Maite PERURENA

«Pobreziaren ardura denona da, gizarte osoak erantzun beharko lioke»

Ttipi-Ttapa 2022ko abe. 28a, 07:45

Maite PERURENA  LOIARTE, Leitza, Goizueta, Areso eta Aranoko Gizarte Zerbitzuetako gizarte langilea eta gizarteratze teknikaria

«Lehenengo pausoa arreta da, entzun behar dugu, harrera ona egitea ezinbestekoa da. Eta ondoren, harrera horretan jaso diren behar eta hutsuneei erantzun, martxan jarri behar diren baliabideak aztertuz». Hala laburbildu du Maite Perurena Loiarte Leitza, Goizueta, Areso eta Aranoko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko gizarte langileak eta gizarteratze teknikariak beharrean daudenei laguntzeko duten prozedura. Hortik haratago doa, ordea, bere ustez, egin beharrekoa: «Pobreziari gizarte osoak erantzun beharko lioke, pobreziaren ardura denona da». 

«Eskura jartzen dizkiguten tresnekin aurre egiten saiatzen» direla aitortu du, «eta teorian, denon artean bermatu beharreko oinarrizko beharrei erantzuteko gaitasuna eta tresnak izan beharko genituzke. Horrek esan nahi du bermatu beharko genukeela osasuna, elikadura, etxebizitza duina, lan duina, hezkuntza, harreman sareak, parte hartzea...». Dioenez, «eskaera horiek guztiak guregana datoz, baina esparru bakoitzari dagokio erantzuna eta irtenbidea emateko ardura».

Urte hauetan zerbitzuak eta beharrak «aldatu» direla adierazi du, eta aldi berean, «urtetik urtera zerbitzua sendotzen» ari dela ikusten du: «Arreta eskaintzeko modu gehiago ditugu eta gero eta herritar gehiagorengana iristen gara, gero eta herritar gehiagok duelako gure berri eta hainbat motatako laguntza eskatzen digute. Lehen eskaera motak berdintsuak ziren eta orain edozein gauza eskatu ahal dizute».

Etxebizitza eta lana

Azken urteotan zerbitzura laguntza bila jotzen dutenen profila «orokortu» dela azaldu du: «Edozein herritar hurbiltzen da, bai adinari, bai generoari, baita jatorriari dagokionez ere». Eta «batzuetan goiti eta besteetan mantendu» egiten omen da laguntza ekonomikoaren bila doazenen kopurua. «Ziklikoa da. Gure eskualdean lanak eta etxebizitzak markatzen ditu gorabehera gehienak. Horien ariorakoak dira populazioaren joan-etorriak eta noski, laguntza eskaera kopurua». 

Eskualdean pobrezia areagotzen duten faktoreak zein diren galdetuta, berriz, «zerrenda luzea» izan daitekeela erantzun du: «zure beharrak asetzea eragozten duten faktore guztiak». Eta hori lotuta «bizi dugun kontraesanaz» aritu da: «ustez, sekula baino baliabide gehiago dago, baina horiek eskuratzeko gero eta oztopo gehiago dauzkagu: baliabide pertsonal ezak, sare ezak, gaizki ordaindutako lanak, diru sarrera baxuak, osasun zerbitzu eskasak, formakuntza ezak, alokairu garestiak... Oinarrizko gastuak, hau da, ura, argia... Dena asko garestitu da eta soldatak ez dira parekatu».

«Lana behar bezala ordaindua eta errekonozitua bada, berma daiteke bizimodu duina, baina zoritxarrez asko dira oso baldintza kaskarretan lan egiten dutenak»

Bere ustez, «lana behar bezala ordaindua eta errekonozitua bada, berma daiteke bizimodu duina, baina zoritxarrez asko dira oso baldintza kaskarretan lan egiten dutenak. Lana baldintzari lotua dago, baldintza horiek duinak badira orduan bermatu dezake bizimodu duina. Lanak ez du berez deus bermatzen, duintasuna lan baldintzari lotua baitago». 

Pandemiak ere bere arrastoa utzi du honetan denean: «Gauza asko aldatu ditu, beharrak eta ohiturak nahasi ditu eta egoera ekonomiko eta sozialak zaildu». Pandemiaren ondorio bat aipatzekotan «arrakala digitala» aipatu du: «Gurea ez, baina beste zerbitzu askoren atentzio maila eta kalitatea asko jaitsi da. Arreta presentziala desagertzen ari da, zerbitzuak digitalizatu dira eta robot eta erantzungailuz josi dute sarea. Ez dago entzunen zaituen pertsona bat eta hori guztia guri heldu zaigu bueltan, gure erabiltzaile askok ez baitute horri aurre egiteko ez tresnarik, ezta formaziorik ere».

«Begiratu aldamenekoari»

Egoera hobetzeko bidean «denen arteko pentsamendu eta ekintza parekideak sustatzen segitzea» da bere hitzetan erronka, «baita egoera ekonomikoak parekatzen lagunduko duten tresnak martxan jartzea ere». Eta bide batez, «aldamenekoari begiratzeko, erreparatzeko eta elkar laguntzeko» deia egin nahi izan die herritarrei, konbentzituta baitago «denok daukagula balioan dugun zerbait eskaintzeko».  

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun