Dena prest larunbatean eginen den EH Mendi Erronkaren VIII. ediziorako

Ttipi-Ttapa 2022ko ekainaren 2a

08:00etan hasiko da 560 lasterkari baino gehiago espero dituen Leitzako mendi lasterketa handia. Ohi bezala bi modalitate izanen dira: 67 kilometrokoa banaka egin beharrekoa eta erreleboka (32,8 km + 34,2 km) bi lagunek osatutakoa. Kasu horretan, gutxienez bikoteko bat emakumezkoa izanen da. Ikusi albiste honen barrenean parte-hartzaileen zerrenda. 

Hilabetetako lanaren ondoren, hemen da Euskal Herria Mendi Erronkaren zortzigarren edizioa. Larunbat honetan, ekainaren 4an, izanen da, eta horren harira, egun osoko pesta antolatu dute Leitzan.

Bezperan, ostiralean, hasiko dira dortsalak banatzen. Lasterkariek 17:30etik 20:00etara Leitzako plazan hartu ahal izanen dituzte. Baina larunbatean ere izanen da horretarako aukera, 06:00etatik 07:30era. Lasterketa 08:00etan abiatuko da eta hori baino hamabost minutu lehenago, 07:45ean, aitzindariak izan ziren andereño euskaldunak omenduko dituzte, «euskarari eta euskal irakaskuntzari oztopoz beteriko garai batean egindako ekarpenagatik». Kontxi Beitia Oiarbide pasaitarra, Izaskun Gastesi Zubeldia gorritiarra eta Kontxi Zabaleta Labaien leitzarra omenduko dituzte.

Lasterketan bi modalitate

575 lasterkari bilduko dira larunbatean Leitzan. Ikusi hemen parte hartzaileen zerrenda. Eta gainerakoan, aurten ere, bi modalitate izanen ditu lasterketak:

  • Ultra lasterketa: Lasterketa honek 67 kilometro eta 7.200 metroko desnibel metatua ditu eta Araitz-Betelu, Larraun-Lekunberri eta Leitzaldean barna ibiliko dira lasterkariak. Hasiera eta helmuga puntuak Leitzan izanen dituzte eta tartean sei kontrol-puntu eta bederatzi anoa-gune pasatuko dituzte. Irumugarrieta izanen da ibilbideko punturik altuena (1.431 m), lasterketako 22.1. kilometroan, hain zuzen.
  • Errelebo lasterketa: EH Mendi Erronka lasterketaren ibilbide bera izanen du, baina emakumeen parte hartzea sustatzeko asmoz bikoteka erreleboetan egin ahal izanen da, eta bietako batek, gutxienez, emakumea izan beharko du. Lehenengo lasterkariak irteera puntutik Putzuzarreko anoa-gunerainoko zatia eginen du (32,8 km). Putzuzarren erreleboa eman beharko dio bikotekideari eta bigarren horrek Putzuzarretik Leitzako helmugaraino gelditzen den zatia eginen du (34,2 km).

15:00etatik 21:00etara lasterkarientzako paella izanen da eta 20:00etan sari banaketa eginen dute. 21:00etan emanen dute bukatutzat lasterketa.

Lasterkariak ikusteko lekuak

Ikusleek lasterkariak ikusteko aukera izan dezaten hainbat punturen berri eman dute antolatzaileek.

HERRIA
EHME KM
LEHENDABIZIKO LASTERKARIA
Leitza 0 08:00
Gorriti 9,6 08:45
Arribe 14 09:15
*Gaintza 18,2 09:30
Albi 27 11:00
Putzuzar 32,8 11:30
Lekunberri 45,5 12:30
Iontza (Beruete) 59,5 13:45
Leitza 67 14:45

*Gaintzara kotxe baimenduak bakarrik joaten ahal izanen dira. Antolatzaileek taxiak jarriko dituzte Arriben Gaintzara joan nahi duten ikusleentzako.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun