Zein helbururekin antolatu duzue Independentzia Eguna?
Independentziarako Indarra dinamika garatzen gabiltza Mendialdean. Euskal Herrian independentismoa bizi-bizirik dagoen mugimendua dela erakutsiz, eta independentziaren aldarria herriz herri garatu diren solasaldien bidez hezurmamituz. Independentzia Egunarekin, berriz, dinamika bera borobildu nahi dugu, jai giroa eta aldarrikapena uztartuz.
Nolako eguna izatea nahi duzue?
Garai batean aipatzen zen martxa eta borrokarako eguna izanen da. Sorturen eta oro har ezker independentistaren bueltan ari garenok ez dugu aspaldian aukera handirik izan jai giroan elkarrekin egoteko eta gure gorabeherak modu informalean partekatzeko. Beraz, ezker abertzaleko kideontzat topagune izatea nahi dugu, horretarako antolatu ditugun solasaldi, bazkari, ekitaldi politiko edota kultur eskaintza baliatuz. Baina hau guztia ez dugu gure komunitateari begira soilik antolatu, jakin badakigulako ezker abertzaletik kanpo independentzia eta eraldaketa sozialaren aldarriekin bat egiten duten herritarrak badaudela eta horiei ere bertaratzeko gonbita egin nahi diegu. Argi dugu independentziarako jauzia eman ahal izateko elkarlanean ari behar dugula.
«Jai giroa eta aldarrikapena uztartu nahi ditugu»
Euskal Herrian independentismoa bizi-bizirik dagoen mugimendua dela diozue. Azalduko zenukete?
Proiektu independentista inoiz baino sendoago dago Euskal Herrian. Instituzionalki independentismoak inoiz izan duen indar handiena du Euskal Herriko eremu administratibo guztietan. TmeLab-ek Euskal Herri osoan eginiko inkestek berresten dute Euskal Estatuarekiko dagoen aldekotasuna. Are gehiago, 2008an lehertutako krisi sistemikotik hona, Europa mailako joera izaten ari da independentismoaren azkartzea, bai Euskal Herrian, bai Herrialde Katalanetan, Eskozian edota Irlandan. Orain ere badirudi Europan burujabetzaren aldeko olatua altxatzen hasiko dela Eskozia eta Irlandatik abiatuta, eta olatu hori hartuz, ahalik eta urrunen heltzea izanen da gure erronketako bat, beti ere nazio gabeko estatu horiekin elkarlanean.
Eta Mendialdean?
Mendialdea ere Europa eta Euskal Herriko joeren isla da, sakoneko joera baita. Horren adibide, Nafarroan independentismoak lortutako emaitzak eta eragiteko duen gaitasuna pentsaezinak zitzaizkigun orain dela urte gutxi. Sakoneko aldaketa hauek Mendialdean eta Nafarroan hainbat esparrutan herrigintzan diharduten herritarren ekarpenaren ondorio dira, izan euskararen alde, izan feminismoaren alde, izan lan baldintza duinen alde, izan trantsizio energetikoaren alde, izan zaintza sistema publiko eta komunitarioa eraikitzearen alde edota izan udalgintzan eraikitzen diren hainbat proiekturen alde. Hori da independentzia indartzen jarraitzeko bidea.
«Independentzia aukera gauzagarria da euskal herritarren kopuru oso handi batentzat»
Herritarrek independentzia posible ikusten dute?
TmeLab-ek Euskal Herrian egindako inkestek 2020ko abenduan ateratako datuen arabera, euskal herritarren % 42,5ek Euskal Estatuaren alde bozkatuko lukete adostutako bozketa batean. Horrek erakusten du independentzia aukera gauzagarria dela euskal herritarren kopuru oso handi batentzat. Aukera hori, gure ustez behintzat indartu egin daiteke Eskozian edota Irlandan independentzia gauzagarria dela frogatzen duten unean. Gainera, Euskal Estatuaren aldeko borondatea adierazi zutenek hautu hori zuzenean lotzen zuten bizitza hobea izan eta politika sozial sendoagoak izatearekin.
Pandemiak nolako eragina izan du independentismoan?
Pandemiak gure bizitzak erdiz erdi zeharkatu ditu. Gure bizitzen zaurgarritasuna aurrez aurre ikusi dugu. Egoera horretan, noski, independentziaren aldeko aldarria lausotu egin da, lehentasunak beste esparru batzuetan kokatu baitira, besteak beste, gure bizitzetan, enpleguan, osasungintzan eta zerbitzu publikoen defentsan, edota zaintzan. Ditugun eskumenak eta burujabetza maila ere maiz zapalduak izan dira estatuek hartutako erabaki politikoen bidez. Independentziarako Indarra dinamikaren helburua aldarri hori gure agendetara ekarri eta gure eguneroko premiekin lotzea ere bada.
«Etsipenaren aurrean, esperantzaren bandera altxatzen dugu, esperantza aktiboaren bandera»
Independentziatik mundu hobea eraiki daitekeela diozue. Zein ekarpen egin dezake independentziak?
Une historiko berezian gaude. Kapitalismoaren garapena zibilizazio krisi bat eragiten ari da. Ezberdintasun sozialak inoiz ez bezala areagotzeaz gain, bizitzaren iraunkortasuna eta planeta bera kolokan jartzen ari da. Potentzia kapitalisten arteko talka eta gerren areagotzeak, krisi klimatiko eta energetikoak, zaintza krisiak edota migrazio masiboek sorturiko krisi humanitarioak eta horien guztien ondorioak sistema sostengaezin bilakatu dute. Egoera makur hau fenomeno meteorologiko bat bailitzan aurkezten digute batzuek. «Ekaitza dator». Eta guk diogu erabaki politiko eta ekonomikoen kate luze batek ekarri gaituela honaino eta egoera honek erantzuleak dituela; IBEX-35a, armagintzaren industria, putre funtsak. Banketxeak, Iberdrola, Petronor, elite ekonomiko eta finantzarioak dira erantzuleak, baita hamarkadetan aplikatutako politika neoliberalak ere. Erantzulea kapitalismoa bera da, azken finean. Eta erantzuleak dira hamarkadaz hamarkada gure herriaren askatasunerako nahiak etengabe zapaldu dituzten estatuak. Baina badago berri on bat: dena alda daitekeela. Aldaketa sakonen garaian murgildu gara, eta horien norabidea da jokoan dagoena. Etsipenaren aurrean, esperantzaren bandera altxatzen dugu guk, esperantza aktiboaren bandera; nazio harrotasunarena; antolakuntza eta borrokarena; elkarlanarena eta herri aktibazioarena; egunerokoan edozein herritarrek egin dezakeen ekarpen politiko eta sozial xumearen bandera. Etsipenera iltzatu nahi gaituztenen aurrean, itxaropena eta alternatiba badagoela hedatzea da une honetako gure ekarpen nagusienetako bat.
Hortaz, itxaropenerako mezua luzatu nahi duzue...
Itxaropen aktiboa da alternatiba gauzatu daitekeenaren bermea. Eta itxaropen eta alternatiba hau, noski, egunerokoan garatu ditzakegun erabaki eta borroketan oinarritzen da. Alternatiba horrek gerraren deseskalatzea, konponbide diplomatikoa eta negoziatua izanen du; energia eta etxebizitza merkatuen interbentzioa; soldaten eta pentsioen igoera; aberastasunaren eta zaintza lanen banaketa erradikala, zerbitzu publikoen indartzea eta zaintza sistema publiko komunitarioaren eraikuntza. Alternatibak estatu propioa izena du, burujabetza aldaketa politiko, ekonomiko eta soziala gauzatu ahal izateko. Azken finean, alternatiba independentzia eta sozialismoa da. Beraz, itxaropen olatu bat altxa beharra dago, kalean zein instituzioetan, dauden aukeren baitan albait aurrerapen, tresna eta, funtsean, albait botere gehien eskuratzeko.
Zein dira bereziki kezka sortzen dizueten gaiak?
Mendialdean Independentziarako Indarra dinamikako solasaldietan nabari den gisara, gure komunitatean eta, oro har, herritarren artean ezinegon handiena sortzen dutenak bizitzaren garestitzea, larrialdi klimatikoa, zerbitzu publikoen ahultzea, zaintza lanen banaketa edota euskararen egoera dira. Horien aurrean, burujabetza gehiago lortu eta nazio nahiz estatu egiturak eraikitzen jarraitzea funtsezkoa izanen da, Euskal Herritik Euskal Herrira. Izan ere, eraldaketa sozialaren ikuspegitik Espainia edota Frantzia eraldatzea ezinezko ikusten dugu. Esaterako, nola garatuko dugu Euskal Herrira egokitutako energia trantsizio eraginkor bat ez badugu energia-politikaz erabakirik hartzen?
«Independentzia Egunean parte hartzera gonbidatu nahi dugu Mendialdeko herritar oro, independentziarako indarra metatzen jarraitzeko»
Zein mezu luzatuko zeniekete herritarrei?
Itxaropen aktiborako deia egiten dugu, gauzak alda daitezkeelako, eta badagoelako alternatiba; eta, noski, borrokarako, elkarlanerako eta herrigintzarako deia egiten dugu. Bide horretan, Independentzia Egunean parte hartzera gonbidatu nahi dugu Mendialdeko herritar oro, independentziarako indarra metatzen jarraitzeko.