek xarma haundia du, bakoitzak bere gustura moldatzen duelako». 

Etxeko lanak ere eginak utzi behar dira; «etxean guztiak gara parrandazaleak eta otorduak eta prestaketak aurretik antolatu behar izaten ditugu». Eta noski, «Erreka auzoan bizi garenez, eskelariei gure ateak irekitzeko lana parrandarekin uztartzen dugu». 

«Jostatzea, koloreekin jokatzea, itxuraldatzea eta urtean zehar jarriko ez nituzkeenak janztea gustuko dut»

Inauteriak hastean, «kale giroan antolatutako ahal dudan ekintza guztietan parte hartzen dut, lagunekin eta ingurukoekin disfrutatuz». Astelehenean eta asteartean «bereziki gustuko dut txistularien itzalean baserriko eskea ibiltzea». 

«Jostatzea, koloreekin jokatzea, itxuraldatzea eta urtean zehar jarriko ez nituzkeenak janztea» da gehien gustatzen zaiona, «beste norbaiten larruan sartzea, desinhibitzea, ingurukoei zirikatzea, barre egitea eta ongi pasatzea».

Pandemian «gure modura» ospatu dituzte inauteriak eta aurten «gogotsu» hartuko dituzte; «nire sasoia ez dago nik nahiko nukeenaren pare baina inauteriek beti ilusio berezia egin didate». Gainera, Leitzako inauteriak «disfrutatzeko edozeini irekiak» daudela azpimarratu du. «Beste herri batzuetan eskea egiten da, baina ez dira Leitzan bezain parte-hartze irekikoak».

Urteekin inauteriak «asko» aldatu omen dira; «lehen oso jende gutxi mozorratzen zen, eta orain adin guztietako emakumeek eta gizonek parte hartzen dute». Gainera, festa nagusiak «asteleheneko eskea eta bazkaria eta astearteko parranda» izan ohi ziren, «gaur egun asteburuko parranda gailendu da, larunbatean hasten da ospatzen eta igande goizak indarra hartu du atsaureen herri bazkariarekin». 

Eskeari dagokionez, «pixkanaka galtzen ari da, zoritxarrez baserri asko hustu eta ohiturak galtzen ari direlako. Bizitza bezala, inauteriak aldatzen ari dira eta gure gazteek eskerako formula berriak asmatu beharko dituzte ohitura eder honi eutsi nahi bazaio».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun