Gobernuak Leitzako basozainen bulegoa itxi eta Irurtzunen zentralizatu nahi duela ohartarazi dute Aresoko, Aranoko, Goizuetako eta Leitzako udalek

Ttipi-Ttapa 2022ko aza. 24a, 19:00

Argazkia: Leitzako Udala

Bulegoa ez ixtea eta zerbitzua indartzea eskatuz, lau herrietako udalek elkarretaratzea eta prentsaurrekoa eginen dute astelehenean, azaroaren 28an, Leitzako plazan, 19:00etan.

Leitzako Udaletxean dagoen basozainen bulegoa itxi eta Sakanako eta Larraun-Mendialdeko bulegoak Irurtzunen zentralizatu nahi ditu Nafarroako Gobernuak, eta hala jakinarazi dio berriki Leitzako Udalari. Horren eragina Aranon, Areson, Goizuetan eta Leitzan sumatuko lukete, eta lau herrietako udalek ez dute begi onez ikusi erabakia.

Azken boladan zerbitzua murriztuz joan direla salatu dute ohar bidez. «2019an bulegoa ixteko saiakera egin zuten, eta azkenean irekia mantentzea erabaki bazuten ere, zerbitzua eskaintzeko ordutegia asko murriztu zuten, astean soilik bi orduko zerbitzua eskainiz: asteartetan 08:00etatik 09:00etara eta ostiraletan 13:00etatik 14:00etara. Gainera, bulego ondoan dagoen informazio-kartela orri zuri batekin estalia egon da».

Orain, ordea, zerbitzua erabat kendu nahi du gobernuak, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak erabaki hori hartzeko erabili duen argudioa kritikatu dute lau udalek: «Azken sei hilabeteetan bulegora herritar bakarra joan dela esan du, baina hori guztiz gezurtatzen dugu, herritarren zerbitzura jarritako bi ordu horietan bakarrik oinarritzen den datua delako». Honela azaldu dute lau udalek: «Normalean, herritarrek basozainari deitu eta bulegoan hitzordua adosten dute, eta jendaurreko arreta eta tramite gehien-gehienak horrela bideratzen dira. Datu horiek, ordea, ez dituzte kontuan hartu». Lau udalek oharrean diotenez, «dozenaka izan dira denbora tarte horretan basozainen bulegora etorri diren herritarrak, basozainei kontsultak egiteko, erreketa baimenak prestatzen laguntzeko edota eroritako arbolen egurra eskatzeko, besteak beste. Gainera, bulegoaren kokapen hurbilak herriko mendizainarekin koordinazioa eta herritarrei eskaintzen zaien arreta asko errazten du».

Horregatik, «hilabeteetan zerbitzua ahultzen joan ondoren, zerbitzuaren emaitzak okerrera egin dutela argudiatzea ez da bidezkoa» udalen arabera: «Zerbitzua ahultzeko politikak bultzatu dituzte modu kontzientean, ondoren bulegoaren itxiera justifikatzeko asmo garbiarekin».

Aranoko, Aresoko, Goizueta eta Leitzako udalen irudiko, «baliabideak murrizten direnean horrek eragina izanen duela ukaezina da» eta «aurretik ere eskualdean hainbat zerbitzu publiko murriztu» dituztela gogoratu dute; «ildo horrek kalte izugarria egiten du gure herrietako biziraupena jokoan dugun garai hauetan». Horrez gain, «zerbitzua Irurtzunera zentralizatzeak zonifikazio ikuspegi okerra» ekarriko duela ikusten dute, batetik «zerbitzua gure inguruetako baso guneetatik aldenduko duelako», eta bestetik, «gure eskualdetik kanpo utziko duelako erreferentziazko bulegoa».

«Aldaketa klimatikoa horren argi pairatzen ari garen garai hauetan, basozaintza zerbitzuan murrizketa planteatzea oso larritzat» jo dute lau udalek, eta «Larraun-Leitzaldean elkarlanerako eta ditugun baliabide guztiak gure ingurunea zaintzeko zerbitzuan jartzeko prest gaudela» gaineratu dute.

Horregatik eskatu diote Nafarroako Gobernuari Leitzan duen basozaintzarako bulegoa ez ixtea, eta zerbitzua indartzea, «giza baliabide eta baliabide naturalak haunditu ditzala, eta eskualdean dauden gainerako tokiko erakunde eta eragileekin, hots, udalekin, suhiltzaile boluntarioekin, ehiztariekin, baserritarren batzordeekin eta elkarteekin elkarlana indartu dezala, gure basoen zaintza eta suteen aurkako neurriak indartzeko».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun