ELAk dio Torraspapel lantegian hitzarmen hobea lortzeko aukera galdu dela

Ttipi-Ttapa 2022ko mar. 14a, 08:00

Enpresan lortutako akordioa «oso ontzat» jo du LABek, baina ELAren ustez, «zuzendaritzaren proposamena ez da nahikoa, eta batzordearen plataformatik oso urrun dago».

Lan hitzarmen duinaren alde 22 egunez greba egin dute Leitzako Torraspapel lantegian, ilbeltz bukaeran eta otsail hasieran bost egunez, eta otsailaren 23az geroztik greba mugagabean. Azkenean, larunbatean itzuli ziren lanera, bezperan bozketa bidez langileen gehiengoak mahai gainean zegoena onartu ondoren.

ELAren hitzetan, ordea, «hitzarmen hobea lortzeko aukera galdu» dute lantegian. Bere hitzetan, «grebari esker hasi zen enpresa negoziatzen. Baina zuzendaritzaren proposamena ez da nahikoa izatera ailegatu, eta batzordearen plataformatik oso urrun dago». Gaineratu duenez, «grebaren ondoren langileek ikusiko duten aurrerapen bakarra KPIaren eguneratzea izanen da».

Enpresa batzordean lau ordezkari ditu ELAk (bederatzi LABek), eta ELAk uste du «greba honek beharrezko osagai guztiak zituela Torraspapelen hitzarmen on bat lortzeko: langileen babes masiboa eta produkzioaren erabateko lanuztea». Hala ere, ostiraleko batzarrean egindako bozketan, «% 73k enpresaren proposamenaren alde bozkatu zuela eta % 24ak aurka» egin zuela gogoratu du, eta «penaz ikusten du testuinguru ekonomikoak eta nazioartekoak eragindako beldurrak eta ziurgabetasunak langile askoren botoetan eragin handiagoa izan duela hitzarmenaren edukiak berak baino».

Hain zuzen, horregatik eskatu omen zuen hitzarmenaren aurkako botoa: «ELA ez dator bat LABek duela egun gutxira arte berak markatutako gutxienekora ailegatzen ez zen proposamen bati botoa ematea eskatzeko erabakiarekin». Eta kritikatu egin du «proposamenaren behin betiko testua bozketa baino ordu batzuk lehenago helarazi izana langileei, aztertzeko astirik eman gabe».

Bide batez, langileei zorionak ere eman dizkie ELAk, «hitzarmenaren negoziazio prozesu osoan egindako borrokagatik eta greba arrakastatsuagatik». Bere irudiko, «hori da lan baldintzak eta bizi baldintzak hobetzeko bidea».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun