Iraitz URIARTE

«EH Mendi Erronka 400 boluntariok eginiko lanaren emaitza da»

Ttipi-Ttapa 2022ko mai. 28a, 09:00
Iraitz Uriarte mendi lasterkaria da eta hurbiletik ezagutzen du EHME; aurreneko ediziotik antolatzaile lanetan dabil.

Iraitz URIARTE INTXAURRONDO, EH Mendi erronkako antolatzailea

560 bat lasterkari bilduko dira ekainaren 4an Leitzan hasi eta bukatuko den Euskal Herria Mendi Erronkan. Bi modalitate izanen dituzte: 67 kilometroko luzea bat eta erreleboka bestea.

«Tiki-taka, tiki-taka, badator EHMEren VIII. edizioa». Bi urteko geldialdiaren ondoren, antolatzaileek halaxe iragarri zuten joan den udan; Euskal Herria Mendi Erronka ekainaren 4an eginen dela. «Ilusioz eta indarrez» egin dute bidea geroztik, eta azken txanpan sartuak dira dagoeneko. Iraitz Uriarte Intxaurrondo leitzarrak kontatu dizkio xehetasunak TTIPI-TTAPAri, eta argi utzi nahi izan du mendi erronka lasterketa baino gehiago dela, besteak beste, «ofizialtasunaren, euskararen, euskal mendizaletasunaren... aldeko aldarria». Baina bereziki «auzolan erraldoia» dela nabarmendu du: «Hau ez da zortzi erok antolatzen duten lasterketa bat, hau 400 boluntarioren lana da».

Aurtengoa zortzigarren edizioa du EH Mendi Erronkak. Nolakoak izan ziren hasierako urratsak? 
Orduko oroitzapen oso onak ditut. Bizkaitar bat Leitzara etorri zen eta hiru bailara lotu gintuen: Leitza, Lekunberri-Larraun eta Araitz-Betelu. Duela hamar urte, hasi ginenean, askok ez genuen elkar ezagutzen, eta orain adiskidetasun handiko taldea osatu dugu. ESAITekin [Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldea] hasi ginen, mendi lasterketen inguruan ofizialtasuna lortzeko, eta ESAIT desagertu zenean, filosofia horrekin segitzea erabaki genuen. Horregatik urtero euskararen alde, euskal mendizaletasunaren alde... egiten duen norbait omentzen saiatzen gara. Gure argitalpenak ere bide horretatik doaz, kirola bai, baina aldarrikapena ere bai. Eta bide batez, neurri batean, eskualde honentzat aberastasun iturri ere bada.  

Nolako bilakaera izan du? 
Oso bilakaera polita. Aurreneko bi urteak non geunden kokatzeko eta lasterketa bat zer zen ikusteko izan ziren. Taldean bi edo hiru lasterkari ginen, eta gainerakoek ez zuten mundua ezagutzen, eta hasierako bi edizioak nolabait lasterketa finkatzeko izan ziren. Geroztik, urtetik urtera gauzak bestelako kontzientziarekin ikustera pasatu gara. Adibidez, azken bost urteotan plastikoaren inguruko kontzientzia barneratu dugu, azken bi urteotan emakumezkoen parte hartzea bultzatzeko iniziatibak egin ditugu eta aurten Bartzelonako gonbidatu berezi bat izanen dugu. Marta Roman gonbidatu dugu, mendian ere transen mundua ezagutarazteko. Urtero zerbait berria sartu eta aldarrikapen bat egiten saiatzen gara.

Lasterkarien egutegian ongi finkatu den lasterketa dela uste duzu? 
Nik uste dut baietz. Aurtengoa kenduta, urtero dortsal guztiak agortu dira, 800 dortsal. Aurten gutxixeago izanen dira, 560 inguru, baina lasterkarien artean finkatua dago. Gainera gehienak urtero-urtero errepikatzen dutenak dira, eta horrek gustatzen zaiela esan nahi du.

Inoiz pentsatu al zenuten horrelako arrakasta lortuko zuenik? 
Ez, inondik inora ere ez. Bigarren urtean lasterkarien profila ikusita, distantziarekin eta desnibelarekin asmatu genuela konturatu ginen. Maratoi bat baino luzexeagoa eta ultra bat baino laburragoa da, erdibideko bat, maratoietatik ultretara salto egin nahi dutenentzako aproposa. Arrakastaren gakoetako bat distantzia da, baina baita boluntarioen lana ere. 400 boluntario ibiltzen dira lasterketan. Auzolanean egiten da eta oso-oso pozik gaude boluntarioen lanarekin. Lasterketa bukatutakoan edo sare sozialen bitartez, lasterkariek beti nabarmentzen dute boluntarioen lana. 

«Bailarako giroa sortu nahi genuen, eta lortu dugu»

Boluntarioen lana bai, baina horren atzean bada lantalde bat... 
Bai, zortzi laguneko lantaldea gara, eskualdeka antolatua. Koordinazioa Leitzan egiten dugu, boluntario gehienak leitzarrak direlako eta lasterketa hasi eta bukatu Leitzan egiten delako, baina Araitz-Betelu eta Lekunberri-Larraungoen lana alde batera utzi gabe. Bailarako giroa sortu nahi genuen, eta lortu dugu. Elkarbizitzarako eta elkarlanerako garrantzitsua da.

Noiz hasten zarete antolatzen? 
Hasieran askoz gehiago kostatzen zitzaigun, eta orain errazago eta azkarrago egiten dugu. Irail edo urri aldera hasten gara prestaketekin, eta azken hiru hilabeteak gogorrak  izaten dira: lasterkariei erantzun behar zaiela, boluntarioak mugiarazi behar direla, erosketak kudeatu behar direla... Hala ere, bereziki gogorrena azken hilabetea izaten da. Ez dago egun bat bera ere mezurik gabe.

«Auzolana mantenduz, ideia berriak garatu behar dira»

Mendi lasterketak modan daude. Mailara eusteak ikararik sortzen al dizue? 
Lasterkariek erabakitzen dute zein lasterketa egin eta zein ez. Garbi dago berritu beharra dagoela, gure filosofia mantenduz eta lasterkariak mimatuz, baina eraldatu beharra dago. Oso garrantzitsua iruditzen zaigu lasterkariek mendi erronka boluntarioen lana dela jakitea, horren atzean etekin ekonomikoak nahi dituen enpresarik ez dagoela ikustea. Lasterkariek nabaritzen dute, eta auzolanaren filosofia mantendu nahi dugu, baina arrakasta izaten jarraitzeko ideia berriak garatu behar dira.

2020an eta 2021ean ezin izan zen mendi erronkarik egin. Berezia izanen da aurtengoa? 
Bai. Bi urteren ondoren, horrelako lasterketa bat berriz martxan jartzea asko kosta da. Indar asko falta genuen, eta neurri batean gogoa ere bai. Pandemiak nekea sortu digu, eta boluntarioen artean ere sumatu dugu. Baina normaltasunera bueltatzeko horrelako ekitaldiak berrartu behar dira, jendea aktibatzeko, elkarlana eta auzolana bultzatzeko beharrezkoak dira.

Aurtengoak badu berrikuntzarik? 
Aurtengoa berraktibatzeko izanen da. Hurrengo urterako aldaketa handiak egiteko asmoa dugu, baina momentuz ez dugu deus aurreratuko...

Otsailaren 1ean ireki zenuten izen ematea. Nola joan da? 
Urtero bezala, aurreneko egunetan oso ongi joan zen eta 500 bat lasterkari apuntatu ziren. Lasterkariek oso gogokoa dute aurreneko egunetan apuntatzea, eta gero, banaka-banaka kopurua igotzen da. Aurten 560 lasterkari baino gehiago edukiko ditugu Leitzako plazan eta oso pozik gaude.  

«Errelebo lasterketarekin emakumeen parte hartzea igo da»

Lasterketan bi modalitate dira: 67 kilometrokoa eta erreleboka (38,8 km + 34,2 km), eta azken modalitatean gutxienez bikoteko bat emakumezkoa... 
67 kilometrokoan 500 lasterkari izanen dira eta erreleboka 60. Errelebo lasterketak emakumezkoen parte hartzeari bultzada handia eman dio. Aurretik emakumezkoen parte hartzea % 5-6koa zen, eta errelebo lasterketarekin emakumezko gehiago ikustea eta mendiko distantziei zieten ikara kentzea lortu dugu. Gaur egun, % 15-16 dira eta oso lorpen handia da.

Eta tartean leitzarrak... 
30 bat leitzar izanen dira, tartean bost emakumezko. Gainera, ez dira normalean mendian ibiltzen direnak, erronka gisa hartu dute eta ilusioz daude. Guretzat ere oso berri ona da.

Zein da lasterketako unerik eta lekurik hunkigarriena? 
Hunkigarriena hasiera izaten da, horrenbeste hilabetetako lanaren ondoren lasterketa ongi hastera doala ikustea. Gero, boluntarioen esfortzuari esker, ziur egoten gara ongi bideratua dagoela lasterketa.

Zein ekarpen egiten dio mendi erronkak Leitzari eta inguruari? 
Turismo aldetik asko ematen dio, ingurua ezagutzeko balio du eta hori aberasgarria da. Bestetik, hasieran erosketa guztiak supermerkatu haundietan egiten genituen, baina orain dela sei urte bertako komertzioetan erostea erabaki genuen. Dena hemen erositakoa da, baita lasterkarien poltsetan sartzen dena ere.

Nolako maila espero duzue aurten? 
Egia esan, ez naiz izenei begira egoten den horietakoa, baina maila izanen dela esan didate. Nik nahiago dut herrikoei edo lasterkari xumeei begiratu...

Elurra, euria, eguzkia, hotza, beroa... Nolako eguraldia nahi zenukete? 
Ateri egitea nahi genuke. Zortzi urte daramatzagu lasterketa hau antolatzen eta ez dugu behin ere eguraldi ona izan. Bost urtetan kristoren euri zaparradak izan ditugu, baita kazkabarra ere; beste bi urtetan bero handiegia izan dugu, eta horren ondorioz, intsolazioak eta deshidratazioak. Eguraldiak ematen dizkigun kolpeak kudeatuz, asko ikasi dugu baina espero dugu aurten ateri egitea eta hotzik ez egitea.  Boluntarioek eta ikusleek ere gehiago disfrutatuko lukete.

«Aurten Nafarroan ikastolen sortzaileak izan zirenak omenduko ditugu»

Aurten omenaldirik izanen da? 
Bai, Nafarroan ikastolen sortzaileak izan zirenak omenduko ditugu. [Kontxi Beitia Oiarbide pasaitarra, Izaskun Gastesi Zubeldi gorritiarra eta Kontxi Zabaleta Labaien leitzarra omenduko dituzte].

Nolakoa izaten da biharamuna? 
Polita izaten da. Egunean bertan dena biltzen dugu eta biharamunean jendeak egun polita pasatu duela entzutean horrenbeste hilabetetako lanak merezi izan duela sentitzen duzu. Lasterkariek ere askotan esaten dute hunkigarria dela eta egindako lan guztiaren ondoren jasotzen dugun saria da biharamunekoa. 

Zerbait gaineratuko zenuke? 
Askotan aipatu dut, baina boluntarioen lana nabarmendu nahiko nuke, alde horretatik lasterketa erreferentziazkoa dela uste baitut. Hau ez da zortzi erok antolatzen duten lasterketa bat, hau 400 boluntarioren lana da. Horiek gabe ezin izanen genuke egin, eta aipamena haiek merezi dute, lasterketan ilusio guztiarekin lan egiten dutelako eta ahalik eta hobekien egiten saiatzen direlako.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun