Mikel Altzuart Zaldain

«Hau esperimentu bat da, bertsio ofiziala gezurrez beteta dago»

Ttipi-Ttapa 2021ko urr. 23a, 11:00

«Azken urte eta erdian izan dugun egoerari erantzun antolatua» emateko Euskal Herriko hainbat bazterretako herritarrek Bizitza plataforma  sortu dute, eta horko kidea da Mikel Altzuart Zaldain (Arizkun, 1971).

Konbentzitua dago pandemiaren bueltan emandako «bertsio ofiziala ez dela zuzena». Are gehiago, «gezurrez beteta» dagoela dio eta «horren gibeletik dagoena» azaleratu nahi dute Bizitza plataforman, «osasuna eta askatasuna» aldarrikatuz. Altzuarten hitzetan «txertoa ez da deus saihesteko, zerbait sortzeko da», eta «lehenago edo beranduago ohartuko gara».

Nolako erantzuna izan dute orain arteko mobilizazioek?

Bertsio ofizialak duen indarra eta komunikabide guztietan hori bertzerik agertzen ez dela ikusita, guk ditugun tresnak ez dira hain indartsuak, baina jende pixka bat mugitzea lortu dugu. Uztailean plazaz plaza dinamikak eta Donostian manifestazio jendetsua egin genituen; irailean egindako Irun eta Hendaia arteko besarkadan jende ugari bildu zen eta Iruñean egindako manifestazioa jende aldetik ez zen handia izan, baina kualitatiboki inportantea izan zen, kontuan hartuta gai honekin Nafarroan erantzun sozial ttikiagoa izan dela. Arras ongi atera zen baina ez da inon agertu. Hori ere ohikoa da. Agertzen bagara gutaz gaizki solastatzeko da, eta aldi honetan hori ere ez.

Bertsio ofiziala ez dela zuzena diozu. Zein da zure ustez egia?

Egia osotasunean ez dugu jakinen, baina bertsio ofiziala gezurrez beteta dago, maila guztietan. Maila zientifikoan, erraterako, ez dute kontrastatu nahi eritasuna zer den, zerk sortu duen, bere tratamendua, txertoak deitzen diren esperimentu genetikoen ondorioak... Guztiaren gibelean munduaren aldaketa soziopolitikoa helburu duen globalizazio agenda bat dago, eta hori bizkortzeko pandemia erabili dute. Helburua ez da farmazia-industriak diru pila irabazteko mekanismoa martxan paratzea bakarrik izan, horrekin batera jendartearen kontrola areagotu nahi dute, eskubide sozialak murriztu... Hau esperimentazio bat da eta komunikabideak bidelagun izan dituzte. Munduko bost komunikabide agentzia nagusiak eta farmazia-industria inbertsio fondo beren esku daude eta Munduko Osasun Erakundea horren parte da. Hor dauden fundazio filantropiko guztiek eta farmazia-industriak jendearen osasuna bereganatu nahi dute. Munduko botiken agentzia guztiak farmazia-industriak finantzatzen ditu, baita medikuen kolegio guztiak ere. Ez zaie deus inporta jendearen osasuna. Dena negozioa da.

«Jendea menpean atxikitzeko zoonosia ari dira erabiltzen»

Mikel ALTZUART, Bizitza plataforma

Txertoen eraginaz ez zara fio...

Txertoak edo terapia genikoak  arma biologiko bat baino ez dira. Txertoen edo terapia genikoen konposizioa frogatu gabe jendearekin zuzenean probatu dute. Zerbaiti soluzioa bilatzeko direla erran digute baina ez dute erraten zenbat arazo sortzen ari diren. Farmazia-industriak ez du inoiz onartu botikak gaixotasunen sorburu izan daitezkeela, hori ondotik frogatu ahal izan da. Baina zenbat botika erretiratu ote dituzte. Txertoak eta gainerako terapia hauek bide beretik doaz, ez dira inor sendatzeko. Horregatik erraten dute ez dutela kutsatzea eta gaixotasuna prebenitzen. Prestigio handiko ikertzaileek ohartarazi dute arriskuaz, eta ondorioak epe ertainean edo luzean ikusiko direla. Baina halakoak baztertu egiten dituzte. Ez du zentzurik egiten ari direnak, ez bada aitzinetik planifikatutako esperimentu bat. Mundu mailan orain arte antolatu duten giza eskubideen kontrako atentaturik handiena da.

Nafarroan farmazia-industriak agintzen duela erran izan duzu...

Nafarroan agintzen duena ez da Maria Txibite presidentea. Herrialde guztietan multinazionalek agintzen dute, eta gurean Volkswagenek eta Cinfak. Nafarroako Gobernuak diru publikoa horrat bideratzen du, edozein proiektu dela ere. Kasu honetan, kakotx arteko arazo batekin mundua gelditzea lortu dute. Farmazia-industriak alimaleko indarra hartu du eta txertoekin medikuntza modernoa eta pertsonalizatua garatu nahi dute. Horretarako, ordea, jendarte gaixoa behar dute eta neurri handi batean lortu dute, bai gorputzez bai buruz. Horregatik erraten dut farmaziek kontrolatzen dutela gure osasun mentala eta gure gorputzaren osasuna. Cinfako lehendakariak berak erran zuen lehenago edo beranduago denok gaixoak izanen garela, denok beraien bezero izanen garela. Jendarte materialista eta kontsumista honetan osasuna bertze merkantzia bat da, gaixoak behar dituzte. Argi dago ez dela egiazko zientziarik egiten. Egiazko zientziak jendearen bizimodua hobetzeko helburua behar luke, baina jendea manipulatzeko erabiltzen dute. 

Aspaldiko historia dela uste duzu?

Arma biologikoa erabiltzeko asmoa aspaldikoa da, lehen ere esperimentuak egin izan dituzte, hala nola, hegaztien gripearekin. Bide honetan biologiaren ikuspegi oker bat sartu digute: ingurumena kaltetzen ari garela eta eritasunak animalietatik pertsonetara doazela. Hori ez da horrela, birusak laborategietatik datoz. Txertoak animalien eta pertsonen ehunak esperimentatuz egiten dituzte eta naturak ez du berez espezien arteko muga gainditu, hori laborategietan egiten dute. Kasu honetan zoonosia erabiltzen ari dira jendea menpean atxikitzeko, eta hori mundu ekologistak ere irentsi du. Pandemia tresna bat baino ez da, gehiago ere erabiliko dituzte: zibererasoak, larrialdi klimatikoak.... Etorkizunean ez dute misilen beharrik izanen, helburua bertze modu batera lor dezakete.

Iruñean egindako manifestazioaren bukaerako ekitaldian, Altzuartek hitza hartu zuen.

Baina herritarren gehiengoak txertoa hartu du...

Adin guztietako jendea tranpan erortzen ari da, jakin gabe txertoen eragina zein izanen den.  Politika eta bizi soziala bertze modu batera ulertzera ohituta gaude, eta gu bertze kontuetan distraituak gauden bitartean, gibelean esku beltz bat dago. Larrialdi klimatikoa da horren adibide. Larrialdi klimatikoa gertatzen ari dela sinetsarazi nahi digute, eta horrekin hidrogenoa garatu nahi dute, bazter guztiak eolikoz eta eguzki panelez estali... Gure sentsibilitatean eragiteko komunikabideak erabiltzen dituzte. Orain txertoa hartu ez dutenei deitzen hasi dira. Deitzen badidate farmazia-enpresek txertoen bigarren mailako ondorioez ohartaraziz egindako zerrenda leituko diet, larritasun handikoak direlako, tartean heriotza.

Nola ikusten duzu osasun sistema?

Dezepzio ikaragarria hartu dut osasun munduarekin. Gure osasunaz ari zirela uste nuen, baina lotsagarria da. Ez dakite deus biologiari buruz, ezta mikrobiologiari buruz ere. Mikroorganismoak gaixotasunen sortzaile direla sinetsarazi digute eta guri mikrobioek eman digute bizia, mikrobioz beteta dago gure inguru guztia. Politiko ustelez solas egiten dugu, baina nork ez du bere burua saltzen? Bai kazetariek, baita hezkuntzan ari direnek ere. Gainetik agindutako protokoloak isil-isilik betetzen dituzte. Eta zientzian ere ustelkeria dago. Botikak onartzen dituzten agentziak farmazia-industrian lan egin dutenak edo lan eginen dutenak dira.

«Txertoa ez da deus saihesteko, bertze zerbait sortzeko baizik» 

Mikel ALTZUART, Bizitza plataforma

Zuretzat zein da txertoa ez den bidea?

Ez zegoen txertoen beharrik. Hasieran egia jakitea oztopatu bazuten ere, gerora jakin zen ez zela arnas aparatuko birusa, zerbaitek koaguluak sortzen zituela. Medikuntzak hori gainditzeko tresnak sobran ditu. Badira aunitzez ere eritasun larriagoak. Honek apenas eragin du heriotza-tasan, gripea baino gutiago, baina komunikabideen bitartez beldurra erabili dute. Aginte foroetan daudenek erran zuten zaharrak sobran zeudela, eta 2020ko udaberrian horixe egin zuten. Bistan da, osasuna gure esku dago. Egiazko burujabetza politikoa norberaren osasunaren jabe eginda lortuko dugu, hau da, norbere burua zainduz eta ingurukoena zaintzen saiatuz. Hori ez digute fundazio filantropikoek eta Osasunaren Mundu Erakundeak egin behar. 

Azken aldian haur eta gazteengan jarri duzue arreta...

Gazteengan esterilizazioa dute helburu, espiga proteina esterilizatzeko diseinatua baitago. Gainera, gazteengan arazoak sortzen dituzte: perikarditisa, miokarditisa... Haurrek, berriz, ez dute kutsatzen, baina kutsatu nahi dituzte. Jendeak txertatuta ez dela gaixotzen erranen du, baina gure gorputza ikaragarria da eta desintoxikatzeko mekanismoak ditu. Txertoa ez da deus saihesteko, bertze zerbait sortzeko da, eta ez badugu arrazoirik hobe. 

Zerbait gaineratuko zenuke?

Gaia arras konplexua da. Ikuspegi hau barneratzeko urteak beharko ditugu, baina lehenago edo beranduago ohartuko gara. Zenbat eta jende helduagoa izan orduan eta gehiago kostako zaigu ulertzea eta bereziki sistemak doktrinatutakoei kostako zaie, horien artean zientzia arlokoei, unibertsitatean ematen den doktrinamenduarekin errealitatearen pertzepzio interesatua egiten baita. Uste nuen pandemiak farmazien kapritxoak zirela, baina gibelean dagoena aise itsusiagoa da, erabat transformatu nahi gaituzte. Jendarte honek bertze oinarri batzuk behar ditu. Etorkizuna etxean, inguruan eta herrian eraiki behar dugu, oinarri garbiekin, lurra zainduz, eta gure elikagaiak, elkartasuna, maitasuna eta askatasuna bermatuz. Bidea luzea izanen da eta elkarrekin egon behar dugu; elkarrekin aterako dugu guztia aitzinera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun