Ibai Azurmendi Euskaltel-Euskadiko txirrindularia da. 26 urte beteko ditu ekainean eta 2018az geroztik profesionaletan dabil. Aurtengoa izanen du bere lehen parte hartzea Itzulian. Aitorpen gisa, Leitzako herriaren izenean Eneko Andueza zinegotziak lore sorta eta oroigarria eman dizkio.
Gaurko beste protagonista maiatzean 38 urte egitekoa den Mikel Nieve izan da. Gaur egun, Caja Ruraleko txirrindularia da, baina 2008an Orbea-Oreka SDA taldearekin debutatu zuenetik, Euskaltel-Euskadi, Sky, Mitchelton-Scott eta BikeExchange taldeetan utzi du arrastoa. Dozenaka probez gain, 22 aldiz parte hartu du lasterketa nagusietan eta ez hori bakarrik. Hainbat etapa irabazitakoa da: 2010eko Espainiako Itzulian, 2014ko Dauphiné Criterium-ean eta 2011, 2016 eta 2018ko Italiako Giroan. Nievek egindako ibilbidea gogoan, entrenamenduetako taldetxoak, kuadrillak, udalak eta eskolak oroigarriak eman dizkiote, azken hau semearen eskutik.
Omenaldia borobiltzeko aurreskua dantzatu diete bi herritarrei, tartean Ibairen arreba Maider Azurmendik.
Omenaldia bukatuta, Okille tailerreko langilea eta txirrindularitza zale sutsua den Maite Iturrarte arduratu da zinta mozteaz. Zinta moztutakoan, txirrindulariek, Nieve eta Azurmendi buru zituztela, herrian barrena neutralizatutako bueltaxka egin dute eta herritik ateratzerakoan hasi da benetako lehia.
Itzulia Basque Country txirrindulari lasterketari eguneroko jarraipena eginen dio ERRAN.EUSek Aiurriko Andoni Urbistondoren kroniken bitartez.