Eremu digitalean zaintzeko kanpaina abiatu dute Goizuetan eta Aranon erakusketa batekin

Ttipi-Ttapa 2021ko urr. 19a, 20:00

Bhutan proiektuaren aurtengo kanpainan IKT eta pantailetan jarri nahi dute arreta eta hainbat ekintza eginen dituzte Aranon eta Goizuetan. Irudietan erakusketan jarri dituzten posterrak ageri dira.

Joan den urtean hasitako bideari segida emanez, Goizuetan eta Aranon indarrez hasi dute aurtengo Bhutan proiektuaren kanpaina. Iaz zaintzaren alderdi positiboak landu zituzten, eta aurten, IKT eta pantailei begira jarri dira. «Eremu digitalean zainduz» izanen da aurtengo helburu nagusia eta horren harira, pantailen erabilera izan dezakeen «arriskuaz» ohartarazteko hainbat ekintza eginen dituzte bi herrietan.

Azken urteetako eta bereziki azken hilabeteetako joera ikusita erabaki dute gai hori lantzea. Oihane Calderon gizarte zerbitzuetako teknikariaren hitzetan, «azken urteotan eremu digitalak eta birtualak eremu errealari lekua hartu diola esatea ez da berria». Pandemiak, ordea, are eraldaketa handiagoa eragin du: «azken hilabeteotan bereziki pantailak gailendu dira». Konfinamendu garaiko adibideak ekarri ditu gogora: «lagun eta familiarekin bideo deiak, hezkuntzan Chromebookak eta Interneteko sarbidea bermatzeko ahaleginak, aisialdia pantailen bidez...».

Urtebeteren ondoren, «pantailekin hartutako ohitura horiek gure artean geldituko direla ikusten dugu» eta hori dela eta, «arlo honetan hainbat egoera ikusarazteko beharra» ikusi dute, «batez ere hausnarketa bultzatzeko eta zaintza eta tratu onak gailentzeko».

Erakusketa bi herrietan
Helburu horrekin, alde batetik, «mundu birtual eta digitalak gugan duen eraginaz hausnartzen laguntzeko posterrak jarriko ditugu», dio Calderonek. Urriaren 28ra arte Goizuetako kaleetan izanen dira ikusgai, eta ondoren, posterren lekuan dekalogoak jarriko dituzte. Azaroaren 3tik aurrera Goizuetako garbilekuan izanen da erakusketa eta aurretik Aranon, urriaren 29tik azaroaren 1era.

Hitzaldia eta bertso marraztuak Goizuetan
Bestetik, Gurasoak eta seme- alabak pantailen aurrean hitzaldia emanen du Miren Ros hezitzaileak urriaren 25ean Goizuetako udaletxeko ganbaran, 17:00etatik 19:00etara. 3 eta 14 urte bitarteko gurasoentzako izanen da eta parte hartzeko asteazkena, urriaren 20a, baino lehen gizarte zerbitzuetara deitu (948 51 08 40) edo Goizuetako guraso elkarteko helbidera idatzi (g.elkartea@hotmail.com) beharko da.

Tarte horretan haurrentzako zaintza zerbitzua eskainiko dute eta zerbitzu erabili nahi dutenek haurraren izen-abizenak eta adina, eta guraso batekin harremanetan jartzeko telefono zenbakia edo posta elektronikoa eman beharko dute.

Azaroaren 12an, bertso marraztuak antolatu dituzte: Alaia Martin eta Saioa Alkaiza bertsotan ariko dira, Unai Gaztelumendik marraztu bitartean. 18:00etan Goizuetako Udaletxeko Ganbaran izanen da. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun