Erakusketa honen bitartez Nabarraldek «mendeetako historia laburtu eta erakutsi» nahi du, «modu argiz, esanguratsuz, eta batik bat, pedagogikoz». Dioenez, helburua «gure historiaren mugarri garrantzitsuenak erakustea da eta Euskal Herriko historiaren gakoak eskaintzen ditu». Besteak beste, «euskalnafarren habitata eta lurraldetasuna; mugarriak izan diren datak, pertsonaiak, eta gertaera garrantzitsuak modu grafiko argi eta atseginean kontatuak» bildu dituzte.
Erakusketa hamalau panel eta hormako irudiz osatua dago eta maiatzaren 29ra arte, eskolako ikasleek eta irakasleek erakusketara joateko aukera izanen dute, baita eskolatik kanpokoek ere, ondoko egunetan Kultur Aroaren barne izanen diren hitzorduetan.
Dagoeneko Euskal Herriko hainbat txokotan ibili da erakusketa: Auritzen (Nafarroa), Araian (Araba), Oñatin (Gipuzkoa) [Oñatin egindako aurkezpeneko bideoa Goienan], Hernanin (Gipuzkoa), Oionen (Araba)... Orain Leitzak hartuko du lekukoa eta gero, besteak beste, Oiartzunen (Gipuzkoa) eta Astigarragan (Gipuzkoa) jarriko dute.