Ospakizunez betea heldu da ekaineko azken asteburua Areson

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 22a, 08:00
90eko hamarkadako sanpedroetan Lagunartekoei ateratako argazkia.

Sanjuan suarekin batera festarako txinparta piztuko da Areson. Urteko egunik luzeena eta gaurik motzena, motz gelditu antza eta sanpedroak segidan ospatzea erabaki du Lagunarteak. Hala, ekainaren 23an hasi eta 25era bitarte, hiru egunez luzatuko da festa giroan herrian. 

Ekainaren 23an, 18:00ak aldera, haurrentzako jolasak eta merienda antolatu ditu guraso elkarteak. Ondoren, herri afaria izango da; jatekoa eramateaz norberak arduratu beharko du eta udalak mahaiak eta edaria jarriko dituela jakinarazi du. Afalondoak suak piztuko dituzte. 

Garai batean bezala, sua osatzeko material bilketa etxez etxe egiteko ohitura berreskuratu du guraso elkarteak, eta hala, neska-mutiko talde eder bat astelehenean aritu zen horretan. 

Ekainaren 24an, ostiralean, 17:00etan meza eta ondoren merienda eskainiko du Lagunarteak eliz atarian. 18:30ean herriko eskea egingo dute trikitilariekin eta 21:30 aldera mahaiaren bueltan bilduta afalduko dute gazteek. 

Ekainaren 25ean, larunbatean, egun luzea izango dute aurretik Lagunartekoek. Indarrak hartzeko gosaria egingo dute Pake Toki elkartean eta 11:00 aldera baserrietako eskeari ekingo diote. 18:30ean sagardo dastaketa izango da plazan eta 21:00etan afaria Pake Toki elkartean,

Ondorengo menua izanen dute afaltzeko: sarrerakoak, entsalada, oilasko errea patatekin, jogurt musa, kafea eta pastak, eta kopa. Afalondoan trikitilariak izango dira eta ordu txikiak arte festa. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun