Larunbatean jokatuko du profesionaletako azken partida Oinatz Bengoetxeak Labriten

Ttipi-Ttapa 2022ko ots. 23a, 18:00

Larunbatean Labriten jokatuko du profesionaletako azken partida Oinatz Bengoetxeak.

Astelehenean garaipena lortu zuen Tolosako Beotibarko despedidan

Lesio baten ondorioz ia hilabete atzeratu behar izan badu ere, ailegatu da Oinatz Bengoetxea leitzarrak pilotari profesional moduan jokatuko duen azken partidaren txanda. Otsailaren 26an izanen da, bere lehen partidaren lekuko izan zen Iruñeko Labrit pilotalekuan. Mariezkurrena izanen du bizkarzain eta Artola eta Aranguren arerio, hondarreko partida horretan.

Tolosako Beotibar pilotalekuan ere agurreko partida jokatu zuen Bengoetxea VI.ak astelehenean. Zabaletarekin bikote eginez 22-17 irabazi zien Altuna eta Mariezkurrenari.

Pilotaleku industrialetan profesionaletan gehiago jokatuko ez badu ere, frontoi ttikiagoetan aritzeko asmoa azaldu dio Ttipi-Ttapari Oinatz Bengoetxeak. Honela, urrian jokatu nahi luke azken partida galtza txuriekin Leitzako plazan. Bere lehen pilotakaden lekuko izan zen hormaren kontra, hain zuzen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun