Leitzako basozainen bulegoa itxi eta Sakanako eta Larraun-Mendialdeko bulegoak Irurtzunen zentralizatzeko Nafarroako Gobernuaren asmoa ez dute begiz onez hartu Aranoko, Aresoko, Goizuetako eta Leitzako udalek, eta hori salatu nahi izan zuten atzo Leitzako eskola eremuko aterpean egindako elkarretaratzean.
Azken boladan zerbitzua murriztu izana leporatu diote gobernuari, «astean soilik bi orduko zerbitzua» emateraino. Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak azken sein hilabeteetan bulegora herritar bakarra joan dela esan du eta hori da «erabakia hartzeko erabili duen argudioa». Lau udalek, ordea, «guztiz gezurtatu» nahi izan dute: «herritarren zerbitzura jarritako bi ordu horietan bakarrik oinarritzen den datua da. Normalean, ohituraz, herritarrek basozainari deitu eta bulegoan hitzordua adosten dute, eta jendaurreko arreta eta tramite gehien-gehienak horrela bideratzen dira. Datu horiek ez dituzte kontuan hartu». Gaineratu dutenez, «dozenaka izan dira denbora tarte horretan basozainen bulegora etorri diren herritarrak, basozainei kontsultak egiteko, erreketa baimenak prestatzen laguntzeko edota eroritako arbolen egurra eskatzeko, besteak beste. Gainera, bulegoaren kokapen hurbilak herriko mendizainarekin koordinazioa eta herritarrei eskaintzen zaien arreta asko errazten du». Ez hori bakarrik: «Despopulazioarekin halako arazoa dugun eskualdean, eta bulegora zuzenean jotzen duten gehienak adinekoak direla kontutan hartuta, horrelako erabaki bat hartzeak eragin handia du gure herrietan».
Zerbitzua Irurtzunen zentralizatzeak duen «zonifikazio ikuspegi okerra» ere salatu dute, «Batetik, basozaintza zerbitzua gure inguruetako baso guneetatik aldentzen duelako eta, bestetik, gure eskualdetik kanpo uzten baitu erreferentziazko bulegoa».
«Aldaketa klimatikoa horren argi pairatzen ari garen garai hauetan, basozaintza zerbitzuan murrizketa planteatzea oso larria iruditzen zaigu»
Eta aldaketa klimatikoaren gaia ere mahai gainean jarri dute: «Aldaketa klimatikoa horren argi pairatzen ari garen garai hauetan, basozaintza zerbitzuan murrizketa planteatzea oso larria iruditzen zaigu. Nafarroan inoiz izan diren suterik larrienak pairatu ditugun urtean, baso komunalaren zaintza gero eta zailagoa den garai hauetan, basozaintzako bulegoa eta zerbitzua indartu ordez ixteko erabakia hartzea, logikak eta zentzuak eskatzen dutenaren kontrako norabidean doala iruditzen zaigu».
«Elkarlanerako eta ditugun baliabide guztiak gure ingurunea zaintzeko zerbitzuan jartzeko» prest daudela diote. Hala, jakinarazi dutenez, «lau herrietako ordezkariak, Goizuetako eta Leitzako suhiltzaile boluntarioak, baserritarren batzordeak, ehiztarien elkarteak eta herritarrak elkarlanean ari gara, gure mendietan auzolan kopuruak handituz, garbiketak antolatuz eta suteen aurkako erretenak egiten».
Zerbitzua indartzeko deia
Basozainen bulegoa itxi beharrean, zerbitzua indartzea da lau udalek gobernuari eskatzen diotena: «giza baliabide eta baliabide materialak handitu ditzala, eta eskualdean dauden gainerako tokiko erakunde eta eragileekin, hots, udalekin, suhiltzaile boluntarioekin, ehiztariekin, baserritarren batzordeekin eta elkarteekin elkarlana indartu dezala, gure basoen zaintza eta suteen aurkako neurriak indartzeko».