Parte-hartzea, herri sentimendua, zaintza, tratu onak, zorion-tasuna... «Galtzen ari garen» halako «balio asko» antzeman izan dituzte Goizuetan eta Aranon. Duela bost urte, ordea, «izaera hori pixkanaka galtzen hasi zela» ikusteak kezka sortu zuen eta, egoerari buelta eman nahian, «herritarren arteko tratu onak sustatzeko eta zaintzaren etikaren balioa azpimarratzeko» Bhutan proiektua martxan jartzea erabaki zuten. Bi herriek Tibet eta India artean dagoen Bhutan herrialdearekin dituzten «antzekotasun handiek» eman zioten proiektuari izena. Geroztik, gizarte zerbitzua eta herrietako eragileak elkarlanean ari dira.
Zein izan zen Bhutan proiektuaren abiapuntua?
Bhutan, ekialdeko Himalaian dagoen estatu ttiki bat da, mendiz inguratua eta beste herrialdeetatik urruti dagoena. Nortasun aldetik, Bhutanen pertsonek herri sentimendu handia dute, parte-hartzaileak dira eta naturarekin duten harremana oso estua da. Bizi kalitatea ez dute Barne Produktu Gordinarekin lotzen, hau da, herrialdearen garapena ez da ikuspegi ekonomikoaren araberakoa. Bhutanen aberastasuna, garapena eta bizi kalitatea herritarren zoriontasunarekin neurtzen dute. Ongizatea ez da gauza materialekin lotzen, emozioekin baizik. Harremanek, emozioek, pertsonen eta naturaren zaintzak hartzen dute garrantzia. Garai hartan gizate zerbitzuetako prebentzio programako teknikaria zen Virginia Landiribar Rodriguezek Goizuetak eta Aranok Bhutan herrialdearekin antzekotasun handiak zituztela ikusi zuen. Baina duela bost urte, aldaketak sumatzen hasi ziren: parte-hartzea gutxitzen, gazteak kanpora bizitzera, herri sentimendua galtzen... Herri zaintzaileen izaera pixkanaka galtzen hasia zela antzeman ondoren, gaur egun Bhutan osatzen duten eragile guztiek egoerari buelta emateko beharra ikusi zuten, eta hortik sortu zen proiektua. Geroztik, goizuetarrak eta aranoarrak zoriontsuak badira, herrietan bizi kalitatea hobetuko dela, herri sentimendua eta parte-hartzea handituko direla eta elkar zaintzea erdian jarriko dutela pentsatuz, motibazio horrekin ari gara lanean.
Zein zaudete proiektuaren atzean?
Hainbat eragile gaude. Goizuetako Xalto eskolako irakasle eta ikasleak, Goizuetako Guraso Elkartea, osasun etxea, Aranoko eta Goizuetako udalak, bertako tabernariak eta merkatariak, Goizuetako Jubilatu Elkartea, Goizuetako Emakume Taldea, Gazte Asanblada eta gizarte zerbitzua. Horrez gain, herritarrak ere proiektuan sartzen ditugu. Eragile eta herritar guztien inplikazioa beharrezkoa da proiektu komunitarioa izan dadin. Herritik herritarrentzat sortua da.
Zein dira helburu nagusiak?
Helburu nagusia goizuetarren eta aranoarren arteko tratu onak sustatzea eta zaintzaren etikaren balioa azpimarratzea da. Horretarako, beharrezkoa da herritarren arteko zaintzen, harremanen eta tratu onen garrantzia nabarmentzea, emozioei duten garrantzia ematea, horiez kontziente izatea eta modu osasuntsuan kudeatzeko estrategiak garatzen laguntzea, baita harremanak izateko eta komunikatzeko modu osasuntsuak garatzea ere.
Nolako bilakaera izan du?
Hasieratik gaur egunera aldatu da, baina helburua eta filosofia mantendu ditu. Hainbat ekintza egin ditugu. Horien artean 0-3 urte bitarteko haurrak dituzten familientzako txokoa; ligatze tailerra gure ligatzeko moduaz hausnartzeko eta modu berriak eraikitzeko; Zuk aukeratu zuk dantza egin lehiaketa musika ez sexista eta inklusiboa bultzatzeko; Tabernetan etxean bezala proiektua tabernak errespetuzko espazioak izateko; Zaintzaileak zainduz taldea eta Osasuntsu zahartu proiektua; eskolarekin egindako zaintzen ginkana; gizon taldea; emakumeen ahalduntze tailerrak; Zaintza pandemia garaian proiektua eta, aurten, eremu digitalean errespetuzko harremanak lantzeko kanpaina.
Proiektuak zer eman die bi herriei?
Bi herrien nortasunaren balioa azpimarratu du, beraien ezaugarriak agerian utziz. Ahultzen ari ziren ezaugarri horiek indartzen ari gara. Emozioei eta tratu onei buruz hitz egiteko espazioak sortzen ari gara, zaintzen inguruko hausnarketak sortu ditugu, zaintzaren garrantzia azpimarratzen eta errespetuzko harremanak sustatzen ari gara. Proiektuak ez die zerbait berria ekarri, baina lehendik zituzten ezaugarriak indartzen laguntzen ari da.
Ongi errotu da?
Lanketa handia egin dugu, baina proiektu osotzat ulertzeko zailtasunak izan ditugu. Bhutan ekintza solteekin lotzen zuen jendeak, ez, ordea, filosofia baten barnean. Horregatik, azken bi urteotan proiektua ezagutzera emateko saiakera berezia egiten ahalegindu gara eta, pixkanaka, herritarren artean errotzen ari da. Izan Bhutan esaten dugunean honakoa ulertzea nahi dugu: zaintza, tratu onak, zoriontasuna eta emozioak kontuan hartzen dituen herritarra izatea.
2019an Nafarroako Gizarte Zerbitzuen Kalitatearen XII. Saria eman zioten Bhutan proiektuari...
Sorpresa izan zen. Pozez hartu genuen eta proiektuan gehiago sinesteko balio izan zigun. Sariak proiektuari merezi duen lekua eta ikusgarritasuna emateko, herrira gehiago hurbiltzeko, irudi korporatiboa lantzeko eta jarduerak motibazio handiagorekin diseinatzeko aukera eman digu.
Joan den urtean Zaintza pandemia garaian landu zenuten. Nolako balorazioa eginen zenukete?
Aldaketa ugari ekarri ditu pandemiak, baina zerbait agerian gelditu bada, hori zaintza eta tratu onak bizitzaren sostengu direla izan da. Zaintzarik gabe ez dago bizitzan aurrera egiterik. Bazen garaia hori ikusarazteko. Balorazio oso positiboa egin genuen, batez ere, pandemiak zaintzaren inguruko hausnarketa orokorra sortu duelako, mugimendu feministak aspaldi hasia zuena. Denok dugu zainduak izateko beharra eta denok izan beharko genuke aldi berean zaintzaile.
Eta aurten eremu digitalari begira jarri zarete. Zergatik?
Hori ere pandemiak ekarri duen hausnarketa da. Lehendik pantailen mundua indar handia hartzen ari zen, baina pandemiak biderkatu egin du. Bat- batean, bideo-deiak, telelana, pantaila bidez aisialdia eta komunikazioa... Ez gaude horrek sortzen dituen arriskuak kudeatzeko edota modu osasungarrian kontsumitzeko prest. Pantailen munduan, zaintza eta tratu onak bultzatzea ezinbestekoa da, mundu erreala eta birtuala ez direlako gaur egun hain ezberdinduak. Eremu digitalean zaintzen badakiten goizuetarrak eta aranoarrak nahi ditugu, pantailen munduan Izan Bhutan filosofia aplikatzeko gai direnak. Arriskuak islatzeko hamar panel handi sortu ditugu aztarna digitala, ziberbullyinga, itxurakeria, ordu kopurua, pornografia, sharentinga, txiste matxistak, pantaila bidezko jazarpena, zurrumurruak eta autoes-timua landuz. Arriskuei erantzuten dien Eremu digitalean zainduz dekalogoa osatu dugu.
Zer dugu gai honetan ikasteko?
Gauza ugari. Mundu birtuala asko garatzen ari da eta gure bizitzan presentzia eta eragin ikaragarria du. Etengabe mundu birtualeko errealitateaz hausnartzea da garrantzitsuena, ezin baitugu berrikuntza ororen jakitun izan. Mundu birtuala begirada kritiko batetik aztertzea, eta ahal den heinean, arriskua prebenitzeko eta onura izateko pautak jarraitzea da gakoa.
Arriskuez jakitun gara?
Batzuetan bai eta beste batzuetan ez horrenbeste. Ikusten dugu, adibidez, ziberbullyinga-ren kaltea, baina badaude horren agerikoak ez diren gaiak. Adibidez, gure mugikorrera ailegatzen den guztia partekatzeko ohitura dugu. Zurrumurru asko zabaltzen dira informazio gisa eta klik egiten badu-gu, gu ere konplize gara. Argi izan behar dugu, bestalde, Interneten debaldekoa den zerbitzu bat hartzen dugun aldiro, askotan gu geu garela produktua. Gure kontsumo ohiturak aztertuz, algoritmoak deitzen diren patroiak egiten dituzte eta informazio hori enpresei saltzen diete. Mundu birtuala kontsumoari begira sortua da. Ez dugu beldurrik eragin nahi, baina geure burua eta besteena zaintzeko hausnarketa beharrezkoa da.
Zein erronka dituzue?
Zaintza, tratu onak eta zoriontasuna bultzatzen jarraituko dugu. Parte-hartzea bultzatzearen ideia buruan dugu, horixe baita proiektuaren aurkezpenean gaineratu zuten behar handienetariko bat, baina erabakitzeko dago bidea. Dena den, Izan Bhutan filosofia egunerokoan aplikatzeko deia egin nahi dugu.
Bhutan proiektuaren atzean herritarrak
GOIZUETAKO UDALA: «Herritarrek berezkoa dute zaintzarako joera»
«Herritarrek berezkoa dute zaintzarako joera: ezbeharren bat gertatu denean borondate izugarria, pandemia garaian jarrera eredugarria… Proiektuak gure herriaren izaera oso ongi definitzen du, eta herria saritu nahi izan duela ulertzen dugu».
AINHOA ANSA ZUGARRAMURDI, ARANO: «Hurbileko proiektua da, ilusioz egina»
«Oso proiektu bitxia eta hurbilekoa da, ilusioz egina. Herri hauen izaeran eta elkarreraginean, komunitate izaeran, errespetuan, eta batez ere denon ongizatea bilatze horretan sentsibilizazioa bilatzen du. Jendearengana gehiago ailegatzea gustatuko litzaidake».
GOIZUETAKO GURASO ELKARTEA: «Esperientzia aberasgarria izaten ari da»
«Esperientzia aberasgarria izaten ari da. Pantailen erabilera eta tratu onen inguruan gurasoen beharrei erantzuteko bidea hasi dugu, eta aurrerantzean proiektuan parte hartzen duten beste eragileekin egin dezakegunaren espektatibak onak dira».
JOXE JABIER ETXEBERRIA SALABERRIA, MEDIKUA: «Merezi du saiatzea eta parte hartzea»
«Gizartea zoriontsu izateko osasuntsu eta alai bizi behar da. Hori asko arin dezakegu elkarri lagunduz, gazteen heziketan, zaharren zaintzan, larrialdietan eta prebentzioan. Proiektuak harremanak indartu eta berriak bultzatu nahi ditu. Merezi du parte hartzea».
GOIZUETAKO EMAKUME TALDEA: «Lanean jarraitzeko erreminta interesgarria da»
«Bhutanen bidez bizi kalitate ona zoriontasunarekin eskutik doala ikasi dugu eta eragile bakoitzak bere eremuan gauza txikiak egiteak herriari osotasunean ale txiki bat jartzen diola. Aurrerantzean lanean jarraitzeko erreminta interesgarria dugu».
ELI SALABERRIA LOIARTE, GOIZUETAKO ESKOLA: «Proiektu zabala eta positiboa da»
«Proiektu zabala eta positiboa iruditzen zaigu, hainbat eremutara ailegatzen delako eta batez ere modu integralean lantzen delako. Besteak beste, Eremu digitalean zainduz erakusketa oso positiboa izan da ikasleentzat, aurretik eskolan landu baititugu gaiak.