Agenda 2030. Munduko orden berria eta guk nolako mundua nahi dugu? Izenburu horrekin jardunaldi bat prestatu du Goizuetan herritar talde batek eta horri hasiera emateko, bi hitzaldi antolatu dituzte ondoko bi larunbatetan. Bi saioak herriko etxeko ganbaran izanen dira.Larunbat honetan, apirilaren 23an, Mikel Altzuart abeltzaina gonbidatu dute. Altzuartek Munduko orden berriko nekazaritzaren eta abeltzaintzaren politika izanen du hizpide, 18:00etan.
Apirilaren 30ean, berriz, Juanjo Martinez zirujaua izanen da hizlari eta Covid-19ari eta osasunari buruz hitz eginen du. Bigarren hitzaldi hau ere 18:00etan hasiko da.
Ikuspegiak partekatzeko
Sarran baserriko Teresa Lopez de Munain da antolatzaileetako bat eta adierazi duenez, «azken bi urteotako osasun krisialdia eta kudeaketa, mitoak eta errealitatea» landu nahi dituzte. Gaineratu duenez, «gure herritarrekin elkarrizketa zabaldu nahi dugu denon ikuspegiak partekatuz denon ongia eraikitzeko».