Gobernuak Leitzako basozainen bulegoa hustu du zerbitzua Irurtzunen zentralizatzeko

Ttipi-Ttapa 2022ko abe. 21a, 09:30

Leitzako Udalak sare sozialen bidez jakinarazi du Nafarroako Gobernuak Leitzako Udaletxean zuen basozainen bulegoa atzo hustu zuela. «Eskualdeko herritarren, babes zibileko boluntarioen, eragileen eta udalen aldarrikapenei muzin egin» diela salatu du eta «albiste penagarritzat» jo du.

Zerbitzua eskualdetik kanpo zentralizatuko du orain, Irurtzunen. Eta Leitzako Udalaren hitzetan, «herritarrei arreta zuzena eskaintzeko eta horren garrantzitsua den prebentzioa modu zuzenean koordinatzeko azpiegitura bat gutxiago dugu orain eskualdean».

Nafarroako Gobernuak Leitzako Udaletxean duen basozainen bulegoa ixteko asmoa iragarri ondoren, ez ixteko eta zerbitzua indartzeko eskatuz elkarretaratzea egin zuten azaroaren 28an Leitzan,  Aranoko, Aresoko, Goizuetako eta Leitzako udalek deituta.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun