Bhutan proiektuaren barne, Goizuetako eta Aranoko eragileek egiten duten lana aitortu nahi izan dute aurten

Ttipi-Ttapa 2022ko abe. 14a, 19:00

Bi herrietako eragileek, komertzioek, tabernek eta bestelako gune hezigarri garrantzitsuek egiten duten lana aitortu nahi izan dute Bhutan proiektuaren aurtengo kanpainan. Helburu horrekin gutun bat bidali eta pegatina bat eman diete. Horrez gain, etxez etxe proiektuaren berri emateko eskuorriak banatu dituzte.

Goizuetako eta Aranoko hainbat eragilek osatutako Bhutan proiektua 2016an jarri zuten martxan, gizarte zerbitzuetatik adierazi dutenez, «zoriontasuna, prebentzioa eta berdintasuna» oinarri hartuta, «herritarren arteko tratu onak bultzatzeko eta auzokideen arteko harremanak sendotzeko» helburuarekin.

Joan den urtean, herritarrek adierazitako behar bati erantzunez, Bhutan proiektua ezagutarazi zuten bi herrietan. «Momentu hori aukera paregabea izan zen herritarrek proiektuarekin lotuta identifikatzen zituzten erronkak zein ziren ezagutzeko». Gizarte zerbitzuen arabera, orduan azaleratu zen «azken urteetan herritarren parte hartzea nabarmenki murriztu dela». Parte hartzea «zaintzaren ardatz nagusietako bat» dela iritzita, «lanketa beharrezkoa zela ikusi genuen».

Hori horrela, Goizuetako eta Aranoko herrietako eragileen, komertzioen, tabernen eta bestelako gune hezigarri garrantzitsuen lana» aitortu nahi izan dute aurtengo kanpainan. «Erleak eztia egiteko prozesuan bezala, eragile bakoitzak egiten duen ekarpenari esker, herri bizia, tratu onez josia eta zaintzailea eraikitzeko alea ereiten da».

Kanpainaren barne, gutuna helarazi diete aipatutako eragileei, baita pegatina bat eman ere, «leku ikusgarrian jartzeko». Etxeetara, berriz, «proiektuaren berri emateko eta herritarrak pegatina duten guneak identifikatzera animatzeko» eskuorriak bidali dituzte, «gune horiek zaintza eta parte hartzearekin lotutako gunetzat identifikatzeko eta dagokien balioa emateko».

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun