Unai Miranda

«Betizuak kontrolatzeko teknologia berri bat ezarriko dugu aurten»

Ttipi-Ttapa 2023ko urt. 15a, 08:00

Unai MIRANDA BERROETA, Goizuetako alkatea

Urte bukaeran iragarri zuen EH Bilduk Unai Miranda Berroeta izanen dela Goizuetako alkategaia aurtengo udal hauteskundeetan. Azken agintaldi honen errepasoa egin du TTIPI-TTAPArekin.

2019an hartu zuen alkatearen aginte makila Unai Miranda Berroetak, eta bide beretik segitzeko asmotan da, bera izanen baita aurtengo udal hauteskundeetan EH Bilduren hautagaia Goizuetan. Orain arte egindako ibilbideaz mintzatu da, eta «lehentasun nagusiena despopulazioari aurre egiteko neurriak hartzea» izan dela aitortu du. Baina kontu gehiago ere izan ditu hizpide. Besteak beste, eztabaida sortu duten bi puntu polemiko mahai gainean jarri ditu: betizuen gaia eta herri lurren ordenantza eguneratzeko prozesua.  

Agintaldiko azken txanpan sartuta, zein balorazio eginen zenuke? 

Egindako lana herritarrek baloratu beharko dute. Nire ustez, gisa honetako ardurak hartzen direnean, helburu nagusiak herritarren bizia hobetzea izan behar du. Gu horretan saiatu gara; seguru batzuetan asmatu izanen dugula eta beste batzuetan ez. Edozein kasutan, gurea bezalako herrietan lehentasunak ditugun zerbitzuak mantentzea eta ahal den neurrian hobetzea izan behar du, eta hori lortu dugula esanen nuke.

2019ko hauteskundeetan lehenbizikoz aurkeztu zinen hautagai. Zergatik aurkeztu zinen? 

Garbi dut gurea bezalako herrietan bertan bizi garenok egin behar dugula herria ateratzeko ahalegina, bakoitzak bere esparruan eta ahal duen neurrian, baina guk egiten ez badugu, ez du inork eginen. Beraz, proposamena sortu zenean, familiarekin adostu ondoren, aurrera egitea erabaki nuen. 

Udalaren barrenean eta kanpoan herriaren alde lan egitea diferentea izanen da...

Oso desberdina. Udalean sartu aurretik, herrigintzarekin lotutako hainbat eragiletan aritu naiz: guraso elkartea, Umore Ona elkartea, Goizukoop... Baina udalean egoteak beste ikuspegi bat ematen dizu. Hasteko, herritarrak hobeki ezagutzeko aukera, baita administrazioa ezagutzeko aukera ere, eta konturatzen zara askotan herritar batek tramite sinple bat dirudiena egiteko udalera jotzen duenean, administrazioan zenbat eskutatik pasa behar den eta horrek nola atzeratzen duen erantzuna. Erantzunak emateko azkartasun falta hori ez daramat batere ongi, baina konturatzen naiz administrazioak berme bat eskaini behar duela eta horretarako denbora behar dela. Agian bizkortu egin beharko lirateke prozesu batzuk, baina askotan ez dago udalaren esku.

Zein izan dira lehentasunak?

Ur edangarriaren deposituak eta hoditeria aztertzea eta hobetzea, herriko pista printzipalen egoera hobetzea, mendietako birlandaketekin jarraitzea eta ditugunak mantentzea. Baserritarren bizi baldintzak hobetzea eta lehen sektorea indartzea ere lehentasuna izan da, baina, batez ere, gure lehentasun nagusiena despopulazioari aurre egiteko neurriak hartzea izan da. Hor kokatzen ditugu, besteak beste, herrian dauden oinarrizko zerbitzuak mantentzea, Goittikiren egoera bideratzea eta, batez ere, despopulazioari aurre egiteko tresnarik eraginkorrena den etxebizitzan eragitea.

Agintaldi honetatik zer nabarmenduko zenuke?

Alkatea izateaz gain, Mendialdea Mankomunitateko lehendakaria ere banaiz, eta bi erakunde horien inguruan eskualdean zein lurralde mailan lan egiten duen jendea eta erakundeak asko dira. Herri ttikientzat ezinbestekoa da eskualde mailan antolatzea erronkei aurre egiteko. Teknifikazio haundia eskatzen du edozein proiektu aurrera ateratzeak eta hori herri ttikietan ezinezkoa da. Horregatik eskualde mailako erakundeek garrantzia haundia dute eta izanen dute.

«Despopulazioari aurre egiteko etxebizitzan eragin behar da»

Etxebizitzen gaia aipatu duzu. Zein da egoera?

Azken aldian, alokairuan etxebizitza hartuko luketenen eskaria sumatu dugu udalean. Saiatzen gara eskaera bakoitzari irtenbidea ematen, baina beti ez da lortzen. Egia esan despopulazioari aurre egiteko tresna garrantzitsuena hori dela kontuan hartuta, kezkatzen gaituen egoera da. Horregatik, batetik, udalaren jabetzako etxeak lehenbailehen alokairu sozialera bideratzeko lanean ari gara, eta bestetik, etxejabeekin lanketa egin behar dugu Nasuvinsaren laguntzak zein diren adierazteko eta erabiltzen ez diren etxebizitzak behar duenaren esku jar ditzaten gonbidatzeko.

Betizuen gaiak tokia hartu du zuen agendan. Goizuetar bati baino gehiagori aditua da: «Goizuetako mendiak betizuz josiak daude»...

2021eko datuen arabera, Goizuetan 812 behi azienda daude erregistratuta, gehienak betizuak. 2015ean 577 ziren. Datu objektiboak dira, eta horri gehitzen badiogu betizuak urte guztian mendian libre ibiltzen direla eta nahi baino gehiagotan herrian, errepidean edo baserri inguruetan dabiltzala, herritar askoren sentsazio hori areagotu egin da, eta haserre mintzatzen dira udalari soluzio eske.

Ustekabeko bat edo beste ere izan dira betizuekin Goizuetan...

Egia da, bai. Mendian libre ibiltzen direnez, nahiz eta ez den oso ohikoa izatean, egun berean eta paraje berdintsuan bi susto izan genituen. 

Nafarroako Gobernuarekin ere bildu zarete arazoari soluzioa eman nahian. Zertan dago kontua? 

Bai, hartu-emanak izan ditugu, bai gaiaren inguruan zeresana izan dezaketenekin, baita abeltzaintza departamentuarekin, ASBENArekin (Betizu arrazako elkartea) eta INTIArekin ere. Estentsiboan bazkatzen dituzten azienden inguruan azken hilabeteotan Nafarroan teknologia berri bat probatzen ari omen dira eta emaitzak onak direla diote. Teknologia horrekin, itxitura birtual bat ezarrita aziendak ez omen dira ateratzen. Gure mendietan funtzionatuz gero, garbi dago irtenbide egokia izan daitekeela. Gurean probak egiteko eskatu dugu.

Soluzioa izan daiteke?

Gaiak ez dauka soluzio errazik. Gure ustez, irtenbideak baliagarria izan behar du abeltzainentzat eta gainontzeko herritarrentzat. Goizuetako mendien neurria ikusita, aziendak ibiltzeko nolabaiteko mugak ezartzea izan daiteke aukera bat, leku jakin batzuetan ez ibiltzeko: herri inguruan, baserri inguruetan, mendiko bide batzuetan, errepidean... Izandako bileretan aipatu diguten teknologia hori lagungarri izanen dela pentsatzen dugu, eta EHBilduk Nafarroako aurrekontuetan sartutako emendakin bati esker, aurten teknologia hau betizuekin gure mendietan ezarriko da. 

«Gustura gaude ordenantzen emaitzarekin eta izan duen babesarekin»

Herri lurren ordenantza eguneratzeko prozesuak ere eztabaida sortu du herrian. Azalduko zenuke?

Bai, herri lurren aprobetxamendurako ordenantza berritzeko prozesuan gaude. 2010ekoa da indarrean dagoena, eta duela bi urte NPBrako (PAC) hektareak banatzerakoan, eskaria eskaintza baino haundiagoa izan zen. Egoera azaltzeko lantalde bat sortu genuen, besteak beste, herri lurren egoera hobetzeko eta ordenantza eguneratzeko. Lantalde horrek bere lana egin du. Horrez gain, herri lurrak hobetzeko, topaketa bat egin genuen, eta momentu honetan hurrengo urteetako mendi komunalaren antolamenduaren bigarren errepasoa egiteko prozesua irekia dagoenez, bertan jasoko ditugu larreak hobetzeko egin beharreko ekintzak. Ordenantzari dagokionez, berritzeko prozesu parte hartzaile bat egin dugu eta oso positiboa izan da. Hiru bilera egin genituen, batez beste 25 bat lagunek parte hartu zuten, nahiko orekatua genero ikuspegitik, baita hainbat auzotako herritarrek parte hartu zutelako ere. Guztiek izan zuten iritzia eman eta ekarpenak egiteko aukera, eta horiek kontuan izanda sortu genuen ordenantza berria izanen denaren zirriborroa.

«Normala da ordenantzekin denak gustura ez egotea»

Zirriborroak aldeko eta kontrako iritziak sortu ditu...

Prozesu parte hartzailean bost punturen inguruan hitz egin genuen: herritar bakar batek erabiltzeko lurren kudeaketa, auzolana arautzea, mendietako batzordeak sortzea, NPBrako hektareak esleitzeko irizpideak eta tasak. Gai bakoitzeko ekarpenak jaso eta erabakiak adostasun zabalarekin hartu genituela esanen nuke. Harritu gaitu udalari herritarren aurkako ordenantza egitea leporatu izana. Ulertzen dugu ordenantzaren puntu batzuk desadostasuna sortu izana zenbait abeltzainen artean. Normala da denak gustura ez egotea, baina orokorrean, prozesu parte hartzailean bildutako ekarpenek ordenantza zuzen eta osatu bat egiteko aukera eman dute, eta gustura gaude emaitzarekin, hurbildutakoen babes zabala sentitu dugulako. 
Eztabaida sortu duen puntu baten adibide gisa, duela 37 urtetik aldatu gabe zeuden tasak eguneratu dira. Jakitun gara ez dela inoren gustukoa tasak igotzea, baina uste dugu indarrean dauden tasak minimoaren azpitik daudela eta ez datozela bat errealitatearekin. Ez da zuzena tasak % 200 igo ditugula esatea, jatorria non dagoen argitu gabe.

Nola dago ordenantzen kontua?

Prozesu parte hartzailea bukatu ondoren, orain hasierako onarpena eman behar du udalbatzak. Ondoren helegiteak aurkezteko epea irekiko da, eta gero behin betiko onarpena indarrean sartu aurretik. 

«Denok gara ezinbestekoak Goizueta indartzeko»

Udal hauteskundeetara aurkeztuko zarela iragarri du EH Bilduk...

Bai, EHBilduren alkategaia izanen naiz. Dena den, hurrengo urteetako erronkei erantzuteko denok izanen gara garrantzitsuak, udal talde sendo bat, herritar konprometituak, herri eragileak eta herritar bakoitzaren ekarpena. Denok gara ezinbestekoak Goizueta indartzeko.  

Zerbait gaineratuko zenuke?

Urte hauetan egin duguna goizuetarrei bizitza hobetzeko helburuarekin egin dugu. Lanetako batzuk hauek izan dira: Bekolandako zeharbidea zolaberritu, Tifanitxon eragileentzako espazioak egokitu, udaletxean igogailua jarri, ur ihes batzuk konpondu, komun publiko bat ireki, eskolan eta medikuaren kontsultategian inbertsioak egin, Goizueta info mezularitza zerbitzua martxan jarri… Beste lan batzuek hurrengo hilabeteetan emanen dute emaitza: errekaren inguruan udaran sortzen den egoera bideratzeko prozesu parte hartzailearen emaitzen zain gaude, edadetuen diagnostiko bat egiten ari gara Nafarroako Gobernuarekin, eta Ospitalea eraberritzeko lanean ibili gara. Emaitzak ematea espero dugu. Horrez gain, gure ustez, herritarrentzat kultur eta kirol eskaintza urte osoan edukitzeak goizuetarren bizi baldintzak hobetzen ditu. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun