Garaipenarekin hasi du profesionaletako ibilbidea Oier Apezetxea goizuetarrak

Ttipi-Ttapa 2022ko mar. 14a, 09:00

Berria txapelketako partidan, Aldaberekin batera, 35-34 irabazi zieten Loitegi eta Zaldua I.ari

Oier Apezetxea Goizuetako erremontista berriak ezin hobe hasi du profesionaletako ibilbidea. Larunbatean zuen estreineko partida Galarretan, Berria txapelketan. Aldaberekin bikote eginez 35-34 irabazi zieten Loitegi eta Zaldua Iari. Honela lau puntu lortu dituzte eta finalerdietatik hurbilago daude.

Galdu arren, finalerdietan izanen dira Loitegi eta Zaldua, lehen partidan erraz irabazi baitzieten Etxarri eta Martirenari. Gauzak honela, Aldabek eta Apezetxeak aski izanen dute Etxarri eta Martirenari 23 tanto egitea finalerdietarako sailkatzeko. 32 tanto edo gehiago eginen balute, taldeko lehenak izanen lirateke Aldabe eta Apezetxea.

Bere estreinako partidan ongi aritu zen Apezetxea. Ongi sakatu zuen eta seguru ibili zen. Piloteoan ere ongi ontsi zuen. Sakez zortzi tanto egin zituen eta lau piloteoan. Bi pilota bakarrik galdu zituen.

Bertze taldean ere finalerdietarako sailkapena lortu zuten Goikoetxea V.ak eta Odeik, Susperregiri eta Aritz Zubiri goizuetarrari 35-14 irabazita. Gauzak honela, Susperregi eta Zubirik, Oskar Urrutia II.a saldiastarraren eta Labakaren kontra jokatuko duten partidan erabakiko da finalerdietara nor sailkatuko den.

Larunbateko emaitzak Galarretan

  1. Goikoetxea V.a-Odei, 35; Susperregi-Zubiri, 14 BERRIA TXAPELKETA
  2. Segurola-Barrenetxea IV.a, 40; Ansa II.a-Larrañaga, 26
  3. Loitegi-Zaldua I.a, 34; Aldabe-Apezetxea, 35 BERRIA TXAPELKETA

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun