Txirrindularitza profesionala utziko du Mikel Nieve leitzarrak

Ttipi-Ttapa 2022ko abu. 30a, 11:00
Argazkia: Michelton

Sare sozialen bidez eman du albistearen berri gaur goizean: «Munduko lasterketarik onenetan 15 urte egin ondoren, urte honen amaieran txirrindularitza profesionalari agur esateko ordua iritsi da», adierazi du. 

Agur mezuan esker oneko hitzak izan ditu Nievek: «Gozamen bat izan da pelotoian txirrindulari handiekin ibili eta pelotoi horren inguruan txirrindulari mundua osatzen dutenekin esperientzia hau bizitzea», adierazi du. 

Bere agurrean 15 urteko ibilbidean ondoan izan dituenak oroitu ditu Nievek: lagunak, taldekideak, taldeetako langileak, zaleak... Baina esker bereziak izan ditu senitartekoentzat: «Batez ere eskerrak eman nahi dizkiet dena eman didaten amari, eta faltan hainbeste botatzen dudan aitari. Baita beti nire alboan dagoen anaiari eta nire seme Daneli ere». 

«Urte ahaztezinak» izan dira bere hitzetan, eta txirrindulari bezala «asko gozatu» duela dio. Hemendik aurrera, aldiz, «beste esperientzia batzuk bizitzeko momentua iritsi da». 

2008an egin zuen debut profesionala Nievek Orbea taldearekin, eta urtebete beranduago hasi zen Euskaltel Euskadi taldean. Bertan aritu zen 2013. urtera arte. 2014an Sky taldean osatu zuen denboraldia, eta 2018 eta 2021 bitartean Michelton Bike Exchange taldean aritu zen. Azken denboraldia Caja Rural-Seguros RGA taldean eman du. 

Palmares oparoa osatu du Nievek, denera bost etapa garaipen eskuratuta: hiru Italiako Giroan, bat Espainiako Vueltan eta bat Dauphiné Libéren. 

Aurtengo apirilean Leitzako herriak omenaldia egin zion Euskal Herriko Itzuliko bigarren etaparen hasieran. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun